Leticia Landak irabazi dau Basque Culinary World Prize 2025
2025-10-22 13:21 KultureaLa Cocina proiektuan egindako lanagaitik.

Proiektuak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea dau eta talentudun eta San Frantziskoko sukaldaritza-sektorean modu formalean integrau nahi daben personak prestau eta laguntzeko aukerak sortzea dau helburu. Asmo da persona horreek, bazterketa-egoeran dagozan komunidadeetatik abiatuta, euren negozioen buru izan daitezan, errentagarriago bihurtu eta, azkenik, gastronomia produktiboaren bihotzaren bidez beren inguruneak eraldatu deiezan.
Texasen jaioa da, AEBetako etorkin mexikar batzuen alabea. Hurbiletik ezagutzen dau zer dan bereaz bestelako komunidade batean sartzea lanaren eta hezkuntzearen bidez. Bere denporea sukaldeen eta boluntariotza-ekimenen artean banatzen eban bitartean, Antropologia ikasi eban. 2015ean, La Cocinan hasi zan, eta haren jarduna oinarrizkoa izan da gaur egun 100 bat negozio dituan proiektu baten bilakaeran; proiektu horreen artean, badira inkubazinoan dagozanak eta daborduko graduatuak.
Gustetan jaku Leticia Landaren hautaketea, erakusten baitau sukaldaritzea tresna indartsua izan daitekeela inklusinorako, independentzia ekonomikorako eta duintasunerako. Eta bide egiten lagundu leikela lanaren, talentuaren eta alkartasunaren bidez beren patua edo halanbeharra aldatzea amesten dabenei, defendidu dau Joan Rocak, Basque Culinary World Prizeko epaimahaiburuak.
Saria jaso ondoren, Leticia Landak ondokoa autortu dau: lorpen honek persona askok 20 urtetan zehar La Cocinaren misinoa bultzatzeko egindako ahalegina adierazoten dau. Sari honek lan kolektiboa autortzen dau, baliabide eta laguntza-ekosistema batek babestua, eta aukerea emoten deutso sukaldari eta ekintzaile komunidade harrigarri honi bere gastronomía konpartiduteko ez eze, bere talentutik biziteko eta bere komunidadeetan enplegu-aukerak sortzeko bere. Ohore bat da sari hau onartzea La Cocinan lan egin dogun eta hemen hasi diran negozio guztiengaitik.
San Frantziskoko (Kalifornia) badian 40 jatetxe, kafetegi eta kiosko baino gehiago dagoz martxan. Lorpen handienen artean, Landak nabarmentzen dau parte-hartzaileen % 70ek negozioak aktibo izaten dituela graduau eta 10 urtera. Horreetako batzuk aitatzearren: Reem Assils California, Arabiyya: Recipes from the Life of an Arab in Diaspora liburuaren egilea); Fernay McPherson (Minnie Bells, Rising Star Chefs San Frantziskon); Nite Yun (Kanbodiako errefuxiatua, gaur egun Lunette jatetxeko jaubea; zenbait telesailetan nabarmendua, besteak beste, Chef’s Table (Netflix)), edo Koji Kanematsu (Onigillyko burua, janari japoniarreko 6 jatetxe dituana urian).
Beste alde batetik, Leticiaz gan, epaimahaiak beste sukaldari biren lanari egin deutso autortzea, eta aitamen bereziak jaso ditue Joao Diamantek eta Matthew Evansek.
Munduko chef entzutetsuenetako batzuek osotutako Basque Culinary Centerreko Nazinoarteko Kontseilua batu da Gastronomy Open Ecosystemen, gastronomiaren irismenaz hausnartu, eztabaidatu eta sakonago aztertzeko eta, horrezaz gan, Basque Culinary World Prizeren hamargarren edizinoko irabazlea iragarteko.
Basque Culinary World Prize 2025 sariaren epaimahaia, Basque Culinary Centerreko Nazinoarteko Kontseiluko kide diran entzute handiko chefek osotua, Albaolan (Pasaia) batu da egunotan Talaia kongresuan iragarriko daben erabagia eztabaidatzeko eta hartzeko: Joan Roca chefa (Espainia – El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiko burua, eta beste chef entzutetsu batzuek be parte hartu dabe, besteak beste, Gastón Acurio (Peru), Pía León (Peru), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Elena Reygadas (Mexiko), Trine Hahnemann (Danimarka), Thitid Tassanakajohn (Thailandia), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina), Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia), Aitor Arregi de (Elkano - Getaria), Diego Guerrero (Euskadi) eta Elena Arzak (Euskadi).
Basque Culinary World Prize sari berezia da, sari aurrendaria, Eusko Jaurlaritzeak Basque Culinary Centerregaz batera emoten duena Euskadi-Basque Country estrategia integralaren arloan. Sariak autortzea egin nahi deutse hareen ezagutza, talentua eta sormena gizarteak eskatzen dituan aldaketen zerbitzura jarten dituen sukaldariei. 100.000 euroko diru-ordaina dauka, irabazleak hautatutako proiektu batera bideratu behar diranak.
Hamargarren edizinoa erreferentea da sektorean, gastronomiak erakutsi baitau fenomeno indartsua eta inspiratzailea dala mundu mailan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!