Koba Live irailaren 20an egingo da Abadiñon

Bizkaie! 2025-09-10 08:18   Musikea

Abonuak eta bazkarirako sarrerak hemen.

Mikel Urrutia, Mónica Iglesias, Oier, Mikel eta Edurne Maguregui. | Ikusi handiago | Argazki originala

Koba Live jaialdiaren laugarren edizinoa aurkeztu dabe Abadiñoko udaletxean. Bertan izan dira Mikel Urrutia (alkatea), Mónica Iglesias (kultura zinegotzia) eta Edurne Maguregui (lehen alkateordea) Abadiñoko Udalaren ordezkari bezela, eta Oier eta Miguel, Sugaar musika alkartearen izenean.

Bertan, aurtengo edizinoaren zehetasunak adierazo ditue, ondoko aldaketa honeek aitatuz: jaialdia egun bakarrekoa izango da, hori bai, kontzertuak goizez hasiko dira. Bazkari herrikoia egingo da (bazkarirako txartelak hilaren 12ra arte dagoz eskuragarri). Horreezaz gan, esparruaren antolaketea atondu egin da, erosoagoa izateko.

Plater nagusia zuzeneko musikeagaz dator, estilo ugari buztartuz, gustu guztietarako taldeak egon daitezan. Zortzi dira Eclipse suediarrak buru dituan edizinoko kartela osotzen daben taldeak. Wolfheart eta Before The Dawn talde finlandiarrek, Onslaught britainiarrek, Cadizeko The Electric Alleyk, Ehun Kilo eta Asgarth gipuzkoarrek eta Moonshinerds durangarrek partekatuko dabe eszenatokia.

Betiko lez, jaialdiak La Salve garagardo-etxearen babesa izango dau (Udalaren laguntzeaz gan), hazten jarraitu ahal izateko eta bertaratzen diranei ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Koba Live, Euskal Herrian, genero horren erreferente izatea lortu gura dabe.​

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu