Xabier Zeberiok emongo deutso hasierea 41. Getxo Folk Jaialdiari

Bizkaie! 2025-09-09 10:16   Musikea

Bihar, hilak 10, Andrés Isasi Musika Eskolako ikasleen laguntzeagaz.

Irailaren 10etik 14ra, 41. Getxo Folk egingo da. Horretarako, Getxo Folkek egitarau zabala eskainiko dau, gune edegietan, Muxikebarriko abonu kontzertuez gain (20:00). Holan, Areetako Geltokia plazaren ingurura eroango dau musikea, goizez eta arratsaldez. Publiko gaztea erakartzeko, Ereaga hondartzan kontzertu bi eskainiko ditue (hilaren 12an eta 13an), 22:00etatik aurrera. Guztira, Getxo Folk jaialdiak 13 kontzertu hartuko ditu, horreetatik 5 ordainpekoak eta gainerakoak doban, hiru kokalekutan.

Kontzertuak hilaren 10ean hasiko dira, Xabier Zeberio musikari gipuzkoarraren Pause proiektuaren eskutik. Haren bakarkako debuteko diskoaren abestiak harizko instrumentuen eremura eroango ditu, Andrés Isasi Musika Eskolako ikasleen laguntzeagaz. Hurrengo egunean, irailaren 11n, flamenkoaren eszenako artista enblematikoenetako bat izango da, Estrella Morente, Getxo Folk bisitauko dauena bigarren aldiz.

Barikuan, hilak 12, Capercaillie, musika tradizinonaleko eskoziar talde mitikoa, hainbat hamarkadatako ibilbidea atzean dauela, haren herrialdeko eta kanpoko erritmo tradizinonalen erreferentzia nagusietako bat izan da, sustraiko musikak beste joera batzuekaz buztartuz. Hilaren 13an, barriz, Carminhoren txandea izango da, Portugalgo fado eta kantu tradizinonaleko artisten belaunaldi barriaren erakuslea.

Hilaren 14an, Hunkidura kuttunak ikuskizuna izango da. Hainbat diziplinatako artistek autortzea egingo deutse euskal kantagintzearen figura handienetako bati, Benito Lertxundiri hain zuzen be. Kukai Dantza eta Arkaitz Hormaetxeren zuzendaritzapean, besteak beste, Mikel Markezek, Idoia Asurmendik, Janus Lesterrek eta Miruak, ibilbide musikal eta emozinonala proponiduko dabe.

Dobako kontzertuak

Getxo Folk jaialdiaren programazinoagaz bat egingo dau Areetako Geltokia plazan aire zabaleko kontzertuak eskaintzeko proposamenak. Bertan, La West Bluegrass Band, Erromintxelak, Hutsun Txalaparta, Sensei Music Ensemble eta Deira Band lako talde eta artistak batuko dira. Ume eta familientzako proposamen berezia eskainiko da, Ene Kantak talde ospetsuaren autortzea eta txikienentzako ludoteka musikala hartuko dituana.

Gainera, Ereaga hondartzako aparkalekuak bariku eta zapatu gaueko kontzertu bi (22:00) hartuko ditu, gazteentzat. Bertan, Chambao (hilak 12) eta Muerdo (hilak 13) taldeen musikaz disfrutau ahal izango da. Horrezaz gan, Black Raven Pipe Band irlandar gaita taldearen desfileak eta Areetako Geltokia plazako anfiteatroa hartuko dauen musika ludoteka izango dira hilaren 13an eta 14an.

Eskuratu ordainpeko kontzertuen sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu