Josu Gaminde: 'Sokatirea bizimodua da niretzako'
2018-10-15 08:05 BarriketanGaztedi Sokatira Taldeko nesken entrenatzailea.
Denporan atzera egin ezkero, itsasgizonen mundura egin beharko geunke, barkuak zirgatik tiraka erabilten zituelako portuetan; horrezaz gan, balearen arrantzeagaz be bada loturarik, izan be, barkutik kanpora eroateko makinatxu bat lan egin behar zalako. Laukizen, barriz, itsasorik ez dagoan arren, upelako indarra dauka sokatireak; suka zeltiarra, latin berantiarreko soca eta gure soka...
Sokatirearen ganeko jakingarriak eta oraintsu Lurmutur Urian (Hego Afrika) irabazitako dominen ganean Josu Gaminde laukiztarrak, nesken entrenatzaileak, emon deuskuz ondoko azalpenak:
1.- Oraintsu zazpi domina ekarri dozuez euskal tiralariek Hegoafrikatik, Lurmutur Uritik. Zazpi domina: hiru Euskal Herriagaz lehiatuta eta beste lau klubekin... Ez da marka makala
Ez. Oso pozik etorri gara. Hemendik kanpora zoazenean ez dakizu zerk urtengo dauen eta zazpi domina ekartea ez da marka txarra. Beti geratzen gara apur gehiagoren faltan, urrea beti buruan eta lastimea izan da.
2.- Goiherrik eta Gaztedik irabazi zituen lehenengo bi dominak, biak gizonezkoen 560 kiloko proban, semifinaletan. Erandioko taldeak zidarrezkoa irabazi eban, eta, Laukizkoak, brontzezkoa. Hurrengo egunean, Gaztediko emakumeek zidarra eskuratu eben 540 kiloko lehian, eta, Goiherriko gizonezkoek, brontzea 640 kilokoan. Eta selekzino mailan, Euskal Herriak beste hiru domina ekarri ditu etxera: brontzea emakumezkoen 500 kiloko proban eta beste bi zidar gizonezkoetan, bat 720 kiloko mailan eta bestea 560 kilokoan. Talde mistoan zein zan esperantzea?
Orain urte bi mundiala irabazita, klub mailan hirugarren egin genduan eta aurten be esperantzea zan klub mailan markea hobetzea. 560 kilotan Goiherrigaz batu semifinaletan eta eurek irabazi eben; finalean, barriz, atzera; esperantza gehiago geunkazan eta laugarren geratzea ez zan nahikoa guretzako, lehenengo eguna ez zan ona izan, baina apurka-apurka gorantz egin genduan.
3.- Euskal Herritik lau talde joan eta zazpi domina irabazi dozuez. Balantzea ona da...
Bai. Marka ona da, sinistezina. Mutriku be etorri zan; lar ondo ez dabiz baina sano gatxa da taldea osotutea, urteen porasuz ez bada. Gora eta behera ibiltea ia normala da eta holan gabiz. Datu lez esango deutsut Suitzan lau mila fitxa dagozala eta guk 200 inguru baino ez daukaguz. Hego Afrikan beste 4 mila izango dira.
4.- Mundu mailan zeintzuk dira gogorrenak, onenak?
Suitza nabarmenduko neuke, kantera ona dabe eta urte batzuk eskasagoak izan arren, gazte mailan eta 23 urte azpikoen artean, beti dabiz goiko postuetan. Aurten, 640 kiloko tiraldian eurek irabazi dabe. Alemania be beti dabil ondo, aurten Suitzan entrenatzen ibili ostean. Ingalaterra be ez da talde txarra, tiralari gazte gitxi ditue baina hor ibili dira. Irlanda eta Ipar Irlanda be ez dodaz ahaztuko, diru faltan iparrekoak aurten egon ez badira be.
Herrialde guztietan diru arazoak izaten dira, amateur mailan gabiz eta pentsaizu ez dala bape erraza hiru talderen artean ehun eta piko persona batzea. Kanpora goazenean, diru asko behar da hegazkinak, dietak eta enparauak pagetako.
5.- Gazteak behar dira sokatiran eta motibauta badagoz hobeto. Litri 1976an hasi zan tiratzen Laukizko Gaztedi taldean. Zu zeu tiralaria izan zinan eta orain nesken entrenatzaile zabiz. Zer emon deutsu sokatireak?
58 urte daukaz Litrik, neuk baino dozena bat urte gehiago eta oraindino tiratzen segiduten dau. Ni neu ez nago tiratzeko. Dialisiak, trasplantea eginda daukat eta ezin izan dot tiratzen segidu. Urte batzuetako etenaren ondoren, Litri, Mardaraz, Juan, neu eta beste batzuk hasi ginan 2003an dana atontzen, behe-behetik dana abiarazoten.
Sokatirea bizimodua da niretzako; 15 urtegaz hasi nintzan tiratzen eta hor ibili naz oso gustora, ordu asko dira preparetan, kanpora bidaiak atontzen eta oso gustora.
6.- Laukizeko Gaztedi sokatira taldean zenbat zabize gaur egun? Zenbat jente, zenbat talde?
Mutiletan 21-22 bat gabiz eta neskak 15, 16 buelta horretan.
Dana egiten dogu geuk, bota barriak, txapak, diru-laguntzinoak kudeatu, kristolako lana.
7.- Tiralari ona izateko zer behar da? Pisua, teknikea, estrategia?
Pisuari ez deutsagu larregi erreparetan, 70eko bataz bestean edo ibilten gara, ez daukagu gorputzik 640 kiloko kategoriarako. Zortzi lagunen artean 80 bat kilo dira bakotxak euki beharko leukezanak eta hori sano gatxa da guretzako. Nuarbe egon zanean eta klub mailan irabazi be egin genduan baina oso gatxa da.
Ganerakoan, buru hotza eta teknika onaren jaube izatea dira sokatiralari onaren ezaugarriak. Atara kontuak, tiradak sarritan 10, 20 eta 30 minutu eta hortik gora be joaten dira eta nik neuk 56 minutuko tirada bat daukat gogoan. Egun, barriz, tiradak luzeak badira, lurrez aldatzea izaten da erabagia, gehienetan ikuskizunaren mesedetan. Holako tirada luzeak egiteko nahitaezkoak dira burua argi eta maila fisiko bikaina izatea, gerria, izterrak eta gogor euki behar dira, deskantsu handirik ez da egoten eta endredau ezkero hor eroaten zaitue dandarrez.
8.- Goma gainean eta lur gainean, teknika desbardinak erabilten dozuez, zapatak, botak, zelako tresneria erabilten dozue?
Goma gainean zapatilak erabilten doguz, azken aldion birziklautako gomakaz eta ibilten gara jokuan, ez geu bakarrik, baita txinatarrak eta irlandarrak be. Bat Formulan lez, bakotxak bere tranpak daukaz, goma biguna, gogorra, bustita dagoenerako... Arlo honetan be ikerketa lan sakonak dagoz, ez pentsau. Zapatila bakotxak 20 euro balio ditu eta entrenamentuetarako be behar izaten doguz, diru piloa gastetan dogu.
9.- Entrenamentuak zelakoak izaten dira?
Egunero ikasten da zeozer, ikusi eta ikasi, badakizu.. Teknikea asko aldatu da azken urteotan, lehen gerria erabilten genduan golpea joteko eta gaur, barriz, izterra da gehien erabilten doguna, hor dago indarra eta eutsi ezkero, ondo.
Gu geu polean ibilten gara asko, beti tiraka eta teknikea landu ostean, zelan erasoa jo, nondik, orekeari eusteko ariketak, ez jausteko motibazinoa landu... Goma gainean artez, aurrez aurre egiten da eraso baina lurrean, ezkerretara zein eskuinera joten da sarri eta alboz tiratzea da normalena. Botak be bereziak dira lurrean tiratzeko, takoian burdinezko txapatxuakaz eta.
10.- Bihar etzi non ikusten dozu sokatirea, Joku Olinpikoak be tarteko dagoz...
Urte asko daroaguz hemen eta ez dago jakiterik zer pasauko dan. Goma gainean dabil jente gehiago eta urte birik behin baino ez da egiten mundiala; lurgainekoa dago, akaso, mundu mailan hobeto ikusita ze hor egiten da, berbarako, Europa mailako txapelketea.
Jente gaztea behar da eta gitxi dira animetan diranak. Suitzan, Hego Afrikan, barriz, jente asko dabil, kategoria danak dagoz horniduta.
Azken buruan, gogoan izan 2020an hemen Getxon daukagula Munduko Txapelketea eta oso pozik eta animauta gagoz, aurten ia dana irabazita...
Gaztedi Sokatira Taldearen 2018ko kirol merituak honako honeek dira:
Goma gaineko Euskadiko Txapelketea:
500 kg emakumezkoa: Zidarrezko dominea.
540 kg emakumezkoa: Zidarrezko dominea.
600 kg Mistoa: Urrezko eta Brontzezko dominak.
560 kg gizonezkoa: Urrezko dominea.
600 kg gizonezkoa: Brontzezko domina.
640 kg gizonezkoa: Bosgarren postua.
680 kg gizonezkoa: Zidarrezko postua.
Goma gaineko Munduko Txapelketea (Xuzhou-China):
500 kg emakumezkoa: Urrezko dominea.
540 kg emakumezkoa: Urrezko dominea.
560 kg gizonezkoa: Zidarrezko dominea.
600 kg gizonezkoa: grupoko hirugarrena.
Basque Country ordezkatuz:
560 kg gizonezkoa: Brontzezko dominea.
600 kg mistoa: Brontzezko dominea.
Lur gaineko Euskadiko Txapelketea:
560 kg: Urrezko eta Brontzezko dominak.
600 kg: Urrezko eta Brontzezko dominak.
640 kg: Urrezko eta Brontzezko dominak.
680 kg: Urrezko eta Brontzezko dominak.
600 kg mistoa: Urrezko eta Brontzezko dominak.
Basque Country Nazinoartean ordezkatzeko Lur gaineko lehiaketea:
500 kg emakumezkoa: Lehenengo postua.
540 kg emakumezkoa: Lehenengo postua.
Lur gaineko Bizkaiko Txapelketea:
400 kg emakumezkoa: Urrezko dominea.
600 kg gizonezkoa: Urrezko dominea.
Lur gaineko Munduko Txapelketea (Cape Town-Hegoafrika):
500 kg emakumezkoa: grupoko hirugarrena.
540 kg emakumezkoa: Zidarrezko dominea.
560 kg gizonezkoa: Brontzezko dominea.
640 kg gizonezkoa: grupoko seigarrena.
580 kg mistoa: laugarren postua.
Basque Country ordezkatuz:
500 kg emakumezkoa: Brontzezko dominea.
540 kg emakumezkoa: zazpigarren postua.
560 kg gizonezkoa: Zidarrezko domina.
640 kg gizonezkoa: seigarren postua.
580 kg mistoa: zazpigarren postua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!