Egun bete-betea Ahotsenean

Bizkaie! 2018-12-08 09:58   Kulturea

Gatibu, Txapelpunk, Hesian eta Leihotikan egongo dira zuzenekoen atalean.

Gatibu entzuteko iladea, kontzertua hasi baino ordubete lehenago | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azoka egunetan, Ahotsenea eten barik egoten da martxan. Zuzeneko emonaldi musikalak zein barriketaldi lasaiak daukaz bisitariak aukeran. Gaur, zapatua, hilak 8, egitarau potolo horren barruan izen ezagunak sartu ditue.

Goizean goizetik hasiko da, ganera, izarren jantzea. Goizeko 11:00etan, lehenengo txandan joko dau Gatibuk. Texasen grabautako disko barriko abestiak aurkeztuko ditue, ordu erdi inguruko emonaldi labur baten. Egunotan Durangoko erakusmahaian Alex Sardui eta konpainiaren sinadurak eskuratzeko egon dan iladea kontuan izanda, kontzertu jentetsua izango da ziur.

Nogen taldearen txandea izango da gero, Liv Til Døden (Hil arte bizi) proiektua aurkezteko. 12:20an Txapelpunken ordua izango da. Lekeitioko gitarra jole eta abeslariak bere buruari omenaldia egin deutso Zorionak nire partez niretzako disko barrian, bakarkako ibilbidea hasi ebanetik 20 urte bete dituan ezkero. Hasierako urteetan baino baretuago dabil Txapelpunk, baina ez dau indarra eta lotsabakokeria galdu, zaleen gozamenerako. Gandor urdinagaz agertu da egunotan Durangon.

Txapelpunkek baditu zale gazteak

Jente piloa erakarriko dauen beste talde bat Hesian izango da. Hasiera diskoa aurkeztu barri dabe, eta publikoak euren doinu barriak entzuteko lehen aukeretako bat izango dau 13:40ean. Ahotsenean gaur egongo diran beste talde batzuk honeek izango dira: Erabatera, Hara!, McOnak, Leihotikan...

Ahotsenearen barriketaldien atalean be, egitarau indartsua atondu dabe gaurko. Joseba Aurkenerenak zabalduko dau eguna, 11:00etan, Ainara Maia eta Iñaki Martiarenari txandea pasau aurretik. Gotzon Barandiaranek Hitzen ahairea liburua aurkeztuko dau 12:00etan, eta Pello Reparaz musikaria beste alor baten ezagutuko dogu gero, Baloreak egitasmoaz egingo dau berba.

Prosea eta komikiak tartekatuko dira bazkalordutik aurrera. Uxue Alberdi, Eider Eibar, Amorante, Idurre Eskisabel, Dani Fano, Unai Iturriaga eta Alex San Vicente agertuko dira, eta Katixa Agirrek zarratuko dau eguna, 19:00etan, Amek ez dute nobelearen azalpenagaz. Gasteizko gaztetxearen 30. urteurrena gogoratzen daben lanak be lekutxua izango dau arratsaldean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu