Jabier Kalzakorta: 'Balada guztiak, zein bere neurrian, ikagararri ederrak dira'
2018-05-28 08:03 BarriketanEuskal baladak liburuaren egilea.
Euskerazko baladak aztertzen dituenen artean aditu handienetako bat da Jabier Kalzakorta. Urteetan egindako batze prozesuaren emoitzea aurkeztu dau egunotan, liburuki bitan banatutako Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa obra zabala. Han batu ditu ahoz aho transmitidu diran ehundazak balada eta aldaera, batzuk orain arte argitaratu bakoak. Gaika sailkatuta aurkeztu ditu. Labayru Fundazinoaren eskutik plazaratu dau erreferente izateko jaio dan lan hau.
1.- Zerk bereizten dau balada bat ahozko beste genero literarioetatik?
Ez da erraza berba gitxitan erantzun argigarri bat emotea. Baladak kantu narratiboak dira: kantauta kontetan dabenak, edo kontauta kantetan diranak. Istorio bat, jazoera bat kontetan dabe. Jazoera horren kontaketea narrazino-bertsoen bidez edo alkarrizketa-bertsoen bidez izaten da. Baliapide biak askotan batera erabilten dira. Batzuetan alkarrizketa-bertsoen bidez bakarrik be kontetan dabe jazoera bat. Leisibatxo baladan, esaterako, alkarrizketa hutsezkoa da:
-Egun on Jainkoak dizula, andratxo gaztea.
-Baita zerorri bere, jauna maitea.
-Gizonik eta badezu, andratxo gaztea?
-Orra indietan, jauna maitea.
-Umerik edo badezu, andratxo gaztea?
-Bi seme ta alaba, jauna, or dira.
-Umeok nundik dabizuz, andratxo gaztea.
-Eskolak ikasten, jauna, joan dira.
-Zanko ederra dezu, andratxo gaztea.
-Nik ala gobernatu, jauna maitea.
-Kopeta ederra dezu, andratxo gaztea.
-Nik ala orraztuta, jauna maitea.
-Surtan erreko altzera, andratxo gaztea!
-Zu ilenti zerala, jauna maitea.
-Urak eroango al zaitu, andratxo gaztea,
-Zerori aurreti dala, jauna maitea.
Kasu honetan senarra emazteagandik luzaroan urrunduta egon ondoren emazteagaz alkarrizketa bat dauka. Alkarrizketa horretan itaun-erantzunak paralelismo handia dabe. Senarrak emazteari andratxo gaztea esango deutso, emazteak senarrari jauna maitea. Baladetako jazoerak indartsuak, indar handikoak izaten dira. Baladak halako eite berezi bat dabe, estilo indartsu eta markau bat.
2.- Ze funtzino beteten eben baladek sasoi bateko gizartean?
Ipuinak eta esaundak gizarte askotan egon izan diran legetxe, kantautako kontakizunek be euren lekua izan dabe. Balada batzuk, uste dot, jazoera odoltsu eta gogoangarri batzuk gogoratzeko sortu zirala. Bereterretxe baladea, esaterako, traizino bat, krudelkeria bat jentearen gogoan finkatzeko (untzaz ondo gogor josteko) sortu zala uste dot. Bizi denak orhit düke Bazko-oilaurentia! dino Salaberriren aldaereak, hor Bereterretxe, esaterako, pazko-egunean hil eben. Bereterretxek bere ahoz Bizi denak orhit düke Bazko-oilaurentia! dino Salaberriren aldaeran, hau da, bizi danak gogoratuko dau Pazko-egunsentia. Balada batzuk Jose Mari Satrustegik Nafarroan batu zituan legez, erritualizauta egon dira. San Juan bezperan kantetan zan, esaterako, San Juanen kantaita.
3.- Gaur egun ze neurritaraino gorde dira baladak edo balada-zatiak herritarren gogoan?
Tradizinoa aspaldi eten da. 1980ko hamarkadan batu ziran azken baladak, batez be Bizkaian. Arratia aldean, Txorierri aldean, gitxitxuago Markinaldean, baina zeozertxu bai (Frantziako anderea baladearen aldaerarik ederrenetarikoa Markinaldekoa da). Antonio Zavalak, bere baladategian dinoanez, balada bakarra batu eban Baztan aldean, eta eredu ez ona. Zavala 1960 urtea baino lehen hasi zan kantu eta bertsoak batzen, ahozko eredu bakarra batzeak argi erakusten dau zein gainbehera handian izan dan baladen transmisinoa. Agustin Mendizabalek, harrigarriro, eredu bi batu ditu oraintsu samar bere Hau leku aitorra! liburuan dakarrenez.
4.- Arxü eta Xahoren sasoitik aztertu izan dira baladak. Zergaitik eragiten dabe halako interesa ikertzaileen artean?
Aztertu baino gehiago, batu. Jean Baptiste Arxü eta Augustin Xaho izan ziran ezagutzen doguzan lehen batzaileak. Baladen interesa, bestalde, baladen edertasuna bera da. Balada historikoek historiaren interesa be badabe. Nozkoa da, esaterako, Bereterretxe baladea? Jaurgain balada historikoak nozkoak diran aztertzen ahalegindu zan eta lan ederra egin eban.
