Monika Belastegi: 'Erabiltzaileak erabagiko dau Ttap zelan disfrutau'

Dabi Piedra 2018-08-06 08:02   Barriketan

Ttap aldizkariko zuzendaria.

Euskerazko kazetaritzearen munduan, proiektu barria ez eze, barritzailea be bada Ttap. Izan be, gailu mobikorretarako, hau da, tablet eta telefonoetarako, beren-beregi pentsautako euskerazko lehenengo hedabidea da. Konsumo azkarrerako pentsauta dagoan hedabidea da, eduki multimediaduna, gaur egungo erabiltzaileen beharretara egokitua.

Garagarrilean zero alea aurkeztu eben eta irailean hasita, astero zenbaki bat argitaratuko dabe. Ale bakotxak hamasei bat orrialde izango ditu, eta formatu askotako edukiak: Testua, argazkiak, bideoak, grafiko interaktiboak... Monika Belastegi zuzendariak emon deusku azalpen zehatzagoak.

 

1-. Gailu mobikorretarako hedabideen artean, euskeraz aitzindaria da Ttap. Baina euskeraz bakarrik ez, Euskal Herrian orokorrean holako proiektuen artean lehenengoetarikoa da zuena, ezta?

Esango neuke baietz. Aldizkari digitalak bai, baina eskuko telefono eta tabletetarako izakera multimediadunik ez dot ezagutzen, irakurri, ikutu, ikusi eta entzun daitekeenik. Izan be, izakera multimedia hori dala eta, edukiak idatzizko formatuaz gan, bideo eta audio formatuan be landuko ditu Ttap-ek, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko asmoz. Eta erabiltzaileak erabagiko dau unean unean zelan disfrutau nahi dauen aldizkaria: autobusean edo metroan doala aurikularrak jantzi eta bideoak ikusi nahi dituan; itxaronaldi baten, patxadan irakurri nahi dauen; edo paseatzera edo korrika egitera doanean aurikularrak jantzi eta audioa entzuten joan nahi dauen.

2.- Gizartean nagusitu diran jokerei adi-adi egon zarie.

Gaur egun gailu eroangarriak gure bizitzetan, gure egunerokoan, erabat sartuta dagoz; beti daroagu mobikorra aldean. Informazinoa konsumiduteko ohituretan be eragin dabe eta hedabideok sasoi barri honeetara egokitu nahian sortu dogu Ttap aldizkaria. Euskeraz falta zalako holako produktu bat. Ez daukagu eta euskereak behar dau egon eskuko telefonoetan eta tabletetan. Ikusi dogu gehienbat gazteak gailu honeeetan dagozala eta Ttap sortu dogun enpresok ohiko hedabideak badoguz be –papela, telebistak, irratia eta webguneak– formatu barri honek kokatzen gaitu eskuko telefonoa daben guztien eskura. Batez be gazteak hartu doguz aintzat produktu honegaz, baina gaztearen definizino malgua eginaz.

3-. Kataluniako Esguard proiektua da Ttap-en bultzatzaileetako bat. Zelan sortu zan hangoen eta hemengoen arteko loturea?

Proiektu honen aurretik be bageunkan harremana katalanakaz eta izan genduan aukerea Esguard aldizkari digital multimedia ezagutzeko. Sei urteko ibilbide oparoa dauka honezkero Katalunian Esguard-ek. Publikoak oso ondo erantzun deutso han formatu barri honi eta guk eurek pilatutako esperientzia baliatu nahi izan dogu Ttap-en eta proiektu hau alkarlanean jarri dogu martxan.

4-. Hedabideen eta bestelako erakundeen arteko alkarlana garrantzitsua izan da Ttap martxan jartzeko?

Bai, zalantza barik. Proiektuaren bultzatzaileak hainbat hedabide gara: Tokikomen barruan, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike eta Debagoieneko Goiena Komunikazino Taldea. Hori Euskal Herriko parteari jagokonez, ze lehen esandako moduan bidelalun doguz Bartzelonako Esguard aldizkariko lagunak. Eta horri guztiari Eusko Jaurlaritzeak eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek eskainitako babesa gehitu behar jako.

5-. Ze lan eta prestakuntza egin behar izan dozue Ttap martxan jarteko? Ze hau ez da ohituta gagozan hedabideen modukoa, formatua barritzailea da...

Bai, baina katalanen urteetako esperientzia izan dogu bidelagun zeregin horretan eta Ttap egiteko beharrezkoa dan azpiegitura informatikoa ondo asko kontrolatzen dabe. Pentsau sei urtean 300 zenbakitik gora kaleratu dituela.

Ttap aldizkari multimedia danez, edukia euskarri desbardinetan eskaintzeko aukerea emoten dau eta horrek edukia bera biribiltzeko, osotuago emoteko aukerea eskaintzen dau. Adibide erraz bat: zinemeari eskainitako atalean asteburuan estreinauko diran filmak eta horreen ganean daben eretxia emongo dabe horretan adituak diran kolaboratzaileek bideo formatuan; ondoan, idatzizko formatuan hori osotua joango da fitxa teknikoagaz eta horregaz batera, klik edo ttap bakar baten trailerra ikusteko aukerea be eskainiko da. Bestalde, interaktiboa be badanez, beste klik edo ttap bakar bategaz kolaboratzailearen sare sozialetara joteko aukerea egongo da… Guztira, astero aterako doguzan edizino bietan halako 400 ttap inguru egin ahal izango dira.

6-. Erraza da Ttap-eko edukiak deskargau eta kontsumitzea?

Oso erraza. Dobako aldizkaria da eta Apple Store edo Play Storera jo eta bertatik aplikazinoa jatsi besterik ez dago. Webgunean be egin daiteke hori. Behin aplikazinoa jatsita, barikuetan, aldizkaria deskargagarri dagoala jakinarazoteko abisua bialduko dogu push eran eta aurrez jatsitako aplikazinoan eskuratu ahal izango da. Zero zenbakia aurkeztu dogu aurrerapen legez, baina irailaren 21etik aurrera, barikuroko maiztasunagaz jaisteko aukerea egongo da eta aste horretan bertan aurkeztu be egingo dogu Bilbon.

7-. Zelako gaiak landuko dozuez?

Ttap-ek gaurkotasuneko gaiak landuko ditu, modu erraz eta azkarrean konsumitzeko modukoak. Batez be, inguru urbanoan eta garraio publikoan, autobusean, metroan… konsumitzeko moduko aldizkari bat izango da, telefonoa poltsikoan dabela hara eta hona dabizan horreendako. Aldizkariak 16 orrialde izango ditu eta ordu lauren baten-edo irakuteko modukoa izango da. Halandabe, edukietan sakondu nahi dauenak, beti izango dau horretarako aukerea, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez.

Bestalde, aldizkaria atalka banatuta egongo da. Alkarrizketa nagusi bat izango dau eta horregaz batera, eretxi zutabea, eretxi ilustradua eta modea, literaturea, teknologia, bidaiak eta zinemea moduko gaiak landuko ditu.

8-. Zelako kolaboratzaileak izango dozuez? Oker ez banago euskal kulturako izen ezagunak batu dira zuen proiektura.

Bai, ahalegindu gara arlo ugaritan dabizan kolaboratzaile ezagunak erakarten Ttap familiara eta oso eskertuta gagoz erakutsi deuskuen prestutasunagaitik. Esaterako, zutabegile izango dira, besteak beste: Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Aitzol Atutxa, Lara Izagirre, Unai Iturriaga, F. Javier Arrieta, Onintza Enbeita, Pilar Kaltzada, Axi Muniain, Izaro abeslaria eta beste batzuk. Hori eretxi emoleei jagokenez, baina aldizkariaren beste atal batzuetan be izango doguz kolaborazile ezagun gehiago. Alkarrizketatzaile ibiliko dira, esaterako, Sara Gandara, Amane Ibañez, Juan Kruz Lakasta, Maite Goñi, Xabi Paya, Joni Ubeda…

9-. Gipuzkoako eta Bizkaiko edizinoak egongo dira. Hori ze helburugaz egingo dozue?

Edizino bi egin doguz azterketa baten ostean horrelaxe erabagita. Ikusi dogu probintzia bakotxean badirala gai komunak, baina ez danak. Ikusi dogu kolaboratzaile zein alkarrizketatu batzuk funtzionau leikiela gehiago alde baten bestean baino, eta alderantziz. Produktuak bezeroagan pentsauta dagoz oso-osorik eta alkarrizketa lekuak be batzuk Bizkaian eta beste batzuk Gipuzkoan izango dira. Jakina, bateko zein besteko edukia libre-libre izango dabe erabiltzaileek, eta doban. Biak irakurtzeko aukerea izango da, zelan ez. Gure asmoa da neurketa zorrotzak egitea eta zerk-non funtzionetan dauen datuakaz aztertzea. Sei hilabeteren buruan izango dogu datu gehiago, ikusteko ia edizinoak egiten jarraitzea merezidu dauen edo beste planteamendu bat egokiagoa dan. 

 

Aurkezpeneko argazkien egilea: Goiena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu