Urriaren 26an, Mungia igarotako denporetara bueltauko da
2025-10-22 12:15 KultureaHerriak jatorri eta ohitura tradizionalenak omenduko ditu Lore jokoak ekimenagaz.

Beste urte batez, antxinako sasoietara egingo dau salo Mungiak eta bere ohiturarik tradizionalenak omentzeko, Mungiako, eskualdeko eta Bizkaia osoko egutegian ezinbesteko hitzordu bihurtu dan herri-ekimenaren ospakizunagaz: Lore Jokoak, hain zuzen be. Aurten, gainera, hitzordu bereziagoa izango da, 2025ean eleizatea eta hiribildua batu ziraneko 125. urteurrena ospatuko baita.
Gauzak holan dirala, domekan honetan, urriaren 26an, kulturea eta tradizioa batuko dira mungiarren jatorria gogoratzeko. Esangura horretan, Udalak, herriko hainbat alkarte eta kolektibogaz batera, jardunaldi berezia atondu dau, musika, euskal jantzak, bertsoak, gastronomia lako jarduerez betetako programa bategaz.
Urtero, mungiarrek gure onena emoten dogu gure joandakoak orainera ekarteko eta gure herriaren historia markau eben bizitea, tradizinoak eta personak gogora ekarteko. Hori guztia posible da gure auzokideen eta alkarteen konpromisoari eta dedikazinoari esker, ospakizun honegaz gure memoria kolektiboaren oinarrizko momentuak berpizten baitabez. Horixe da, hain zuzen be, Lore Jokoak jaiaren esentzia: parte-hartze osoko jaia, edade eta ardura ezbardineko personak aktiboki inpliketan diranak', adierazo dau Alaitz Erkoreka Baraiazarra Mungiako alkateak.
Lore Jokoak programako edizino barri honek Mungiako gizarte bizitearen eta ohituren isla ekarriko deutse bisitariei, musika, jantza, tailer, erakusketa, olgeta eta gastronomiaz betetao programazinoagaz. Holan, eguna 11:00etan hasiko da, txalapartearen ohiko deiagaz, udaletxeko bidegurutzetik, eta kalejira herrikoiagaz, Landetxotik, Atxurizubi, Usandizaga, Lauaxeta, Errekatxu, Ibaibide eta Alkartasunetik igarota, Foruen plazara heldu arte, 12:00etan, Herria Dantzan ekimenari hasierea emoteko.
Ondoren, Foruen plazan, hainbat antzezpen tradizional egingo dira: erroskilla postua, berakatz zopea probetea, talo tailerra, eta etxeko erremedioak. Puntu honetan photocall bat egongo da, familiagaz edo lagunakaz argazki bat atarateko bertako produktuakaz egindako saskien zozketa batean sartzeko balioko dau. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da Matxin plazan, erromeria hasi aurretik.
Goizeko 11:00etan, Juan XXIII.a plazan, txikienek olgetako aukerea eta Erraldoiak dantzan erraldoien tailerragaz gozetako aukerea izango dabe. Bestalde, 12:00etan, J.M. Arregi abesbatza Foruen Plazatik abiatuko da eta Mungiako kaleak girotuko ditu bere kantuakaz. Ordubete aurrerago, 13:00ean, Matxin Plazan, Barberu dantza, sokatira eta Mungia 1900, herri bakarra gara herri antzerki laburra antzeztuko dira.
Lapiko solidarioa Desafía Draveten alde
Eguneko hitzordu gastronomikoa Euskal Pizkunde Etorbidean izango da, babarrun jana egingo baita. Txartelak 12:00etatik aurrera egongo dira salgai eta babarrunak (ogia eta postrea) 14:00etatik 15:00etara bitartean banatuko dira. Tiketen salmenteagaz batutako guztia Desafía Dravet alkartearentzat izango da; Dravet sindromea daben umee bizi-kalidadea hobetzeko helburua dauen irabazi-asmorik bako alkartea da, hain zuzen be.
Era berean, udaletxeko bidegurutzean Atxuriko Eskota eta Mungiako Eskotak argazki erakusketea egongo dira eta Andra Marin, barriz, Andra Mariren irudi erromanikoak ikusi ahal izango dira. Jardunaldia 17:15ean amaituko da erromeria bategaz.
Urtero bezela, 2005ean Lore Jokoak ekimenaren lehen edizinotik, hainbat alkartek eta taldek parte hartzen dabe ekimen honetan, eta egun horretan egiten diran jarduerak atontzen ditue udalagaz batera. Alkateak eskerrak emon deutsee Lore Jokoetan parte hartzen daben persona guztiei eta ondokoa adierazo dau: ilusino, konpromiso eta ahalegin desinteresatuari esker, ospakizun honek gure historiaren eta Mungiaren nortasunaren isla bizia izaten jarraitzen dau. Ekarpen bakotxak, txikia emoten, herri lez batzen gaituan jaiari formea emoten laguntzen dau, gure sustraiak berreskuratu eta belaunaldi barriakaz konpartiduten dituana. Zuen lana, sormena eta inplikazinoa dira Lore Jokoak ekimenaren arimea. Eskerrik asko amaitu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!