Ekaitz Goienetxearen lan 'barritzailea' nabarmendu dau Bilboko Liburu Azokeak

Dabi Piedra 2018-06-08 12:55   Kulturea

Zazpi Kale Saria emon deutsie idazle bermeotarrari, Zaldi mamarroa liburuagaitik.

IƱaki Lopez Aguileta (ezkerrean), Ekaitz Goienetxeari Zazpi Kale Saria emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Sortu zanetik urtero-urtero emon izan dau Zazpi Kale Saria Bilboko Liburu Azokeak, eta 48. edizino honetan, aldaketak egitea erabagi dabe antolatzaileek. Era horretara, azken urtean agertutako proposamen literario barritzaileak edo bereziak nabarmenduko ditue aurrerantzean. Orain arte azokako libururik salduena saritzen eben. Aldaketeak Zazpi Kale Sariari freskurea emongo deutsala adierazo dau Asier Muniategi antolatzaileak.

Ekaitz Goienetxea idazle bermeotarraren lehenengo liburua, udabarri hasieran plazaratutako Zaldi Mamarroa, izan da aurtengo saritua. Hain zuzen be, Muniategik aitatutako barrikuntzarako jokera hori dauelako, bai estiloan eta baita jorratutako gaietan be. Goienetxeak pozik eta harrituta hartu dau saria, Arenaleko karpan egindako ekitaldian. Bilboko Udaleko Kultura arloko Iñaki Lopez Aguiletak emon deutso oroigarria.

Bizkaiko kostaldeko herri baten (izena ez da aitatzen baina Bermeo izan leiteke) drogeak 1980ko hamarkadan izandako eragina fikzinoaren bidez kontetan dau Zaldi mamarroa-k. Orduko eta gaur egungo pertsonaien begiradatik, herriko giroa, jentearen kezkak eta gatazkak agertzen dira. Egoera gordinak eta bizitzearen alderdirik onenak topetako gogoa tartekatzen dira. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen esanetan, idazleen eta kazetarien artean udabarri honetan gehien aitatu dan euskerazko nobedadeetako bat da Goienetxearena.

Idazleak onartu dau ez dauela oihartzun horren barri izan. Taberna baten dabil beharrean eta idazleen eta kazetarien girotik aparte bizi dala dino. Halandabe, inguruko lagunek eta herriko jenteak liburua gustora irakurri dabela esan deutsiela ganeratu dau. Esate baterako, liburuan aitatzen dan punk talde bateko kideak nobelako jazoerakaz identifikauta sentidu zala aitatu eutsan. Halako berbek bete egiten dabe bat, Goienetxearen arabera.

Batez be, 1980ko hamarkadako giroa ezagutu ebenek sentidu dabe hurrekotasuna liburuko kontakizunagaz. Ni txikia nintzan orduan eta, hortaz, besteen testigantzetatik jakin dot horren barri, zehaztu dau egileak. Bermeon, behinik behin, udabarri honetan gehien saldu dan liburua izan dala igarri dau Goienetxeak. Herrian euskaldun asko dagoz, baina gehienek ez daukie euskeraz irakurteko ohiturarik; nire liburua erraz ulertzekoa dala esan deuste.

Zaldi mamarroa aurkeztu ebanean, bere burua ez ebala idazletzat hartzen autortu eban Goienetxeak. Kazetaria izan zan eta gaur egun tabernari dabil. Literatureagaz hartu-emon intermitentea daukat, tarteka baino ez dot idazten. Liburuak izan dauen ibilbide ona eta jasotako sariak ikusita, lehenengo baieztapenari eusten deutsala dino, baina konfiantza gehiago daukala orain. Idazten zagozala badozuz kezkea eta ardurea eta horreek kentzeko balio izan dau.

Irakurri Bizkaie!-k Ekaitz Goienetxeari, Zaldi mamarroa plazaratu ebanean egindako alkarrizketea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu