Josu Bergara: 'Bandeak nire musikeari hazten laguntzen deutso'

Dabi Piedra 2018-06-18 08:01   Barriketan

Musikaria.

Asunak diskoa plazaratu barri, bertako abesti barriak zuzenean aurkeztuko ditu Josu Bergarak eguenean, hilaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian. Kanta txikien indarra aurreko diskoan legez, oraingo honetan be eguneroko bizitzako detaile txikiei begiratu deutse inspirazinoa topetako orduan, sorkuntzearen arimea gauza txikerretan dagoalakoan. Akorde Txikiak bandako kideakaz batera atondu eta grabau ditu Bergarak Asunak laneko kantak eta Kafe Antzokian be musikariz inguratuta igongo dau oholtzara.

 

1.- Diskoaren aurkezpenean aitatu zenduan gauza txikietan dagoala iraultzea. Egunerokoa da zure inspirazinoa?

Prozesu kreatiboan pixkanaka eregiten zoaz abestien nortasuna eta azkenean zeure inspirazino iturria bilatu behar dozu. Nire kasuan, hau guztia nahiko naturala izan da. Sortzaile asko gai unibersaletan oinarritzen dira: Politikea, heriotzea... ni konturatu naz egunerokotasunak daukala garrantzia, eta egunerokotasun hori ez da berba potoloetan oinarritzen, keinu txikietan baino. Neure bizipenetan oinarritzen naz abestiak sortzean. Beste begirada batetik begiratzen deutsat ingurukoari, izan aitatasuna zein deskonexino teknologikoa. Gai batzuk globalagoak dira, baina beti neure ikupegi batetik. Adibidez, adierazpen askatasuna, ze eskubide horri ez deutso bakarrik eragiten jentea kartzelatzeak, hor dago autozentsurea be.


2.- Zure aurreko diskoa Kanta txikien indarra zan, hortaz, idea nagusian bat datoz lan biak?

Jarraipen naturala da, bai. Disko biek iturri beretik edaten dabe. Baina, beste alde batetik, besteagaz konparauta, disko barri hau naturan gehiago oinarritzen da. Disko honetako elementu asko lotuta dagoz udabarriagaz, landarakaz, animaliakaz edo naturako hainbat alderdigaz. Naturea metaforak egiteko erabilten dot, beste gauza batzuk esateko.


3.- Izenburua be landara bategaz lotuta dago. Asunagaz ze berba-joko egin nahi izan dozu?

Nik ortuan lan egin nebanean ikasi neban asunak balio dauela beste landara batzuk osatzeko. Askok bedar txartzat daukie, baina beste alderdi on hori be badauka. Metafora polita da, kantuek ez daukiela irakurketa bakarra adierazoteko. Kantetan, minetik osatzera pasau leiteke. Bestetik, landaren artean ospea daukie larroseak eta halakoek, baina badagoz beste landara batzuk, gure egunerokotasunean presenteago dagozanak, txikiak dira baina gure bizitzearen nortasuna horreek marketan dabe.


4.- Akorde Txikiak bandeagaz grabau dozu diskoa. Nondik nora egin dabe bat zuen ibilbideek?

Orain dala bost edo sei urte, banda txiki bategaz hasi nintzan saio akustikoetan. Baina orain arte, izena edo markea Josu Bergara bakarrik izan da. Akorde Txikiak izenburuan sartzea eurei egindako errekonozimendua izan da, eurak be nire musikan protagonista dira. Batez be, persona bi ibili dira nigaz orain dala bost edo sei urtetik, Mikel Nuñez piano-jole durangarra eta Nerea Alberdi biolin-jole bilbotarra. Kontzertu gehienak eurakaz emon dodaz azkenaldion, bakarka ia ez dot joten gaur egun.


5.- Zer emoten deutso bandeak zure musikeari?

Salto ikaragarria, bai kalidadean eta baita musikearen aldetik be. Jenteak orain entzuten dauena ez da tipo bat gitarrea joten, talde oso bat dago diskoaren atzean. Ganera, talde berezia da, pianoa, biolina eta gitarrea, hori ez da ohikoa Euskal Herriko eszenan. Baxua, gitarrea eta bateria hirukotetik urruntzen da gure formazinoa, nik uste dot jenteak eskertzen dauela.


6.- Kantautore etiketatik urrundu zara?

Ez neuke esango horrenbeste. Nire musikea bada kantautore edo kantuegile baten modukoa, amerikarrek songwriter esaten daben hori. Bakarka zein lagunduta, musikearen oinarria berbera da, Bob Dylan be kantautorea da baina ez dozu inoz oholtzan bakarrik ikusiko. Anari be beti bandeagaz ibilten da... Formatu hau eraginkorragoa dala ikusi dot eta ikuskizunaren aldetik erakargarriagoa. Bandeak lagundu egiten deutso nire musikeari hazten, baina oinarrian dagoana ahaztu barik: berben garrantzia eta melodiak.


