Belaunaldi baten kronikea dakar Ekaitz Goienetxeak bere lehen nobelan
2018-03-02 13:44 KultureaHeroineak eta hiesak jotako sasoiak agiri dira Zaldi mamarroa-n (Elkar).
Zehaztu bako kostaldeko herri baten eta izenik ez dauen uri baten kokatu dau istorioa Ekaitz Goienetxeak. 1980ko hamarkadan, heroinea, edo zaldia, zabal-zabal ebilen gazteen artean, eta horrek bizimodua baldintzatu eban. Zaldi mamarroa nobelan orduko giroa eta gazteen kezkak agertzen ditu Goienetxeak. Ez zan belaunaldi motel bat izan ordukoa, musikea, sexua eta parrandea gustoko zituen, burrukarako prest egozan, baita gauza barriak probetako be.
Modu gordin baina ederrean batzen ditu autoreak herriko eta uriko gorabeherak, 1980ko hamarkadako eta gaur egungo gizarteak. Protagonista ugari ditu nobeleak, istorio koral bat osotzeraino: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemiguel...
Dokumentazino lan handia be badago Zaldi mamarroa-ren atzetik. Orduko sasoiak bete-betean bizi izan zituenakaz berba egin eban Goienetxeak, idazteari ekin aurretik. Hortaz, fikzinoa izan arren, 1980ko hamarkadako gazteen eta gizartearen barri izango dau irakurleak. Gaur egungo gazteek be lekua dabe istorioan eta, beraz, belaunaldien arteko loturea egiten dau.
Ekaitz Goienetxea Miarritzen jaio zan 1982an, baina txiki-txikitatik Bermeon bizi izan da. Gaur egun, komunikazinoan eta publizidadean ibilten da beharrean, prentsa idatzian ibili eta gero. Literaturea be lantzen dau: Bere testuak hainbat sariketatan aurkeztu ditu (Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketea irabazi eban) eta Beste Hitzak egitasmoaren barruko egonaldia egin eban Eslovenian.
Zaldi mamarroa lehenengo nobelea dau Goienetxeak, Igartza bekeari esker argitaratu ahal izan dau. Sari horren 2016ko edizinoa irabazi eban, Karramarro trostan izeneko proposamenagaz eta, azkenean, Zaldi mamarroa izenburupean gauzatu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!