Eñaut Elorrieta: 'Nire ibilbidearen argazki eguneratua da proiektu hau'
2018-11-05 08:00 BarriketanAbeslaria.
Ken Zazpi taldeagaz ibilbide arrakastatsua bete eta gero, bakarkako proiektuetan sartuta dabil azkenaldion Eñaut Elorrieta. Harian aurkeztu barri dau, Kaabestri String Ensemble hari boskoteagaz batera martxan jarritako proiektua. Ohiko pop-rock doinuak alboratu, eta musika klasikoaren eremuan sartu da.
Zuzeneko proiektua da Harian, disko fisikorik ez dabe argitaratuko, lau abesti grabau eta interneten entzungai jarri dituen arren. Bilboko Arriaga antzokiko estreinaldiaren ostean, hurrengo hileetan Euskal Herriko antzoki ugaritatik pasauko dira Elorrieta eta Kaabestri String Ensemble.
1.- Proiektuko lehenengo kontzertua, Arriaga Antzokian, urriaren 28an emon zenduen. Zelako gaua izan zan?
Oso sensazino onagaz geratu nintzan. Estreinaldi batek beti dauka tensino gehigarri bat, eta Arriaga lepo bete zan, ez zan kontzertu bat gehiago izan. Proiektu honek ur ezezagunetara eroan nau, nire ibilbidean beste pausu bat da. Sentidu neban publikoaren babes ikaragarria, agertokian oso eroso egon nintzan, eta hari boskoteagaz oso gustura. Kontzertua amaitu zanean, poz handia neukan barruan. Hurrengo kontzertuetarako indarra emon deust.
2.- Zelan sortu zan Kaabestri String Ensemble boskoteagaz lan egiteko aukerea?
Esperientzia barri bat bizi izateko gogoa neukan, esperimentazinorako. Helburua zan kantari legez haztea eta ahotsari leku zentrala emotea. Lehenago be Kaabestrikoakaz lan eginda nengoan eta holako proiektu baterako interesgarria egiten jatan kultura klasikoko jentea inguruan izatea. Ganera, eurak oso edegiak dira, gauza barriak proponiduteko eta alkarlanean ibilteko orduan. Bestetik, hari boskoteak beti deitu izan deust atentzinoa, osotasun bat sortzen dauela begitantzen jatalako. Iraganean beti egin dot lan pop-rock instrumentuakaz, energia elektriko bategaz. Gogoa neukan biluzteko, hori guztia eranzteko, eta modu barriak probetako. Hari boskoteak aukera parebakoa eskaini deust horretarako.
3.- Ahotsa lantzeko modua, teknikea... goitik behera aldatu behar izan dozuz. Zelan egokitu zara?
Prozesu edegia da, zuzeneko bakotxa joko-zelai barria da. Egia da hariagaz eta egurragaz giro organikoagoa sortzen dala, horrek eroaten nau ahotsa, eztarritik baino, tripatik ateratzera. Uste neban ahotsagaz espazio asko bete beharko nebazala kantuetan, pop edo rock klasikoko egitasmo baten baino babes gitxiago izango nebala. Ba, guztiz kontrakoa izan da, espazioak hutsitutea erronka bat izan da. Gero, erritmoarena be hor dago: Orain arte, erritmo zehatzagaz lan egin dot, bateriak, baxuak eta bonboak markautakoagaz, eta orain askoz malguagoa eta aldakorragoa da. Horrek askatasun handiagoa emoten dau, askatasun horretan bertigoari aurre egitea erronkea izan da, eta oraindino bada. Azken baten, harizko sei instrumentu gara, ahots-kordak be harien modukoak diralako. Interpretazino bakotxean, seirak instrumentu bakar bat izatea da helburua, sei harizko instrumentu bakar baten moduan funtzionetan.
4.- Errepertorioan kanta zaharrak eta barriak sartu dozuz. Zer topauko dau entzuleak?
Errepertorioa nire ibilbidearen argazki eguneratua da. Nik orain arte konposatu izan dodazan kantuak batzen ditu, eta beste bost-sei barri, sekula jo bakoak. Lau kantu grabau doguz, proiektuaren erakusgarri, egiten gabizana erakusteko. Lau kantu horreek ez dira danak barriak, kontzertuen kontzeptua laburtzen dabe, zelanbait esateko. Badagoz barri-barriak diran bi, Tren luzea eta Sakonki, Sarrionandiaren eta Jorge Oteizaren berbakaz egindakoak: gero badago Itoizen As Noites da Radio Lisboa-ren bersino bat, eta Ken Zazpirentzat sortutako Hemen gaude kantuaren bersino bat be bai. Kantu zaharrak dira, jantzi barriez jantzita.
5.- Kantak formatu barri honetara egokitzeko, laguntzino parebakoa izan dozu.
Batez be, Fernando Velázquez ibili da moldaketak egiten. Juan Carlos Perezek As Noites da Radio Lisboa-ren moldaketea egin dau, kantu hori berak abesten eban Itoizen sasoian eta oso berezia izan da. Carlos Monfortek Hemen gaude egokitu dau. Mimo handiz jagon dogu prozesuko atal bakotxa, oso garbi neukan hasieratik proiektuaren ertz guztiak jagon nahi nebazala. Jente onenagaz lankidetzea eskatzen dau horrek.
6.- Lau kanta grabau dozuez, eta interneten entzun leitekez. Funtsean, baina, proiektu hau zuzenekoa da. Zerk emoten deutso proiektuari zuzeneko izakera hori?
Beharbada, ez neukan gogorik lehendik argitaratuta egozan abestiakaz barriro beste disko bat ateratzeko. Kantu barriakaz bai, lantzen nabil beste disko bat, hurrengo urterako. Ganera, erreferentzia batzuk be izan dodaz: Elvis Costelloren The Juliet Letters eta Silvia Perez Cruzek hari boskote bategaz egindako kontzertuak eta diskoa. Disko horreek entzutean, sumatzen neban formatu hori zuzenekorako aproposa zala, disko baten ez da ikusten zer jazoten dabilen, eta hor indarra galtzen zan. Horregaitik, hasiera-hasieratik zuzenekorako proiektua izan zan hau.
7.- Aurrerago be ez dozue proiektu honen diskorik aterako? Beharbada zaleek eskatuko deutsue.
Alde batetik, badaukat halako pena bat, hari boskoteagaz hamasei kantu landu doguz, eta hori erregistrauta ez geratzea etorkizunerako. Beharbada, hemendik hamar urtera pentsauko dogu hori gorde egin behar zala. Bestetik, jenteak be eskatzen dau, niri eskatu izan deuste. Ez dakit, hau proiektu edegia da, orain buruan ez daukadan arren, ate hori ez dot zarratuko. Diskorik ez badago be, horrek emoten deutso edertasuna proiektuari, bizitzearen moduan, jazoko da eta pasauko da, eta entzun nahi dauenak zuzenekora etorri beharko dau. Horrek distira berezia emoten deutso egiten gabizanari.
8.- Udabarrira arte emongo duzun kontzertu bakotxa desbardina izango da?
Prozesu edegia da, eta orain beste fase baten sartu da, publikoagaz hartu-emonean hasi garelako. Nik uste dot garatzen joango dala, ederra izango da. Zuzenekoetan kantak garatzen joatea beti pasetan da, baina lehenago disko bat grabauta badaukazu, beti dago erreferentzia sendo bat, eta kasu honetan ez. Horrek askatasuna emongo deusku.
9.- Aurrerantzean bakarkako ibilbidean sakonduko dozu, ala Ken Zazpi taldearen barri izango dogu laster?
Orain nire bakarkako ibilbideari emoten deutsat lehentasuna. Deserriko kantak izan zan lehenengo pausua, Harian proiektu hau da bigarrena, eta orain buru-belarri nabil beste disko bat sortzen: Sukalde lanean nabil, kantuak idazten. Datorren urtean aterako dot nire bigarren bakarkako lana. Horrek dira epe labur eta ertainerako planak, eta gero gerokoak, ikusiko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!