Martxan da Ttap, tresna mobikorretarako astekari digitala
2018-09-20 08:54 KultureaEneko Atxa eta Maialen Chourraut dira lehen zenbakiaren protagonistak.
Irakurri, ukitu, ikusi, entzun... Ttap egin! Aldizkari digital barria Euskal Herria eta Kataluniaren arteko alkarlanaren emoitzea da. Ttap hainbat komunikabideren artean sortu dabe: Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Goiena (Debagoiena), Tokikom eta Esguard aldizkaria (Bartzelona).
Garagarrilean zero zenbakia aurkeztu eben Donostian, eta nabarmendu dabenez, harrera bikaina izan dau, aurreikuspen guztiak gaindituz. Aplikazinoa bere kategoriako lehen postuan egon da hamar egunez Apple zein Google Play aplikazino dendatan, eta hori marka handia da euskerazko produktu batentzat. Harrera bikain horren beste adierazgarri argi bat, aplikazino dendatan zein sare sozialetan jasotako aldeko eretxi oldea: Orain erantzukizun handia dogu sortutako jarrera positibo horri eusten, eta gogor gabioz lanean, astero-astero kalidade goreneko argitalpena egiteko. Bere ahizta nagusia dan Bartzelonako Esguard aldizkaria legez, Ttap % 100 digitala da, eta telefono zein tabletetatik baino ezin irakur daiteke. Irakurri baino zeozer gehiago be bai: aldizkaria goitik behera multimedia da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan lantzen ditu, azken erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Testuakaz batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak be eskainiko ditu, erabiltzaileak erabagiteko noiz zer eduki jaso nahi dauen. Irakurri ez eze, Ttap ukitu, ikusi eta entzun be egin daiteke.
Ttapek hurreko gaiak landuko ditu, modu erraz eta azkarrean konsumiduteko moduan: Batez be inguru urbanoan eta/edo garraio publikoan konsumiduteko egingo dogu Ttap, telefonoa aldeanhemendik hara dabilzan horreentzat azaldu dau aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik: espero dogu Ttap ohiko elementu bihurtzea Bilboko Metroaren paisajean.
Zenbaki bakotxak 16 orrialde izango ditu, eta gitxi gorabehera ordu laurenean irakurri ahal izango da. Halan da be, edukietan sakondu nahi dauenak, beti izango dau audio eta bideo alkarrizketa luzeagoak eskura. Bideo eta audio horreek mimo handiz egingo dira, azken produktua kalidade handikoa izan daiten.
Kalidade horren zutabeetako bat puntako kolaboratzaileen zerrenda zabal eta anitza da: Pilar
Kaltzada, Ander Izagirre, Hasier Hilario, Izaro Andres, Joseba Barandiaran, Arantxa Urretabizkaia, Unai Iturriaga, Joseba Sarrionandia, Lara Izagirre, Arantza Santesteban...
Aldizkariak edizino bi ditu momentuz, bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan. Iragarri dabenez, urriaren 12an zenbaki berezi bat argitaratuko dabe Nafarroan, harrerea neurtu eta haren arabera erabagiteko jarraiko edizinoari eutsi ala ez.
Bizkaiko lehen zenbakiko protagonista Eneko Atxa sukaldari zornotzarra da, hiru Michelin izar eskuratu dituan sukaldaririk gazteenetakoa. Aurretik dituan erronken artean, joan dan maiatzean Euskalduna Jauregian edegi eban ENEKO Bilbao jatetxearen proiektua ondo finkatzea. Bertako lan talde gazteak sukaldaritza bizkaitarraren mamina emon nahi dau ezagutzera Bilboko jatetxe barritik, modu dotore eta barritzailean, nazinoartean erakusteko.
Gipuzkoako edizinoan, barriz, Maialen Chourraut piraguista lasartearra da protagonista. Hilaren amaieran Riora joango da Eslalomeko Munduko Txapelketea jokatzen; leku berezia piraguistarentzat, hango olinpiadetan irabazi ebalako urrezko dominea. Mimoz preparau dauen probea bada be, Chourrautek Tokioko 2020ko joko olinpikoetan dau jomugea. Alkarrizketa nagusiez gan, lehen zenbakiaren edizio biak eduki mamitsuz kargauta datoz. Monika Belastegi zuzendariak horreetako batzuk aurkeztu ditu, besteak beste, Izaro Andres abeslariaren eretxi zutabea Bizkaiko edizinoan, eta Unesco Geoparkeko arduradun zientifikoa dan Asier Hilariorena Gipuzkoakoan. Horrezaz gan, Eneko Prat influencerrak trap modearen ganeko zehetasunak emongo ditu eta zinemazaleenzat, asteburuan estreinauko diran hiru film gomendauko ditu Amaia Garcia kazetariak.
Zozketearen irabazlea
Aldizkariaren lehen zenbakia aurkezteaz gan, garagarrileko aurkezpenean martxan jarritako zozketearen irabazlearen barri be emon dabe: Abuztuan Ttap deskargau eta sare sozialetan sustatzen lagundu daben lagun guztiei eskerrak emon ondoren, sistema informatikoak Galdakaoko Josu Lezametari emon deutso saria, Gasteizko SPC etxeak emondako SPC Heaven tableta bat. Irabazleak poz-pozik jaso dau saria, eta azaldu dau 'opari bikotxa dala hau: tabletea batetik, eta bertan irakurteko aldizkari ezin txukunagoa, bestetik.
Aurkezpena amaitzeko, Ttapen lantaldeak eskerrak emon nahi izan deutsoz apustu barri hau posible egin daben guztiei:
• Germà Capdevilla eta Esguard aldizkaria, eredu eta akuilu izateagaitik.
• Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza, proiektua lehen unetik
babestu eta diruz laguntzeagaitik.
• Nafarroako Gobernua, Nafarroako edizinoko hazia ereiten laguntzeagaitik.
• Babesle eta iragarle pribatuei, proiektuan sinisteagatik.
• Kolaboratzaile eta alkarrizketatuei, lana errazteagaitik.
• Irakurle eta erabiltzaile guztiei, Ttap deskargau eta balorazino eta ekarpenak egiteko lana hartzeagaitik.
Ttapen lantaldeak azaldu dauenez. lan handia egiten gabiz, eta gogotsu gagoz jenteak deskargau eta eretxiak jasoteko. Ttap irakurri nahi dauenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazinoa behera kargau besterik ez dau egin behar. Aplikazino horrek kiosko moduan funtzionauko dau, eta aurrerantzean kaleratzen diran guztiak deskargau ahalko dira bertatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!