7.- Asunak diskoko berbak zeuk idatzi dozuz, kasu bitan izan ezik. Mikel Etxabururen eta Udane Goikoetxearen testu bana sartu dozu.

Mikelen kasuan, neuk aukeratu neban testu hori, ezagutzen dodalako bere obrea eta pieza horretan askatasun nahia adierazoten dauelako, modu sinple eta errazean. Zu zara orain txoria esaten dauen zatia asko gustetan jat. Mikelegaz berba egin eta erraz konpondu gara testu horri musikea ipinteko. Udanegaz kontrako bidea egin dot. Diskoaren istorioa nondik nora doan ezagutu ahal izan dau lehenengo, nik kantak pasau deutsadaz sortu ahala, eta hortik inspirazinoa hartuta poema barri bat idatzi dau. Gai nagusia asunak eta bide bazterreko melodia sendagarrien gogoetea da. Oso pozik nago testu horregaz, oso ondo harrapau dau zein dan diskoaren funtsa. Poema hori diskoa amaitzeko erabili dogu. Kanta txikien indarra Udaneren olerki bategaz hasten zan eta hau amaitu, aurrekoaren jarraipen artistiko bat dalako.


8.- Abestien melodiak sortzeko orduan be laguntzaileak izan dozuz. Zelan egin dozue lan?

Nik abestien oinarria idatzi dot, etxean. Gero, bandarako moldaketak Nerea Alberdigaz egin dodaz. Kantu bakotxaren oinarria ahaztu barik, berak beste espiritu bat emon deutse, beste eremu batera eroan ditu. Egia esan, horrek aberastu egiten ditu abestiak, edo jantzi. Adibidez, badago tango bat, soul ikutuko beste piezaren bat be bai... badagoz beste batzuk nire ohiko estilotik hurragokoak, baina horreek be beste dimensino batera eroan doguz, baten bati jazz ikutua be emon deutsagu. Detaileak dira batez be, aberastasun eta aniztasun musikal bat dago, ez da dana lau bider lauko akordeak eta kitto, kolore ugariko diskoa da.


9.- Musikari guztiak batera grabau zenduen diskoa, bakotxak bere pistea egin beharrean. Gatxagoa da hori, trukean zer irabazi dozu?

Nik jarri neban baldintza hori grabazinoan. Begitantzen jat disko asko lata baten sartuta legez dagozala. Lehenengo grabetan da bateria, gero baxua, gitarrea... eta azkenik dana montau, eta hori igarri egiten da. Niri zuzenekoaren naturaltasuna eta sinisgarritasuna gustetan jat. Beste metodoari ez deutsat meriturik kendu nahi, baina gure kasuan jenteak entzuten dauena bene-benetakoa izatea nahi dot, eta horretarako, alkarregaz entseguak egin behar dira eta danok alkarregaz grabau. Beatles-en sasoian holan izaten zan beti. Honek ze desabantaila daukan? Ba hutsen bat egin ezkero, dana barriro grabau behar dozula, hortaz, perfekzino bat sekula ez dozu lortuko, baina emoitzea sinisgarriagoa da. Taldeak eskaini leikena dago diskoan, ez gehiago.


10.- Asunak diskoko kantuak zuzenean aurkeztuko dozuez eguenean, Bilboko Kafe Antzokian. Zelako emonaldia izango da?

Era horretako kontzertuak gitxitan egiten dodaz. Kolaborazinoak, ilustrazinoen proiekzinoak... egongo dira, kontzertu berezia izango da, desbardina, jenteak ikusi deian landutako proiektu bat dala. Eszenaratzean arreta handia jarriko dogu, antzerki puntu horregaz. Ez da izango kanta batzuk entzun eta listo. Aurreko diskoagaz antzeko bat egin genduan eta jentea pozik geratu zan, 400 entzule inguru izan genduzan, hori guretzat marka handia da.


11.- Bilbokoaren osteko kontzertuak formatu txikiagoan izango dira?

Bai, Kafe Antzokian bandako zazpirok egongo gara eta kolaboratzaileak be bai: Rayco Sanchez raperoa, Gaizka Peñafiel trikitilaria, Eako abeslari batzuk eta abar. Hurrengoetara hirukote edo laukote formatuan joango gara. Eako jaietan badogu hitzordu bat, Lekeition be bai, Bilboko Aste Nagusian... kultura etxeetan joko doguzan kontzertuetan barriro izango gara zazpi, baina errazagoa da mobitzea kontzertu txikietan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu