Zazpi domina irabazi ditue euskal tiralariek Hego Afrikako Munduko Txapelketan
2018-09-24 07:59 Euskaldunak munduanGoiherrik eta Gaztedik bina eskuratu ditue, eta selekzinoak, hiru.
Lan bikaina egin dabe Euskal Herriko ordezkariek Munduko Sokatira Txapelketan, Hego Afrikako Lurmutur Urian. Urrezko dominarik ez dabe irabazi, baina bai zidarrezko eta brontzezko zazpi, Munduko Txapelketa baten euskal ordezkariek sekula lortutako gehien.
Kluben txandea izan zan lehenengo Lurmutur Uriko txapelketan. Hor, Bizkaiko talde bi nabarmendu ziran (Mutrikuko taldeak be parte hartu eban txapelketan). Laukizko Gaztedi taldeko emakumeek 540 kilokoan zidarra eskuratu eben eta gizonezkoek brontzea 560koan. Erandioko Goiherrik, ostera, gizonezkoen kategorian irabazi zituan domina biak: brontzea 640koan eta zidarra 560koan.
Hain zuzen be, Gaztedi eta Goiherriko tiralariek alkarren kontra jokatu eben gizonen 560 kiloko finalaurrekoa, eta Erandiokoak izan ziran nagusi. Ondoren, finalean, Goiherrik ezin izan eban lana biribildu.
Behin taldeen lana amaituta, selekzinoen txandan Euskal Selekzinoa ganerakoen parean lehiatu zan, baldintza berberetan eta errekonozimendu osoz, Basque Country izenpean. Aukerea ez eben alferrik galdu euskal tiralariek, hiru domina gehiago jantzi zituen eta.
Gizonezkoen 560 kiloko kategorian, urrea irabaztear egon zan Euskal Selekzinoa, baina azken tiraldian gitxigaitik nagusitu zan Alemania. 720 kilokoan be, zidarra jantzi eben gizonek. Emakumezkoetan, 500 kilokoan brontzea eskuratu eban Euskal Selekzinoak.
Euskal tiralarien nazinoarteko hurrengo hitzordu garrantzitsua Europako Txapelketea izango da, 2019an Irlandan. 2020an, Munduko Txapelketea Euskal Herrian jokatuko da, Getxon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!