Gotzon Hermosilla: 'Galtzaileak oso literarioak dira'

Dabi Piedra 2018-06-25 08:06   Barriketan

Kazetaria eta idazlea.

Ofizioz kazetaria bada be, Gotzon Hermosillak literaturarako tartea be topetan dau lantzean behin. Urteotan idazten ibili dan narrazino laburretako batzuk batu ditu Gaur galtzea tokatzen da liburuan (Elkar). Zati bitan banatu dau hamabi ipuineko moltsoa: Lehenengo zatian, punk giroa, musikea, drogak, gaua eta abar lantzen ditu. Bigarren partean, han-hemen kokatutako istorioak datoz, esate baterako, Galiziako gerraostean, Meatzalde industrialean, Txinan...

 

1.- 15 urte inguruan ibili zara ipuinok idazten. Zergaitik erabagi dozu orain liburuan batu eta argitaratzea?

Batez be, ilusinoa egiten eustalako ipuin guztiak batera aurkeztu ahal izateak. Ipuinotako batzuk hainbat lehiaketatara aurkeztu nituan, baita kasu batzuetan saridun subertau be, eta ondorioz argitaratu egin ziran baina oso edizino mugatuetan edo hedapen handirik izan ez daben argitalpenetan. Danak bildu eta batera aurkezteko gogoa neukan, eta orain sortu da aukerea.


2.- Zergaitik aukeratu dozu ipuin gehienetan bizitzako galtzaileen ikuspegia?

Esan legez, ipuinok ez nituan idatzi bilduma batean alkarregaz argitaratzeko asmoz; halandaze, ez dot izan ipuin guztiei ezaugarri zehatz batzuk edo jite jakin bat emoteko intentzinorik. Gero, ipuin guztiak batu eta barriro irakurterakoan, konturatu naz badagozala ezaugarri batzuk behin eta barriro agertzen diranak, eta galtzaileena izan leiteke bat. Baina ez dot uste aparteko ezer danik; galtzaileak oso literarioak dira, neuri behintzat interesgarriago begitantzen jat galtzaileen barri jakitea beti irabazten dabenen istorioak irakurtea baino. Liburuaren aurkezpenean esan neban lez, pertsonaiak galtzaileak dirala esatea ez da gauza handia esatea: azken buruan danok gara galtzaileak.


3.- Halandabe, pertsonaia gehienek, galtzaileak izan arren, burruka egiten dabe euren patuaren edo zailtasunen kontra. Itxaropenari atea zabaltzeko modua bilatu dozu?

Ez da modu kontzientean bilatutako ezer izan. Pentsetan dot patuari eta zailtasunei buru egitea eta etsi gura ez izatea danon bulkada naturala dala.


4.- Pertsonaien arteko hartu-emonetan egondako etenak eta aldaketak ia ipuin guztietan dagoz, edo aspaldiko sasoien gomutak. Denporak eragindako arrakalak erakustea interesetan jatzu?

Beharbada bai. Norbaitek esan deust nostalgiarako larregizko jaidurea ikusi dauela ipuinotan. Ez dakit; ez neuke nahi, beti pentsau dodalako nostalgia oso kaltegarria dala. Baina egia da denporearen arazoak, eta bizitzea zelan hondatzen deuskun, gero eta gehiago kezkatzen nauela; zahartzen hasita nagoan seinale.


5.- Lehen zatian, gau giroa, drogak eta musikea sarri agertzen dira. Hurretik ezagututako errealidadea erakutsi nahi izan dozu?

Istorio batzuk kontau gura nituan, eta hori zan istorio horreen berezko giroa.


6.- 1980ko hamarkadako giroaren inguruko beste liburu batzuk be agertu dira azkenaldion. Nostalgiaren eremura pasau dira orduko sasoiak?

Bai, duda barik. Nostalgiaren eremura eta, kezkagarriagoa dana, baita larregizko mitifikazinoarenera be. Ez jat txarto begitantzen 80etako hamarkadaz idaztea (edo kantuak egitea); azken buruan nor bere denporearen seme-alabea da. Baina ez dot uste hamarraldi haretan mitifiketako moduko gauza askorik egon zanik.


7.- Musikaz idatzi izan dozu lehenago be, eta liburu honetako istorio askotan aitamen musikalak dagoz. Gogoko gaia dozu?

Aurreko liburuan, Idoloak akatu genituenekoa, Igor Basaguren-Duarte eta Igor Mercadogaz batera egindako liburu kolektibo autogestionaduan, askoz agirikoagoa zan hartu-emon hori, ipuin bakotxa punk edo hardcore abesti baten inguruan idatzita egoalako. Liburu barrian be agertzen da lotura hori. Nire heziketa kultural eta sentimentalean rockanrollak itzelezko garrantzia izan dau, beraz, normala da handik edo hemendik bere burua erakustea.

 
8.- Liburuaren bigarren zatian etorkinak dira protagonista batzuk. Merezidutako lekurik ez dabe izan orain arte gure literaturan?

Etorkinek, batez be oraingoek, merezitako lekurik ez dabe izan gure gizartean. Literatureari jagokonez, ez dakit zer esan. Batzuetan begitantzen jat ezetz; beste batzuetan, euskal literaturako eleberri eta narrazinoetan agertutako etorkin ugariak etorten jataz akordura, eta kontrakoa pentsetan dot, baina susmoak hartzen nau hori zein jatorrak garen erakusteko saialdia baino ez ete dan; eta beste batzuetan etorkin kategoria bera begitantzen jat jentea jatorriaren arabera sailkatzeko modua eta zalantza egiten dot etorkinez idaztea kontzeptua bera egokia ete dan. Nik pertsonaia batzuen istorioa kontau gura neban, eta pertsonaia horreetako batzuk Euskal Herritik kanpo jaiotakoak ziran, beste barik.


9.- Galiziagaz badozu zuk loturea, ezta?

Askotan egon naz han, lagun ugari dodaz Galizian, hango kulturea eta hizkuntzea maite dodaz eta, batez be, Xose Luis Mendez Ferrin, Ramon Caride, Xesus Constela, Xose Monteagudo, Carlos Meixide eta galizieraz idazten daben beste egile batzuk asko gustetan jataz.


10.- Poteretsuak, ostera, ez dozuz leku onean lagaten (poliziak, enpresariak…).

Ez da nire errua.


11.- Bizkaiko paisaje industriala eta haren aztarnak kokaleku emonkorra dira literaturarako?

Horretan be, nostalgiaren itzala ganetik kendu ezinik ote gabizan pentsau dot behin baino gehiagotan. Aitatzen dozun paisaje industrial hori daborduko desagertu egin da neurri handian. Garai batean literaturarako kokaleku emonkorra izan bazan, ez dakit hala izaten jarraitzen ete dauen.


12.- Txinan kokatu dozun istorioa deigarria da, desbardina. Zer dala eta otu jatzun hori idaztea?

Nik kontau gura neban istoriorako, pentsau neban egokia zala narrazinoa kokaleku urrun batean girotzea, kontakizunari fantasia ikutu bat emotea eta idazkerearen aldetik be barrokismora jotea. Egia da exotismorako jokera hori garai batean boladan egon zala euskal literaturan (batek baino gehiagok Joseba Sarrionandiaren Enperadore eroa aitatu deust ipuin hau komentaukeran) eta orain modaz pasatutzat edo joko dauela inork. Baina gustetan jat ipuin honek ganerako ipuinen antza ez eukitea eta beste narrazinoen tonua apurtzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu