Bonaparte eta Duvoisin beste ikuspegi batetik aztertu ditu Kepa Altonagak
2018-10-23 09:24 KultureaEuskerearen arloan izan zituen desadostasunak argitara atera ditu idazle bizkaitarrak.
Euskerea aztertzeko eta garatzeko orduan, eragile garrantzitsu bi izan ziran XIX. mendean Bonaparte printzea eta Duvoisin kapitaina. Alkarri idatzitako gutunak aztertu ditu Kepa Altonagak Duvoisin kapitainaren malura saiakeran (Pamiela), eta orain arte uste izan danaren kontra, bien artean tirabirak egon zirala azaltzen dau bertan. Batez be, euskereari emon beharreko funtzinoan eta izakeran izan zituen desadostasunak.
Bonaparte printzearen eskutitzak irakurrita, Altonagaren ondorioa zera da: Harentzat, euskerearen balioa filologikoa zan, hizkuntzea altxor bat balitz legez ikusten eban, aztertu eta gorde beharrekoa, baina ez alderdi kulturaletik garatu beharrekoa. Horretarako, beste hizkuntza batzuk (frantsesa, gaztelania, latina...) aproposagoak ikusten zituan. Hortaz, Bonapartek, modu inplizituan, subordinazinoa nahi eban euskerearentzat, Altonagaren ustez.
Duvoisinen ikuspegia bestelakoa zan, eta Altonagak gutunetan ikusi dauenez, alkarri bialdutako eretxietan agertzen zan desadostasuna. Euskeraz literaturea sortzea beharrezkoa zala inoan Duvoisinek, kultura-hizkuntza izatea gura eban. Dialektologia eta literaturea bereizten zituan kapitainak. Altonagak euskera supradialektala deitu dauena helburu eban Duvoisinek, hau da, dialektoen ganetik egongo zan hizkera literarioago edo kultuago bat, batuagoa.
Bonaparte printzeak euskerearen ikerkuntzan, batez be dialektologian, egindako ekarpenakaitik itsututa egon garela azaldu dau Altonagak. Baina irudi horren atzeko errealidadea erakutsi dau liburu barrian. Duvoisin kapitaina ez eze, Bonaparterentzat barri-emole ibili ziran batzuek be (Klaudio Otaegik, Johane Arxuk eta Uriartek) haregaz gorabehera batzuk izan zituela nabarmendu dau.
Duvoisinen amesagaz bat eginaz, Kepa Altonagak euskera supradialektala behar-beharrezkoa dala aldarrikatu dau, eta hori praktikan ipinten ahalegindu da Duvoisin kapitainaren malura liburuan. Gaur egun, euskera batua da horren oinarria, baina Arantzazuko batzarra baino lehenago be, idazkera jasoa behar izan eben idazleek zelanbaiteko hizkera supradialektalak eratzen ahalegindu zirala aitatu dau. Hau da, uste danaren kontra, ez zituen euskalkiak erabili, gaur egun euskera batuak beteten dituan zereginetarako.
Euskerazko prosa landu baina ulergarria erabilten ahalegindu da Altonaga liburuan. Euskera praktikablea behar dala aldarrikatu dau, aberatsagoa. Hain zuzen be, prosa bikain lantzeagaitik eta dibulgazinoan egindako ahaleginagaitik, Euskadi Literatura Saria irabazi barri dau Kepa Altonagak, Patagoniara Hazparnen barrena liburuagaitik. Duvoisin kapitainaren malurak lanak be, horreek ezaugarri biak ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!