Le Concert de L’Hostel Dieu taldea Ziortzako Kolegiatan
2025-09-09 11:07 MusikeaEmakumeek XVI. eta XVII. mendeetan konpositore lanetan egindakoa ezagutarazotea da asmoa.

2025eko XXXVII. Ziortzako Kontzertuetarako asmo handiko programea atondu dabe publikoa partitura barriakaz harritzen jarraitzeo. Holan, bada, iraileko bigarren eta hirugarren astegoieetan izango dira kontzertuak: iraileko 13-14 eta 20-21.
Hogeita hamazazpigarren edizinoari ekiteko emakumeek XVI. eta XVII. mendeetan konpositore lanetan egindakoa ezagutarazo nahi dogu, Le Concert de L’Hostel Dieu taldearen kargura atondutak programa zehatz bategaz, Franck Emanuel Comteren zuzendaritzapean. XVII. mendearen hasieran, lehen emakume konpositore profesional ezagunen —Barbara Strozzi veneziarra, adibidez— sorterria izan zan Italia. Frantzian, barriz, salbuespenezko kasuetan baino ez eben lortu profesional izatea. Franck-Emanuel Comte zuzendari dala, Heather Newhouse sopranoagaz batera eta Reynier Guerrero biolinistek, Aude Walker-Viry biolontxelistek eta Ulrik Larsen tiorba-jotzaileak lagunduta, persona karismatiko ospetsu batzuk ezagutu ahal izango ditugu, ahaztuta geratutako horrenbeste partituragaz batera.
Ziortzako Kolegiatako altxor guztietatik handienagaz jarraituko dogu: Fray José de Echevarriaren 1686ko organoa, Brett Leightonen eskutik. Brett Australiako organista eta klabezinista ezaguna da. Europa erdialdean bizi izan da denoora gehien, Austrian, hain zuzen be, eta organo-irakaslea izan da 40 urtetik gora, Anton Bruckner Privatuniversität (Linz) unibersidadean. Erreferentziazko hainbat grabazino egin ditu eta Paul Hofhaimer Sarirako lehiaketa entzutetsuko epaimahaiko kide izan da hainbat edizinotan, Innsbruck urian.
Lehenengo astegoienari amaierea emateko, Accademia del Piacere taldearena izango da ardurea, Fahmi Alqhai musika-zuzendariaren eskutik; Nuria Rial sopranoagaz batera, Muera Cupidoren programeagaz. Kolegiatan Sebastian Durónen (1660-1716) musikea izango da barriro, bere garaiko konpositorerik garrantzitsuena, Espainiako musikeari berezitasun italiarrak emoteaz arduratu zana, hau da, XVII. mende itogarriaren ondoren Europara bueltetea lortu ebana. Nuria Rialek aparteko aria-bilduma bati bizia emongo deutso, amodioaren gai agortezin eta hunkigarriagaz. Durónekin batera agertuko dira estilo italiar, abangoardista eta garaikideko bere lagunak, besteak beste, Alessandro Scarlatti eta Bononcini.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!