Hogei erakusketa inguruk osotuko dabe Getxophotoren ardatza
2018-09-04 13:16 KultureaGetxophoto 2018 abian da, Gatazka-ostea-ri dedikauta.
Bihar eguaztena, hilaren 5ean, hasiko da XII. Getxophoto, Getxoko Nazinoarteko Irudi Jaialdia. Datorren irailaren 30era arte, gune desbardinetan –batez be aire zabalekotan-, munduko 20 bat ikus-entzunezko artisten lanak ikusi ahal izango dira. Aurten, Gatazka-ostea — alkarrizketea berreregi izango da leloa. Lanek gatazka ekologikoak, politikoak edo gizakien artekoak jorratuko ditue, baita gatazka ondorengo aldietako ondorioak eta alkarrizketea berreregitea be.
Imanol Landa Getxoko alkateak gogoratu dauenez, Getxophotok urtero aurreko edizinoaren mailea gainditzen dau. Jaialdi barritzailea da, parte-hartzailea, gure herria irudiaz, eztabaidaz eta gogoetaz bustiten dauena, lehen mailako egileen sormenaz, hausnarketaz, parte-hartzeaz gozetako aukera parebakoa eskaintzen deuskun jaialdia; Igaz 80.000 persona baino gehiagok bisitau zituen kanpoko instalazinoak eta 10.000 erakustaretoetara hurreratu ziran. Informazino guneak 5.000 bisita jaso zituen eta beste euskarrietan 3 miloe zauskada egon ziran.
Monica Allende jaialdiaren komisarioak esan dauenez, Getxophoton ikusizko adierazpenak jasoten dira, eta horreek bitarteko desbardinak erabilten ditue, besteak beste, argazkiak, bideoak, artxiboak, instalazinoak, arte digitala eta bestelakoak, 45 herrialde baino gehiagoko artistenak. Aretoak eta barruko bestelako espazioak ahaztu barik, erakusketa gehienak kanpoaldean jarteko sortuak izan dira, esate baterako, kanpoko instalazinoetan, fatxadetan, lorategietan, azoketan eta udalerriko beste hainbat lekutan. Horreekaz batera, prestakuntzea sustatuko daben eta herritarrakaz batzea eragingo daben jarduera ugari be izango dira: tailerrak, berbaldiak, proiekzinoak, gaueko paseoak, itxialdia, zinemea oheetan.... Barritasun legez, lehenengo aldiz, Open Call nazinoarteko deialdi edegi batek ahalbideratu dau epai-mahai batek aukeratutako horren irabazleak, Jaialdiaren egitarauan parte hartu ahal izatea. Danetara, 47 herrialdetatik heldutako 280 proposamenen artean (ia 5.000 irudi), irabazlea Max Pinckers belgiarraren Margins of Excess izan da.
Erakusketen artean dira, Markel Redondoren Espainiako eraikuntza krisia, Luca Locatelliren Alemaniako iraultza energetiko berdea edo Josh Begleyren Ameriketako Estadu Batuen eta Mexikoren arteko mugea. Punta Begoñak jaialdiaren gune estrategikoa izaten segiduko dau, eta orain, Estadua gatazkan izeneko erakusketa kolektiboa erakutsiko dabe bertan, kolonialismo espainiarrari, gerra zibilari eta Euskal Herriko lan metaforiko bati lotutako lanakaz. Jaialdiak Jump Trump instalazino satirikoa be izango dau, presidenteari kritikea egiteko.
Jokin Aspuru Getxophotoren zuzendariak esan dauenez, antolatutako jarduerak hile osoan zehar izango diran arren, horreetako asko irailaren 5etik 9ra izango dira, egile batzuen partaidetzea eta esperimentazino tailer bi, XIX eta XXI. mendeetako ikusizko kontakizunetan oinarrituta. Lehena Ikononautak, argazkintzearen begirada eta materialtasuna XIX. mendean, izango da, Martí LLorens eta Rebeca Mutellen eskutik, eta bigarrena, In between photographs, zelan landu irudia aro digitalean, izenburupean eta Der Greif, Leon Kirchlechner eta Simon Karlstetter zuzendari artistikoen eskutik.
Beste eragile eta erakundeen arteko kolaborazinoaren haritik, aurten ondoko lekuetan be erakusketak izango dira: Getxoko Kultur Etxean, Bilboko Rekalde Aretoan eta FNAC-en eta Donostiako Kutxa Kulturan.
Jaialdian ohiko Itxialdia, Hamaiketakoa, edalontzi azpiko ibilbideak, eguneko eta gaueko bisita gidatuak eta zinema oheetan izango dira, besteak beste, azken hori Punta Begoñan, irailaren 26ra arte, herritarrek aurkeztuko dituen argazkiakaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!