Garagarrila musikaz beteko dau 'Jazz Euskadi' programeak
2018-06-12 08:15 MusikeaGetxo, Gasteiz eta Donostiako jazz jaialdien eskaintza bateratua aurkeztu dau Eusko Jaurlaritzeak Bilbon. Alfredo Retortillo Turismo sailburuaren arabera, turismoaren alorrean garagarrileko eskaintza musikal honek eragin handia dauka hiru urietan, aurreko urteetako datuek erakusten dabenez. Kanpoko jente asko erakarteaz gan, jaialdiok Getxo, Gasteiz eta Donostiaren irudia zabaltzen laguntzen dabe.
Ohiko moduan, Getxoko Jazzaldiak zabalduko dau Jazz Euskadi programea, garagarrilaren 4tik 8ra. Dagoeneko 42. edizinoa beteko dau eta, hortaz, ondo finkatutako hitzordua da. Bost kontzertu nagusi hartuko ditu Getxok: Charenée Wade, Kenny Garret, Billy Hart laukotea, Chano Domínguezen seikotea eta Michel Camilo. Azken horrek Tomatitogaz batera igongo dau oholtzara.
Hurrengo geralekua Gasteizen izango da, garagarrilaren 17tik 21era. Carla Bruni abeslari italiar-frantsesa izango da aurtengo edizinoko izar nagusia, baina gospel kontzertuak, Gasteizko Ganbara Orkestrearen emonaldia eta beste hainbat ahaztu barik.
Jazz Euskadi biribiltzeko, hiruren arteko jaialdirik beteranoena eta egitaraurik zabalenekoa helduko da, garagarrilaren 25etik 29ra: 53. Donostiako Heineken Jazzaldia. Antolatzaileek aurreratu dabenez, uriko 15 lekutan ipiniko ditue agertokiak eta 120 kontzertu baino gehiago entzun ahal izango dira: Caetano Veloso, Rubén Blades eta beste klasiko batzukaz batera, programan egongo dira jazz munduko ahots barrienak, esate baterako, Cécile McLorint Salvant eta Salvador Sobral.
Horrezaz gan, Iñaki Salvadorrek Mikel Laboa oroimenez saio berezia eskainiko dau Donostian. Danetara, 34 euskal talde edo bakarlari egongo dira Jazzaldian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!