Bilboko Udal Musika Bandeak Las Palmasen emongo deutso hasierea denporaldiari
2025-09-11 09:41 MusikeaJosé Rafael Pascual Vilaplana maisuak zuzenduko dau programea.

Bilboko Udal Musika Bandak Las Palmas Kanaria Handikoan emongo deutso hasierea Profilak izeneko 2025/2026 denboraldiari. Aurton, estreinakoz, Bilbon bertan egin ordez, denporaldiaren hasierako kontzertua kanpoan izango da: Alfredo Kraus Auditorio ospetsuan. Kontzertua domekan izango da, irailaren 14an, eta Haize-profilak izenburua izango dau, denporaldi osoa gidatzen dauen leloa.
José Rafael Pascual Vilaplana maisuak, Bandako Zuzendari Konbidadu Nagusiak, gidatuko dau kontzertua. Kanaria Handia Wind Orchestra eta Kanaria Handiko Musika Banden Federazinoa izango dira bidaide, alkarlan artistiko eta kulturarteko topaketea sortuz.
Kontzerturako aukeratutako errepertorioa ardura handiz hautatu izan da, Bandearen izaerea eta maila tekniko zorrotza agerian ixteko. Entzungai izango dira Ricardo Dorado Xaneiroren Suite Alicantina, J. Vicent Egearen Agur Jaunaken gaineko aldaerak, León Duránen Ao Xeito de Foliada, Shelley Hansonen La tumba de Alejandro García Caturla eta Philip Wilbyren Paganini Variations, azken horrek birtuosismoa eta erronka interpretatibo gorena ekarriko ditu.
Kontzertua Kanarietako publikoarentzat talentuaz eta interpretazino-kalidadeaz disfrutetako aukerea da, 130 urte baino gehiagoko ibilbidea dauen eta haren musikea Bilboko mugetatik harago eroaten jarraitzen dauen Bandearen eskutik. Topaketak kulturen eta estiloen arteko topagunea izatea agintzen dau, ingurune pribilegiatu batean, Atlantikoa lekuko dala.
Horrenbestez, 2025/2026 denporaldia indartsu hasiko da Kanaria Handikoan, eta irailaren 19an, barikua, bueltauko da Bilboko ohiko agertokietako batera, Azkuna Zentroa, Sustraidun-musika proposamenagaz. Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordearen gidaritzapean, bidaia koloretsua eskainiko dau Marquina, Barnes, Pierné, Balmages, Van McCoy eta Marquezen piezen bidez, erritmo latinoak, melodia mediterraneoak eta arabiar eta afrikar folklorearen oihartzunak buztartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!