Egunerokotasunaren iraultzea dakar Josu Bergarak

Dabi Piedra 2018-05-30 12:24   Musikea

Akorde Txikiak bandearen laguntzinoa izan dau Asunak diskoa plazaratzeko.

Aurreko diskoetako ikuspegiari eutsi deutso Josu Bergarak Asunak izeneko honetan be, hau da, egunerokotasunaren gauza txikietatik abiatu da. Gauza txikietan dago iraultzea, baina askotan berba potoloetan galtzen gara, adierazo dau Kafe Antzokian egindako agerraldian. Hamar abesti dakarz disko barriak, eta horreetatik zortzi idatzi ditu Bergarak berak, egunerokotasunetik hartutako gaien ingurukoak: alaba txikia, alkartasuna...

Beste abesti biak Mikel Etxaburuk eta Udane Goikoetxeak idatzi ditue, hurranez hurran. Izan be, oraingo honetan kantautore nortasuna alboratu dau Josu Bergarak eta kolaboratzaile ugariren laguntzinoa izan dau. Horreetatik garrantzitsuenak Akorde Txikiak bandako kideak dira. Mikel Nuñezek pianorako konponketak egin ditu, Nerea Alberdi konpositore eta abeslari ibili da, Daniel Gonzalez baxuaz eta kontrabaxuaz arduratu da, Lui Yong-ek gitarrea jo dau eta Txema Aranak bateria.

Horrezaz gan, grabazinoan Gaizka Peñafiel trikitilariak, Nerea Gaintza abeslariak eta Rayco Sanchez raperoak lagundu deutse. Sara Prietok, ostera, ilustrazinoak egin ditu. Proiektu hau ez da nirea bakarrik, azaldu dau Bergarak. Alkar ondo ulertzea funtsezkoa izan da, izan be, estudioko grabazinoa danek batera egin eben, bakotxak bere pistea grabau beharrean. Bizitasuna eta zintzotasuna emoten deutso horrek diskoari, baina aurretik gauzak ondo preparauta eroan behar dozuz.

Musikeari jagokonez, Josu Bergarak dino euskal musikan ohikoa danetik kanpo ibili dala. Bergararen disko guztietan sarri entzuten diran pop eta folk doinuez gan, bestelako batzuk landu nahi izan ditu, swing, bluegrass eta jazz, esate baterako. Horretan lagundu deutso Mikel Nuñezek: Melodia intimoak sortu doguz, txikiak, azaldu dau pianojoleak, Josuri askatasuna eskatu neutsan kantei neure puntua emoteko, jazz pixka bat be badago. Nerea Alberdik be zeresan handia izan dau, Bergarak sortutako oinarrizko erritmoak landu eta txukundu ditu eta.

Taupaka alkarteagaz atera dau Asunak.

Bagilaren 21ean, eguena, Josu Bergarak eta Akorde Txikiak bandakoek zuzeneko kontzertua emongo dabe, Bilboko Kafe Antzokian. Horren ostean be, makina bat emonaldi ditue hitzartuta udarako eta udagoienerako: Ean, Markinan, Lekeition, Iruñean... baita Valentzia eta Bartzelonan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu