Eñaut Elorrietak estilo klasikora jo dau 'Harian' proiektuan
2018-10-16 13:35 MusikeaKaabestri String Ensemble boskotea lagun, birea hasiko dau urriaren 28an.
Eñaut Elorrietak bide barriak topetako gogoz ekin deutso proiektu barriari. Harian izenburupean, doinu klasikoetara jo dau orain, Kaabestri String Ensemble hari-boskotearen laguntzinoagaz. Bere ibilbideko hainbat abesti egokitu ditu formatu barrira, eta proiekturako beren-beregi sortu ditu beste batzuk. Urriaren 28an Bilbon hasiko dan biran entzun ahal izango da hori guztia. Ganera, lau abesti grabau ditue, interneten zabaltzeko.
Kasu honetan, diskoan baino, zuzenekoan ipini dau indarra Elorrietak, publikoa zuzeneko emonaldietara eroateko asmoz. Erronka gogorra izan da hari-boskote bategaz lan egiten hastea. Esperientzia barria bizi nahi izan dot, bide barriak topau, batez be ahotsean, adierazo dau. Kantari legez haztea eta ahotsagaz olgetako espazio barriak topetea dira helburuak.
Honeek dira Kaabestri String Ensemble-ko bost kideak: Oscar López, Igor Torre, Arkaitz Martínez, Jon Larraz eta Paloma Torrado. Eñaut Elorrietaren arabera, jente edegia da, baina onartu dau musika klasikoaren erritmora eta ezaugarrietara egokitzea ez dala erraza. Oso barruan neukazan kantuak berrikasi behar izan dodaz. Giro organikoagoa dala dino, eztarritik ez, tripatik kantau behar dot orain. Harizko tresnak dira proiektuaren ardatza, eta gitarrea anekdotikoa baino ez dala dino Elorrietak, kantu bitan baino ez dau sartu.
Aurreko diskoetako abestiak sartu ditue Harian proiektuko errepertorioan, baita orain sortutako beste barri batzuk be. Azken horren artean, Jose Luis Otamendiren eta Jorge Oteizaren poema banatatik abiatuta idatzitakoak dagoz. Fernando Velázquez, Carlos Monfort eta Juan Carlos Pérez arduratu dira errepertorioko pieza guztiak estilo klasikora egokitzen. Dana dala, Elorrietak uste dau zarratu bako prozesua dala hau, kantek eboluzinoa izango dabelako kontzertuak jo ahala.
Lehenengo emonaldia Bilboko Arriaga Antzokian emongo dabe Eñaut Elorrietak eta Kaabestri String Ensemble-k, urriaren 28an, domekan. Hurrengo hitzorduak honeek izango dira: Oñatin (zemendiaren 18an), Donostian (zemendiaren 23an), Hondarribian (abenduaren 23an), Iruñean (zezeilaren 1ean), Santurtzin (zezeilaren 2an) eta Mungian (zezeilaren 16an). Udabarrira arte, kontzertu gehiago lotzeko asmoa dabe, birea Euskal Herri osora eroateko.
Disko fisikorik, ostera, ez dau plazaratuko orain Eñaut Elorrietak. Hari-boskoteagaz era honetako proiektu gitxi dagoz, nik Silvia Pérez Cruzena eta Elvis Costellorena ezagutzen dodaz, eta biak dira zuzenekoari oso lotuak; horregaitik erabagi dot diskorik ez ateratzea, azaldu dau. Dana dala, Harian proiektuko lau kanta grabau egin ditue, eta interneten ipiniko ditu entzungai. As noites da Radio Lisboa kantuaren bideoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!