5.- Orain arte egin diran beste azterlanen aldean, ze barritasun dakarz Euskal baladak honek?
Itaun horri erantzuteko ez naz ni onena. Ni baladen testuak finkatzen ahalegindu naz, jatorrizko lehen dokumentuan oinarrituta. Jatorrizko lehen dokumentua eskaini eta balada-testu asko finkatu dodaz. Ezagutzen ez diran aldaera eta eredu barriak be emoten ahalegindu naz.
6.- Gitxienez 250 aldaera ez dira agertzen orain arteko bildumetan. Non topau dozuz zuk?
Zenbakiak huts egiten dabe. Ez dodaz hainbeste aldaera barri topau. Ehun bat gairen ganean ibili naz lanean. Balada gai batzuetan aldaera barriak topau dodaz. Neska ontziratua baladan, esaterako, gai beraren ganeko sei bat aldaera barri topau dodaz. Tradizinoa etenda dagoan ezkero, kantu-kaier edo koadernu zaharretako eredu ezezagunak transkribidu dodaz.
7.- Emoitza ikusgarria da, 1.500 orrialde. Baina horrek urteetako lan isila eskatzen dau, ezta?
Urteetako interes jarraitua eskatzen dau, jakina. Gai horren ganean idatzi dan guztiaren edo lanik ederrenak ezagutzeaz ganera, zeozer barria agertzeko gogoa be bai. Behin lana egin ondoren, ostera, ikertzaileak berak bakarrik daki edozein lan hobeto egin leitekeela. Ikerketa inoz ez da perfektua, beti dago zer hobetu.
8.- Euskal baladen gaia sarri aztertu dozu zuk. Nondik jatortzu interesa?
Interesa aspalditik etorri arren, neure baladen ganeko lehen lana orain dala hogeiren bat urtekoa da. Interesa nondik datorren be ez da erraza esaten. Testu eder asko neure gaztetako memoria sentimentalean josita dagoz.
9.- Alderdi literariotik, zelakoak dira baladak? Badabe balio literariorik?
Askotan esan dot: neuretzat euskerazko testurik indartsuenak, ederrenak, gogobetekoenak euskal baladetakoak dira. Idea hau, ostera, ez da neurea bakarrik. Gavelek bere gramatikea idatzi ebanean baieztapen harrigarri bat egin eban. Euskerea ikasteak sortzen dauen nekea erraz estaltzen edo desegiten dau euskal kantu (edo gurago badozu balada) batek emoten dauen atseginak. Nire ustez balada guztiak, zein bere neurrian, ikagararri ederrak dira.
9.- Euskeraz beste hizkuntza batzuetan baino ohitura handiagoa egon da baladetarako? Ala antzera da Europa osoan?
Nik batez be euskal mundua ezagutzen dot. Europa handia da eta hor dagozan tradizinoak ezagutzea ez da nire konpetentzia. Espainiako Romanceroaren tradizinoa ikaragarri aberatsa izan da. Kasu batzuetan, esaterako, Gerineldo romancearen kasua aitatzeko, bost mila aldaera baino gehiago ezagutzen dira. Euskal alorrean, dozena batetik gorako aldaerak badagoz, asko be asko da. Askotan aldaera bakarra badago, pentsau!
10.- Euskerearen aldaeren eta aberastasunaren aldetik, ze informazino emoten deuskue baladek?
Baladak Bizkaiko euskerearen azpieuskalki askotan dagoz: Markinakoa, Gernikakoa, Arratiakoa, Txorierrikoa... Beste eskualde batzuetakoak be badagoz: Goi-nafarreraz, lapurtarrez, baxenabartarrez, zubereraz. Zoritxarrez ez dogu ezagutzen Erronkariko baladarik, baina kantau seguru kantauko zirana. Askotan pentsau dot zuberotarren eitea izango ebela. Ezagutzen ez doguna ezagutzen doguntxua baino hamar mila aldiz gehiago da... Euskerearen ganeko informazinoa, literatura molde batena, eta abar.
11.- Ikerlari eta ikasleentzat agirikoa da Euskal baladak liburuaren balioa. Euskaldun arruntak, ostera, ze probetxu atera leikio?
Batez be ikertzaileentzako liburua da. Tesi asko edo gehienak legez, neurri handi batean, astuna izan leiteke, informazino handia dagoalako. Neure lana literatura-irakasleentzat izan leiteke baliogarri. Euskerazko testuak euskalki diferenteetan aztertu gura dituanarentzat be erabilgarria izan leiteke neure lana.
12.- Baladak aztertzen segiduko dozu aurrerantzean? Zer geratzen da aztertzeko?
Lan bat argitaratu izanak ez dau esan gura mundu hori agortua dagoanik. Beti dago zer aztertu, baina hori aztertzaileak berak bere begiz ikusi behar dau. Nik badodaz baladen ganeko hiru-lau artikulu erdi idatzian. Nik ereduak finkatu dodazan ezkero, ereduok beste tradizino batzukaz dituen bateratasunak aztertzeko dagoz. Nire lana, neurri handi batean, euskal baladategiaren oinarriak finkatzea izan da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!