'Trobadore punk' bihurtuta dator Txapelpunk

Dabi Piedra 2018-11-23 13:14   Musikea

Gitarrea eta ahotsa dira Zorionak nire partez niretzako diskoaren oinarriak.

Bilboko Bira gunean aurkeztu dau Txapelpunkek diskoa, eta kanta bat jo dau | Ikusi handiago | Argazki originala

Iñigito Txapelpunkek 32 urte daroaz musikearen munduan, beti gitarrea aldean, eta bakarkako ibilbideari ekin eutsanetik 20 urte bete dira. Hori ospatzeko, disko berezia plazaratu dau, Zorionak nire partez niretzako. Berak bakar-bakarrik egindako diskoa da, taldekide barik, gitarrea lagun bakar dauela. Trobadore punk bihurtu da, hortaz.

Biluzik agertzen naz disko honetan, gitarrea eta ahotsa baino ez, baina aldi berean pisu handiko lana dala uste dot, sentimendu bereziz egina dago, emozino pilo bat dagoz hemen, azaldu dau Txapelpunkek. Kantu sentikorrak tartekatu ditu, barru-barrutik ateratako berbakaz. Ganera, gai politikoak, sozialak eta abar be aitatzen ditu diskoko hamar abestietan, baita Kubara egindako bidaiearen gomutak be. Eta, jakina, gitarreari pare bat kanta eskaini deutsaz.

Bateriaren eta baxuaren ekarpen barik, diferentea da Zorionak nire partez niretzako. Baina Txapelpunkek betidanik maite izan dauen rocka da oinarria. Rockaren zuhaitzaren adar guztietan ibili naz, rock, punk, hardcore...

Diskoa sortu ez eze, grabau be bakarrik egin dau Txapelpunkek, etxeko estudioan. Kanta bakotxa, hasi eta amaitu grabauta dago, teknika digitalek dakarren ebagi-pegau eta halakoak erabili barik. Kanta bategaz konforme egon ez, eta barriro joten eban hasieratik, gustura geratu arte. Horrek diskoa organiko bihurtzen dauela dino Txapelpunkek eta, ganera, freskotasuna dauela, akats txiki batzuk igarten diralako kanta batzuetan.

Durangoko Azokako Ahotsenean joko dau Txapelpunkek abenduaren 8an, baina kasu horretan hirukote formatuan. Ondoren, bera bakarrik joango da Eskoziara eta Alemaniara kontzertu batzuk joten, eta munduko beste txoko batzuetara be eroan nahi dau bere musikea.

Horrenbeste urte eta gero, bere buruari egindako oparia da Zorionak nire partez niretzako. Omenaldia be bada, beti lagun izan dauen gitarreari: Gitarrea niretzat bizirik dago, biok gara bat. Diskoaren azalean garbi agiri da idea hori.

Diskoaren azala

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu