VII. Berbagunea martxan

Bizkaie! 2018-11-27 12:15   Euskerea berbagai

Euskerea kalera atera eta gizarte elebiduna lortzea dira asmoak.

Berbagunea, aurten, Euskaraldiaren barruko ekitaldia da. Horregaitik, egun osoan, euskaltzaleak eta euskera-ikasleak Berbagunearen zazpigarren edizinoan parte hartzen dabiz. Honako ekimena Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sortu dabe, Bilboko euskaltegi-sareagaz batera, topagune modura, euskerearen ohiko erabilerea sustatu, gizarte elebiduna lortu eta euskerearen ohiko erabilerea handitzeko asmoz. Belarriprest eta Ahobizi rolak hartu dituenak Azkuna Zentroan batzartu dira. Horregaitik, 09:30etik 19:30ak arte, euskera-ikasleak euskeraz dagoeneko berba egin eta hizkuntza hau erabilten dabenakaz giro lasaian batu dira mahainguruan, euskeraz berba egiteko helburuagaz. Berbagunearen helburua euskerea plazaratzea da, kale-erabilerea handitzeagaz eta haren ohiko erabilereak dauen garrantzia autortzeagaz batera, bilbotar guztien ondaretzat hartzea euskerea. Euskerea plazara ateratzea da erronkea; horretarako, euskaltzaleak eta euskera-ikasleak batu ditue.

Euskerearen aldeko hitzordu garrantzitsu honetara Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariez gan, kulturearen, ekonomiaren, kirolaren edo politikearen zenbait arlotako lagunak dagoz.

Euskeraz berba egin, euskerea euskeraz partekatu lelopean, euskerea plazara atera eta edade zein ezaugarri guztietako herritarrak zenbait gairen inguruan euskeraz berba egiteko batzea da ekimenaren helburua.

Berbagunean, gaur, euskerea ulertzeko eta hizkuntza horretan berba egiteko kapaz diran mila lagunek bat egingo dabe. Jarduerea egun osoz egingo da Azkuna Zentroaren atarian, lau txandatan banatuta; lehenengoa 9:30etik 11:00ak artekoa izango da; bigarrena, barriz, 11:00etatik 12:30ak arte; hirugarrena, 12:30etik 14:00ak arte; eta laugarrena, 18:00etatik 19:30ak arte. Lehenengo txanda bietan, Euskaltegietako eta Bilboko zenbait ikastetxetako ikasleak ibili dira. Azken txanda bietan, batez be, parte hartu nahi daben herritarrak egongo dira.

Txanda bakotxean, antolakuntzeak sei laguneko taldeak osotu ditu, aurrez ezarritako gai baten inguruan berbetan egoteko. Horretan hogei minutuz egon eta gero, beste mahai batera joango dira beste gai bati buruz berbetan jarraitzeko. Bitan aldatuko dabe mahaiz txanda bakotxean. Holan, parte-hartzaile bakotxak hiru gai ezsbardini buruz berba egingo dau. Horretarako, parte-hartzaile bakotxak eskuorri bana jasoko dau, berbagai izango dituen gaiakaz.

Aurten, Zuriñe Hidalgo telebista-aurkezlea eta kantaria izango da Berbagunearen moderatzailea. Ganera, mahai bakotxean gaia proponidu eta alkarrizketea modertuko dauen arduradun bana egongo da.

Berbagunea urtean behin baino ez da egiten, baina haren helburua, urteko 365 egunetan euskeraz berbetan ibiltea da, bizitzaren arlo guztietan eta normaltasun osoz. Bilbon euskeraz bizi nahi dogu eta horren adibidea izan da aurtengo Berbaguneak izandako harrera ona.

Berbagunearen laguntzaileak: El Corte Ingles, Kutxabank eta Deia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu