Galtzea egokitu jakenen istorioak idatzi ditu Gotzon Hermosillak
2018-06-06 10:44 KultureaHamabi ipuin batu ditu Gaur galtzea tokatzen da liburuan.
Fikzinoaren alorrean, lehenengo bakarkako lana dau Gaur galtzea tokatzen da (Elkar) Gotzon Hermosilla idazle eta kazetariak. Aurretik, bidaia-kronikak (Road movie, 2002) eta biografia (Ramones familia maitagarria, 2005) landu ditu. 2016ko Idoloak akatu genituenekoa bilduma kolektiboan be parte hartu eban, beste autore batzukaz batera.
Askotariko ipuinak dira liburu barri honetakoak, izan be, danak ez ditu azkenaldion idatzi, orain dala hamarkada bat baino gehiago sortutakoak dira batzuk. Horregaitik, zati bitan banatuta dago Gaur galtzea tokatzen da: Lehenengo zatian, punk giroa, musikea, drogak, gaua eta abar lantzen ditu Hermosillak. Bigarren partean, han-hemen kokatutako istorio errealistak datoz, esate baterako, Galiziako gerraostean, Meatzalde industrialean, Txinan...
Hermosillak ondo ezagutzen dituan paisaiak sarri agiri dira kontakizunean. Bilbo eta inguruetako kale estuak, auzo ilunak, tabernak... Ezkerraldea eta Meatzaldea ohiko kokapenak dira. Ganera, immigrazinoak be leku handia hartzen dau eta hori ez da ohikoa euskal literaturan. Galiziako pertsonaiak dagoz hiru ipuinetan, Hermosillak loturea daukalako herrialde haregaz.
Liburua aurkezteko agerraldian egileak azaldu dauenez, galtzea egokitu jaken pertsonaien begiradatik kontau ditu ipuin gehienak. Literaturan ohikoak dira pertsonaia galtzaileak, eguneroko bizimoduan be galtzaile izatea normala da, hortaz, ikuspegi horri heltzea erabagi dau autoreak, oso originala ez dala onartu dauen arren. Izenburuak be galtzeari egiten deutso erreferentzia. Liburuko lehenengo ipuinaren izenburua be bada Gaur galtzea tokatzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!