Ganbera musikeak Amorebieta-Etxanoko eleizak eta ermitak beteko ditu

Bizkaie! 2025-09-03 08:12   Musikea

Irailaren 6tik 21era arte.

Irailean ganbera musikea entzungo da barriro Amorebieta-Etxanon. Eleizetan zikloak hamarkada bi baino gehiagoko ibilbidea dau. Amorebieta-Etxanoko Udalak atonduta, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz, Eleizetan musika zikloaren barruan dobako kontzertuak eskainiko dira beste behin, erdigunetik urtengo dan dobako autobus zerbitzuagaz.

Proposamenak hiru oinarri ditu: kalidade artistikoa, ospe handiko musikari eta taldeekaz; kamera-formatua, intimoa eta eskuragarria; eta, ingurunea, kontzertu bakotxari izaera berezia emoten deutsona.

Egitarauak musika estilo ugari batzen ditu, antxinako musikatik hasi eta proposamen garaikideetaraino, barrokoa, folkea, musika korala edo fusinoa. Estaduko zein nazinoarteko artisten eskutik, tradizinoa eta barrikuntzea buztartuko dabe.

Eleizetan 2025 ez da musika jaialdia soilik. Ziklo horrek udalerria beste era batera ezagutzera konbidetan deusku, historia daben espazioak eta musika proposamenak buztartuz, adierazo dau Ainhoa Salterain alkateak.

Eleizetan 2025

Zikloa irailaren 6tik 21era egingo da (asteburuetan soilik) eta sei kontzertu eskainiko dira udalerriko sei gunetan. Gainera, nabarmentzekoa da kontzertu bakotxaren aurretik dobako autobus zerbitzua eskainiko dala kontzertu guztietarako San Migel kaletik abiatuta (Osasun Zentroa).

- Hau da egitaraua:

  • Irailak 6, zapatua – 20:00 – Etxanoko Andra Mari eleiza: Olatz Salvador.
  • Irailak 7, domeka – 19:00 – Dudeako San Migel elizea: In Media Res Duo.
  • Irailak 13, zapatua – 20:00 – Bernagoitiako San Migel elizea: Cuarteto Karê.
  • Irailak 14, domeka – 19:00 – Boroako San Pedro baseleiza: Halos Laukotea (Musikene).
  • Irailak 20, zapatua – 20:00 – Etxanoko Andra Mari eleiza: Iñaki Palacios.
  • Irailak 21, domeka – 19:00 – Garaitondoko San Isidro baseleiza: Eresma Guitar Duo.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu