Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean parte hartzeko deialdia
2018-06-01 13:49 Euskerea berbagaiArantzazun egingo da topaketea urrian, Akademiaren mendeurrenaren harira.
Euskera batua 1968ko Arantzazuko batzarrean jaio zala esan leiteke. Harrezkero 50 urte pasau eta Euskaltzaindiak mendea beteko dauela ikusita, topaketa handi bat antolatu dabe bertan, urriaren 4tik 6ra, Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018) izenburupean. Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra izango dan horretan parte hartu nahi daben erakunde, aditu eta profesionalek orain daukie aukerea euren ekarpenaren barri emoteko.
Akademiak ohar baten azaldu dauenez, ezinbestekoa da euskerearen esparruan diharduen erakunde publiko, pribadu eta gizarte zabalaren eretxiak eta ekarpenak jasotea. Horregatik, Euskaltzaindiak dei zabala egin nahi deutse eragile honeei guztiei, euren ekarpenak eta eretxiak bialdu deiezan, bagilaren 30a baino lehen.
Zehaztapena be egin dau Euskaltzaindiak: Deialdi hau, batez be, hizkuntzearen alorreko profesionalei begirakoa da, hau da, ikerlari, itzultzaile, teknikari, kazetari, idazle eta halakoei. Arantzazuko topaketan azalpenak emoteko edo euren esparruko jakintzea partekatzeko asmoa daukienek bagilaren 1etik 30era bitartean egin leikie, komunikazioak@euskaltzaindia.eus helbidean.
Biltzarra euskeraz egingo dabe, baina, aldi bereko itzulpena egongo danez, komunikazinoak gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez be egin ahal izango dira. Argibide gehiagorako Euskaltzaindira jo leiteke, webgunearen bidez.
Momentu historiko baten gomutea izango da urriko topaketea. Aurretik hainbat ekarpen izan baziran be, 1968ko Arantzazuko Biltzarra euskera batuaren mugarri nagusitzat joten da. XVII. Biltzar honetan, barriro Arantzazura bueltan, 1968tik euskera batuak egin dauen bidea azaldu, gaur egungoaz gogoetea egin eta egiteko dagoana zehaztu nahi dau Euskaltzaindiak. Hau da, azken 50 urte honeei begiratuko deutsie, baina etorkizunari erreparauta.
Era berean, Euskaltzaindia mendeurrena ospatzen dabil 2018 eta 2019 urteetan, Etorkizuna ehunduz lemapean. Atondutako egitarau zabalaren barruan dagoz Euskal Herriko hainbat lekutan egingo diran nazinoarteko biltzarrak, euskerearen oraina eta geroa aztertzeko asmoz antolatuak. Lehenengoa Baionan egingo dabe, irailean. Arantzazukoa bigarrena izango da eta 2019an beste zazpi egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!