Mary Stallings eta Michel Portal sarituko ditu Donostiako Jazzaldiak

Bizkaie! 2018-06-25 11:06   Musikea

1994tik emoten dabe saria.

Michel Portal eta Mary Stallings | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Heineken Jazzaldiak jakitera emon dauenez, 53. edizinoan Mary Stallings abeslariari eta Michel Portal multiistrumentalisteari emongo deutsie Donostia Jazzaldia Saria. 1994an hasi ziran sari hori emoten, iraganeko eta gaur egungo jazzean ibilbide oparoa eta eredugarria bete daben artistei autortzea egiteko.

Mary Stallings adibide ezin hobea da heldutasunak artistakan dauen garrantziaz jaubetzeko. Haren swing parebakoa, blues eta interpretazino-dohainak kontuan hartuta, The New York Times–ek Stallings bizirik dagoen jazzeko abeslari onena dala esan dau. 1950eko hamarkadan hasi zan San Frantzisko inguruko klubetan abesten, izen handiko hainbat artistaren taldeakaz: Ben Webster, Cal Tjader, Earl Hines eta Wes Montgomery. Gero, Count Basie, Billy Eckstine eta Dizzy Gillespieren orkestretako kide izan zan. Bere izenean disko ugari plazaratu zituan. Erretiratuta aldi luze bat pasau eta gero, Wynton Marsalis tronpeta-jolearen eskutik bueltau zan.

Bestetik, Michel Portal baionarra euskal jazzaren aitzindarietako bat da. Sailkatzen gatxa da bere estiloa, beti bide barrien bila ibilten dalako. Jazz free izenekoaren barruan Europako izen handienetako bat da. Tresna ugari joteagaitik nabarmendu bada be, zinema eta telebistako pieza musikal ugariren konpositorea be bada.

Jazzaldiaren saria hartzeaz ganera, Stallings eta Portal zuzenean entzuteko aukerea egongo da Donostian. Mary Stallings garagarrilaren 27an izango da Victoria Eugenia antzokian. Michel Portal egun bi geroago igongo da agertoki berera, Vincent Peirani eta Émile Parisien lagun dituala.

Donostia Jazzaldia Saria irabazi dabenen zerrendan historiako artista handienetako batzuk agiri dira:

1994: Doc Cheatham

1995: Phil Woods

1996: Hank Jones

1997: Steve Lacy

1998: Chick Corea

1999: Max Roach eta Clark Terry

2000: Kenny Barron

2001: Ray Brown

2002: Elvin Jones

2003: Bebo Valdés

2004: Shirley Horn eta Fernando Trueba

2005: Keith Jarrett eta Charles Mingus (in memoriam)

2006: Herbie Hancock

2007: Wayne Shorter

2008: Ahmad Jamal

2009: Roy Haynes

2010: Ron Carter

2011: Toots Thielemans

2012: Jimmy Cobb eta Pierre Lafont (in memoriam)

2013: Lee Konitz eta Juan Claudio Cifuentes

2014: Toshiko Akiyoshi

2015: Benny Golson

2016: Ellis Marsalis

2017: Charles Lloyd

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu