Datorren zapatuan jokatuko da Eskolarteko finala Saran

Bizkaie! 2018-06-05 08:30   Bertsolaritzea

Parte-hartzaileen artean, bizkaitar bi dagoz: Gorka Pagonabarraga (Durango, 2000), oraintsu Durangoko Kopla Txapelketea irabazi dauena eta Iruri Altzerreka (Garai, 2000).

Datorren zapatuan, bagilaren 9an izango da Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko Txapelketako finala Saran. Gogoan izan oraintsu jokatu zala Hazparnen lurraldeetako azken Eskolarteko bat-bateko Txapelketako finala; beraz, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako txapelketak amaituta, lurraldeetako parte-hartzaile eta zaleak Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko Txapelketan batuko dira Saran, izan be, oholtza gainean finala jokatuko dan arren, ikasturtearen amaierea be ospatuko dabe, baita egitasmoaren 30.urteurrena be.

Egitarauari jagokonez, goizean, 11:00etatik aurrera, jokatuko da finala Sarako trinketean. Lurraldeetako egitasmoetatik sailkatutako gazteek hartuko dabe parte: Arabako Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001); Baxenabarreko Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) eta Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001); Bizkaiko Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000), oraintsu Durangoko Kopla Txapelketea irabazi dauena eta Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000); Gipuzkoako Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Aner Peritz Manterola Euzkitze (Zarautz, 2002); Lapurdiko Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroako Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoako Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).



14:00tan, bazkaria eskainiko da Lur-Berri aretoan Idokiren eskutik. Han bazkaldu ahal izateko txartela eskuratu beharko da aurretik www.bertsosarrerak.eus atarian 16 euroren truke. Bagilaren 1era arte erosi ahal izan da Internetez.

Sarara joateko autobusa be antolatu da zenbait kasuetan; Bizkaiko Bertsozale Alkarteak, esate baterako, Durangotik autobusa antolatu dau Sararako joan-etorria egiteko; txartel honeek be eskura dagoz www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak antolatzen dabe alkarlanean Eskolarteko egitasmoa. Aurten 30 urte bete ditu eta Mikel Mendizabal bertsolariak eta Ikastolen Alkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan ibilitakoak jantziko deutso txapela irabazleari.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu