Ekaitz Goienetxea: '1980ko hamarkadatik, teknologiak asko aldatu dira, baina bizioak ez horrenbeste'
2018-03-19 09:14 BarriketanIdazlea.
Igartza Sariari esker, Zaldi mamarroa (Elkar) plazaratu dau Ekaitz Goienetxea bermeotarrak. 1980ko hamarkadan, heroinearen konsumoak gazteen artean eragindako triskantzearen gaia jorratzen dau egileak liburuan. Fikzinozko nobelea dan arren, benetako lekukotzetan oinarritu da. Estilo bizi eta zorrotzean, 1980ko hamarkadako urte hareek bizi izan zituen hainbat pertsonaiaren ibilerak eta gogoetak kontau ditu, baita gaur egungo gazte batzuenak be.
1.- Txikitatik bizi izan zara Bermeon, 1980ko hamarkadan heroinearen konsumoa eta horren ondoriozko hiesdun tasa handia izan zituan herrian. Horrek zenbateraino bultzatu zaitu liburua idaztera?
Ni neu ez nau larregi afektau, ez dot hur bizi zan. Gehiago izan da jakinminagaitik. Jakitea herri honetan zelako kontuak jazo diran. Hor dagoan gaia da, baina gero ez da horretan sakontzen, beharbada gaia bera ez dalako erraza, mingarria izan zan. Ganera, heroinea, eta droga guztiak, beti dira izkutuan tratetan diran gaiak. Horrenbesteko heriotza-tasea eragin eban gauza bat akordura ekartea eta partekatzea izan da asmoa. Horren mingarria izanda, apurka-apurka joan behar izan dot, kontu handiz eta errespetuz. Nik eta beste lagun batzuok aspaldiko interesa euki dogu honetan eta urtebete inguru egon gara han eta hemen galdezka. Igartza Bekeak aukerea emon deust aspalditik landutako gai hori sakonago hartu eta liburua ateratzeko.
2.- Euskal literaturan hutsunea sumatu dozu 1980ko hamarkadako droga kontuak eta hiesa sakontasunez aztertzeko orduan?
Ba ez dot aztertu euskal literatura guztia horri ganoraz erantzun ahal izateko. Ni hau lantzen hasi nazenean, egia da beste liburu batzuk topau dodazala, ez horren literarioak, erreportaje edo tesi erakoak. Justo Arriolaren A los pies del caballo orain dala urtebete inguru agertu zan eta nirea entregau eta gero ikusi dot Mierda de Bizkaia izenekoa be badabilela hortik.
3.- Gaur egungo belaunaldi gazteek zer dakie ordukoari buruz?
Beharbada ez asko. Baina ez bakarrik drogei buruz, uste dot politikeari edo mobimendu sozialei buruz be ez dagoala ezagutza handirik. Esango neuke, interneten gaur egungo gizarte efimero honetan oso arin ahazten doguzala orain dala urte gitxi pasautako gauza inportanteak. Heroinearen kasuan, estadistikek dinoe bueltan datorrela, baina antza jiringarik ez da erabilten orain, erre egiten da. Hor badago aurreretxi bat, ganorazko informazinorik ez dauena emoten, ze heroineak jiringeagaz zein erreta adikzino arazoak bardin-bardin eragiten ditu. Antza, hiesa kutsatzeko jiringeak euki eban garrantziarena barriro zabaldu da, jiringearen irudia geratu da baztertuta, baina konsumoa hor dago, gazteek beste metodo batzuetara joten daben arren.
4.- Zure liburuan, belaunaldi barriek ez dabe heroinarik konsumiduten, baina badaukiez euren adikzinoak eta hutsak, hor ohartarazpen bat egin nahi izan dozu?
Belaunaldiak alderatzeko asmorik ez dot euki horrenbeste. Gazteak nobelan sartuta, gehiago nahi izan dot gaur egunetik 1980ko hamarkadara begiratu, nik neuk be gaur egunetik landu dodalako gaia. Baina egia da horrek eroaten zaituala gaur egungo egoereari gainbegiradatxua emotera, eta ikusten da gaur egungo konsumo ereduak ez dirala horren diferenteak. Teknologiak bai, asko aldatu dira, baina bizioak ez horrenbeste. Gazteak mahai ganera ekarteko beste azpigai bat be badago: Iraganaren mitifikazinoa. Gazteek asko mitifikau ditue orduko gauza asko, punk taldeak esaterako.
5.- Liburu hau idazteko ikerlan sakona egin dozu aurretik. Zelakoa izan da?
Hasikeratik gogoa izan neban jenteagaz jesarri eta trankil berba egiteko. Bakotxak bere bizipenak eta ikuspegia kontau deustaz, gauza interesante asko. Sei persona alkarrizketatu dodaz, baina danak ez dira 1980ko hamarkadan gazte izandakoak. Oraingo gazteren bat edo belaunaldi helduagoko besteren bat be badagoz tartean. Askotariko ikuspegia batu nahi izan dot. Horixe izan da nobelearen abiapuntua, materialaren aldetik. Hortik eregi dodaz istorioak eta pertsonaiak.
6.- Benetako datuetan oinarritutako fikzinoa idatzi dozu. Batzuetan gatxa da jakitea non amaitzen dan errealidadea...
Alkarrizketatu dodan baten batek esan deust oso arraro egin jakola liburua irakurtea, gauza ezagunak kontau dodazalako, baina oso transformauta. Ahalegina egin dot errealistea izaten, ezagutu ez dodazan gauzetan huts ez egiten. Fikzinoa izan arren, benekotasunera jo dot, tartean lirikotasun apur bat sartuta. Testigantzetan jaso dodazan gauza batzuk ez dodaz liburuan sartu, sinisten gatxak ziralako! Nobelan badago bikote bat Bonianklai ezizenekoa, eta zalantzak euki dodaz, hori kontau ala ez, halako ezizen bat sinisten gatxa izango litzatekeelako. Baina Bonianklai izeneko bikote bat benetan egon zan hemen inguruan.
7.- Euki dozuzan lekuotza eta datu guztiakaz, kronikea edo saiakerea egiteko modua izan dozu. Zergaitik erabagi dozu gai hau fikzinoaren bidez lantzea?
Batetik neure mugen kontua izan leiteke, kronika lan bat edo erreportaje historiko bat egiteko dokumentazino lan luzeago eta neketsuagoa beharko neuke. Era berean, nik istorioak kontau gura izan dodaz, ez horrenbeste datuetan sartu. Inguruan entzun dodazan bizipen batzuek kolpatu egin nabe, eta hortik jo dot, hau da, hurrekoak edo hunkigarriak izan leitekezan istorioetara joaten ahalegindu naz. Fikzinora jo dot sensazino horreek transmitiduteko. Gauza batzuk kontetan gatxak dira, esaterako heriotzea, prostituzinoa... fikzinoak aukerea emoten deutsu distantzia hartzeko.
8.- Hari bat segidu beharrean, liburuan pertsonaia asko sartu dozuz eta bakotxak istorio bat dauka. Zergaitik idatzi dozu horren nobela korala?
Lekukoakaz berba egin eta konturatu nintzan bakotxak bere erara bizi izan ebala eta bere erara gomutetan zala. Zintzoena egitura hori hartzea zan, ze nik ez dot euki neure diskurso edo eretxi bat, orduan niri etorri jatan modura kontau dot: Ikuspuntu asko, bakotxak beretik. Egoera bera eta sasoi bera dira, baina bakotxak bere prismatik begiratzen deutso.
9.- Pertsonaia guztiek egiten ditue hutsak edo damuren bat daukie. Drogen eta hiesaren historia modu errealistan kontau ezkero, heroi perfektuentzako lekurik ez dago?
Gauza asko idatzi dodaz gogoeta lar sakonik egin barik, ziur ezin deutsut esan. Gauzak holan urten dira. Testigantzetatik pertsonaietara transformazinoa egiteko orduan, pertsonaia bakotxak eskatzen eustan argi-ilunak sartzea, inor ez da guztiz pozik bizi, baina munduko dramarik handiena izan dauenak be bizipozen bat badauka. Jazotakoa ezin kontetea be sarri agertzen da. Nobelea idazten hasi nintzanean hori zan gai zentrala ia-ia, baina gero ez zan horren zentrala izan. Norberak egindako hutsak onartzea eta horreek zelan kontau, hori bada gai indartsu bat, pertsonaia bakotxak modu baten egiten deutso aurre horri.
10.- Gai iluna landu dozu, baina 1980ko gazteen alde onak be agiri dira, gauza barriak ikasteko gogoa, aldarrikapenak, musikeagaz eukien loturea...
Bai, hori da jenteak akordura ekarten dauen lehenengotariko gauza bat, ondo pasau ebela. Anekdotak kontetan ditue, zelako zorakeriak egin zituen, ze lotsabakoak ziran... Drama batek momentu batetik bestera amaitu eban hori dana, baina iluntasun horren aurrekoa ez da bape iluna. Horregaitik, uste dot nobelea bera ez dala horren iluna edo tristea. Azala bai, nire gusturako iluntxu dago kolore aldetik, karramarroarena gustetan jat baina ilunegia da niretzat. Barrutik, ostera, beste gauza bat da, barre egiteko tartea be badago.
11.- Zure idazteko estiloak bat baino gehiago harritu dau. Parrafo luzeen ostean esaldi laburrak tartekatzen dozuz, batzuk sententzia edo aforismo itxurakoak, beste batzuk esamoldeak, kanten berbak eta abar. Horreek esaldi laburrek zer emoten deutsie kontaketeari?
Barrutik urten deustan gauza bat izan da hori. Idazten nengoala, tarteka, gorputzak eskatzen eustan han-hemen klak egin eta arnasea hartzea, parentesi moduko esaldi bat sartzea. Esaldi labur bakotxak efektu bat edo beste dauka, gustauko litzakit pentsetea edo imajinetea irakurle bakotxari sensazino diferentea sortu ahal deutsala. Niri balio izan deust kontakizuna egituratzeko eta kontaketan erritmo bat badagoala konturatzeko.
12.- Nobelea Uria eta Herria izeneko lekuetan kokatu dozu. Garbi dago Bilbo dala Uria eta Bermeo dala Herria, baina ez dozuz euren izenez agertu. Zer dala eta?
Garbi dago zeintzuk diran Uria eta Herria, baina gero egia da ez dodazala leku konkretuen deskribapenak gehiegi zehaztu, kaleenak eta holakoak. Izaro islea bai, agertzen da, baina distantzia bat badago. Ez dakit estrategia egokiena hori dan, baina nire kezka nagusietako bat izan da, idazten hasi nintzanetik, ze distantzia hartu errealidadeagaz. Hortaz, neure burua trankilago igarri dot idazten, Bermeo erabili beharrean Herria erabili dodanean. Holan errazago kokatu dot, esaterako, Karkaba tabernea, sekula existidu ez dan taberna bat. Kale eta zenbaki jakin batzuk aitatzen dodaz liburuan, Bermeon egon badago leku hori, baina han ez dago Karkaba ez beste tabernarik eta inoiz ez da egon. Kale eta zenbaki hori nire fetitxe baten modukoa da, kapritxoa emon gura izan deutsat neure buruari, han imajinetan dot nik Karkaba tabernea. Bermeon eta Bilbon oinarritzeak aukerea emon deust zeozer errealistea eregiteko, baina euren izenak ez aitatuta lortu dot jazoerei distantzia batetik begiratzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!