Euskal baladen 'urregorria' azaleratu dau Jabier Kalzakortak
2018-05-15 13:00 Euskerea berbagaiEuskal Baladak argitaratu dau, Labayru Fundazinoagaz alkarlanean.
Urteetako ahalegin isil eta izkutuaren ostean, Jabier Kalzakortaren lan barriak argia ikusi dau, obra beraren parte diran liburuki lodi bitan. Euskal Baladak, azterketa eta edizino kritikoa aurkeztu dau Bilbon, ahozko euskal tradizinoaren erakusgarri nagusietako bat diran baladak ardatz. Orain arte ezagutzen ez ziran kantu, testu eta txatal asko sartu ditu. Hortaz, balio bikotxa dauka argitalpenak: Azterlan zehatza eta gaurkotua egin dau eta pieza ezezagunak lehenengoz erakutsi be bai.
Jabier Kalzakorta ez da, ezelan be, euskerazko baladen gaia jorratu dauen lehenengo autorea. XIX. mendearen hasierako Augustin Xaho eta Jean-Baptiste Arxü lehenengo, eta ostean be makina bat ikerlari ibili dira baladak jaso eta aztertzen. Jabier Kaltzakortak azaldu dauenez, berezko enkantua daukie baladek, eta horregaitik erakarri dabe horrenbeste ikerlariren arretea. Edertasun handikoak izaten dira, bat entzun ezkero harrapaturik geratzen gara betiko.
Entzuteko atseginak ez eze, balio literario handikoak be badira. Tradizino idatzi urria izan dauen herria da euskaldunena eta, hartara, era honetako ahozko piezak dira literatura herrikoiaren adibiderik garrantzitsuena. Euskerazko esaldi eder eta sakonenak baladetan dagoz, azpimarratu dau Kalzakortak, gure urregorria baladen kutxetan dago.
Adolfo Arejita Labayruko zuzendariak gogora ekarri dauenez, baladak belaunaldiz belaunaldi transmitidu dira, baina gaur egun galtzear dagoz. Orain dala 30-40 urte oraindino edadeko jente askok ekizan baladak, Euskal Herriaren sartaldeko eremu honetan berandura arte gorde dira, zehaztu dau.
Bizkaikoak eta Euskal Herri guztikoak datoz Euskal Baladak lanean, euskalki guztietako adibideak sartu ditu Jabier Kalzakortak. Izan be, euskal baladen ondarea aberatsa da: Mila balada eta aldaera inguru, horreetatik 250 lehenengoz argitaratuak, dakarz Kalzakortaren bildumeak. Danetara, 75 balada-gai aztertu ditu 1.500 orrialdeko obra oparoan. Horren lan mardula izanik, liburuki edo tomo bitan banatuta dator.
Baladak sailkatzeko erespideetan be ekarpen handia egin dau Kalzakortak, Labayru Fundazinokoek nabarmendu dabenez. Oinarrizko sailkapena, baina, Antonio Zavalaren lanetatik hartu dau eta zazpi klase nagusi bereiztu: Historikoak; Izen ona; Itzulerea; Amodioa; Ipuinak; Beranduko baladak; eta Erlijinozkoak.
Liburutegiz liburutegi ibili da, lan isilean, Jabier Kalzakorta, obra hau osotu ahal izateko. Derion Labayruk dauen egoitzea izan dau beharleku nagusi. Lau hormaren artean urteetan egindako beharra gizarteratu ahal izango dauela eta, pozik agertu da ikerlari markinarra. Euskal Baladak erreferentziazkoa izango da ikasle, irakasle eta ikerlarientzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!