Nerea Arriolak Nicanor Zabaleta bekea jaso dau
2025-09-10 09:06 MusikeaLaguntza horrek 14.000 euroko aurrekontua dau.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak hari-instrumentista gazteen prestakuntzara bideratutako Nicanor Zabaleta bekea emon deutso Nerea Arriola Mendieta biolinisteari (Mendaro, 2002). Laguntza horrek 14.000 euroko aurrekontua dau eta 2024-2027 aldirako Beken Plan Estrategikoaren parte da. Plan horren helburua da biolin, biola, biolontxelo, harpa edo kontrabajuko interprete gazteen garapena sustatzea, goi mailako prestakuntza espezializatuetan sartzea erraztuz.
Goizane Álvarez Kulturako diputaduak azpimarratu dauenez, gure musikeari gazteen prestakuntza arlo publikotik babestea kulturearen etorkizunaren alde egitea da. Musika-talentu aparta dogu, eta bete-betean garatzeko eta nazinoartean proiektetako beharrezkoak diran aukerak eskaini gura deutsegu. Beka horregaz Nicanor Zabaletaren memoria autortzen dogu, baita belaunaldi barriekaz konpromisoa indartu be.
Nerea Arriola Mendieta
Nerea Arriola Mendaron jaio zan musikeagaz lotura handia dauen familia batean, eta bost urte zituala hasi zituan biolin ikasketak. Musikenen Gradua ohorezko matrikuleagaz amaitu ondoren, Rolleko (Suitza) International Menuhin Music Academyn jarraitu dau ikastean, Renaud Capuçon, Oleg Kaskiv eta Guillaume Chillemme maisuen tutoretzapean. Hurrengo helburua da Biolin Interpretazinoko Masterra egitea Lausanneko Haute École de Musiquen (HEMU).
Espainiako, Portugalgo, Bruselako eta Poloniako nazinoarteko lehiaketetan saritua izan da eta Santiago de Compostelako Musika-Erromesen XIII. Nazinoarteko Lehiaketea (2023) irabazi dau. Interprete bezela, entzute handiko auditorioetan ibili da, esaterako Madrilgo Auditorio Nazinonalean, Basileako Stadtcasinon, Genevako Victoria Hallen edo Luzernako KKLn. Gainera, hainbat festibaletan parte hartu dau, besteak beste, Pradeseko Pablo Casals, Gstaad Menuhin Festival edo Festival de Pâques d 'Aix-en-Provencen.
Beka horregaz, Nerea Arriolak nazinoarteko garapen artistikoagaz jarraitu ahal izango dau, haren ibilbidea sendotuz Euskal Herriko eta Europako panoraman proiekzino handiena dauen biolinista gazte bezela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!