Ttap aldizkaria, gailu mobikorretarako lehenengoa euskeraz

Bizkaie! 2018-07-27 08:57   Euskerea berbagai

Zero alea aurkeztu dabe, eta irailetik astero argitaratuko dabe.

Euskal Herrian parekorik ez dauen proiektua da Ttap, aldizkari digital interaktiboa. Konsumo azkarrerako pentsauta dagoan hedabidea da, eduki multimediaduna eta telefono mobikorretan zein tabletetan ikusteko aproposa. Donostian egindako ekitaldi baten aurkeztu dabe zero zenbakia eta dagoeneko deskargau leiteke webgunean. Ttap bere gailuan instalau nahi dauenak, App Store edo Play Store-ra jo baino ez dau egin behar.

Irailean hasita, astero zenbaki bat argitaratuko dabe. Ale bakotxak hamasei bat orrialde izango ditu, eta formatu askotako edukiak: Testua, argazkiak, bideoak, grafiko interaktiboak... azken baten, telefonoek eta tabletek emoten dituen aukerak aprobetxauko ditue informazinoa era azkar, erraz eta erosoan zabaltzeko.

Gaur egungo jokerakaz bat eginaz, Ttap edozein lekutan irakurtzeko pentsauta dago. Esate baterako, garraio publikoan gagozala. Danetariko edukiak landuko ditue, baina batez be hurreko gaietan jarriko dabe arretea. Gipuzkoarako eta Bizkairako edizino bana sortzea da asmoa, erabiltzaileak gertukoen dauena aukeratu deian.

Kolaboratzaile ugari izango ditu Ttap-ek, batzuk oso ezagunak: Arantza Urretabizkaia, Joseba Sarrionandia, Izaro Andres, Pilar Kaltzada, Unai Iturriaga eta abar. Zuzendaria Monika Belastegi da.

Gailu mobikorretarako hedabideen kontzeptua barria da Euskal Herrian, zer esanik ez euskeraz. Kataluniako Esguard aldizkaria izan da Ttap-en eredu nagusia, baita bultzatzaileetako bat be. Kataluniarrakaz batera, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike eta Debagoieneko Goiena aldizkariak dagoz egitasmoaren atzean, baita Tokikom be.

Donostian egindako agerraldian, ganera, erakunde publikoen babesa jaso dau euskerazko hedabide barriak. Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzakoak egon dira.

Ttap-en bultzatzaileak, modu sinbolikoan aldizkaria martxan jarten (argazkia: Goiena)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa