Euskal musikeak leku zabala izango dau Donostiako Jazzaldian
2018-05-24 08:42 MusikeaMikel Laboaren omenezko emonaldia antolatu dabe, besteak beste.
Donostiako Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinek dino euskal musikea osasuntsu dagoala eta, hortaz, zentzunezkoa dala programazinoan bertoko sortzaile askori aukerea emotea. Egitarauan 34 euskal talde edo bakarlari agiri dira eta uriko hainbat lekutan joko dabe, garagarrilaren 26tik 29ra.
Hitzordu guztien artean, hunkigarriena Mikel Laboa oroimenez izenekoa da, kantari donostiarraren heriotzearen 10. urteurrenaren harira antolatua. Iñaki Salvadorrek gidatuko dau saioa, hainbat urtez Laboaren piano-jolea izan zanak. Salvadorregaz batera oholtzan egongo dira Angel Unzu gitarristea, Ainara Ortega abeslaria, Hasier Oleaga bateria-jolea eta Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxua.
Mikel Laboaren abesti enblematikoenak moldatu ditu Iñaki Salvadorrek ikuskizun berezi horretarako. Jazzaldiaren barruko ekitaldia dan ezkero, jazz ikutua emon deutse pieza guztiei. Victoria Eugenia antzokian eskainiko dabe Mikel Laboa oroimenez, garagarrilaren 26an.
Donostian bertan egindako aurkezpenean, Iñaki Salvador ez eze, Jazzaldian joko daben beste hainbat euskal musikari egon dira, izan be, aurten uriko agertoki guztietara helduko dira bertoko artistak. Zurriola hondartzan, esate baterako, azkenaldion upealako erantzuna batu dauen Izaro Andres mallabiarrak joko dau, garagarrilaren 26an. Momentu aproposean izango da Izaro Jazzaldian, Donostiari eskainitako Eason diskoa plazaratu barri dau eta.
Garagarrilaren 27an, ostera, Amateur eta Mikel Erentxun egongo dira Zurriolako hondartzan. Horrezaz gan, Double Drums Quartet, Ana Bejerano, Michel Portal eta beste batzuk be egitarauan dagoz. Musikenegaz akordioa egin dabe, hango hiru taldek be lekua izan deien (Traffic Quintet, Furia Txistulari eta Noname Band-ek). Antolatzaileen arabera, nazinoarteko hitzordua izanik, euskal musikea bultzatu eta zabaltzeko plaza aproposa da Donostiako Jazzaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!