Barakaldoko rocka auzoetara bueltauko da

Bizkaie! 2025-09-09 12:42   Musikea

Barikutik, hilaren 12tik urriaren 4ra arte.

Zuzeneko musikea Barakaldoko kaleetara bueltauko da barikuan, hilaren 12an eta hainbat auzotan entzun ahal izango da urriaren 4ra arte. Urtero lez, Barakaldoko Udalak Barakaldo Udazkena Rock Jaialdia atondu dau. Kultura Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz, tokiko musikearen alde eta herritarrei auzoetako plazetan rock taldeak ezagutzeko aukerea eskaini deutse. 

Nerea Cantero Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, ondokoa adierazo dau: herriko hamalau talde izango dira entzungai San Bizente, Arrontegi, Zaballa, Zuazo-Arteagabeitia, Retuerto, Bagatza eta Herriko Plazan. Barakaldon zuzeneko musikaz disfrutetan dogu eta bertako bandeak izatea gustetan jaku, auzoetan kulturea eta aisialdia eskaintzeko, doban.
 
Halanda ze, zazpi hitzordu programauko dira eta egun bakotxeko banda bik joko dabe. Jaialdia irailaren 12an, barikua, hasiko da (20.00), Densidad Zero eta Alerta Petrov taldeekaz, San Vicenten. Irailaren 19an (20.00) Malestar eta Motorsex taldeek joko dabe Arrontegin. Zapatuan, irailaren 20an, Nasti de Plasti eta Tipulagazzen musikea entzungo da Zaballan (Elkano metroaren ondoan).
 
Irailaren 25ean (eguena, 20.00) Hombre Normal y Transeúntes taldeak joko dau Zuazo-Artegabeitian. Barikuan, hilak 26 (20.00), Fugitivos de la Luz y Sabes muy bien lanaren txandea izango da, Retuerton.
 
Urrian, hilaren 3an (20.00), Bagatzan Room20 eta Alex de Benito Band taldeak. Azken kontzertua urriaren 4an izango da, Herriko Plazan, Falling Black eta Ardo Beltza taldeekaz.
 
Kontzertuak guztiz doban dira eta, beraz, herritarrak bertako rockearen erritmoan sartzera eta uriko auzoez, merkataritzeaz, ostalaritzeaz, giroaz... disfrutatera konbidadu gura dodaz, adierazo dau Canterok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu