Euskaraldiaren proba pilotua egingo dabe Getxon
2018-05-10 08:14 Euskerea berbagaiGetxon 24 ordu euskaraz maiatzaren 24an izango da.
Zemendiaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri guztian egingo dan Euskaraldiaren inguruko giroa berotzeko lanean hasi dira hainbat herritan. Getxon, behinik behin, euskerearen aldeko aktibazinorako prest dagoz herritar eta eragileak eta, hortaz, proba pilotua egingo dabe maiatzaren 24an. Euskaraldian hamaika egunez euskeraz berba egitera animauko ditue herritarrak, baina Getxoren kasuan egun bakarrekoa izango da probea.
Getxon euskerea zabaltzen lan egiten daben Egizu eta Bizarra Lepoan alkarteek antolatu dabe ekimena, Getxoko Udalagaz batera. Koldo Iturbe zinegotziak adierazo dauenez, eragileen eta Udalaren arteko alkarlanak ekarri dau Getxon 24 ordu euskaraz antolatu izana.
Getxoztarren arteko ohiko hartu-emonetan euskera gehiago erabilteko ariketea izango da hilaren 24koa. Horretarako, aukeran dagozan hiru roletako bat hartzeko eskatu deutsie herritarrei: Ahobizi, Belarriprest edo Irribizi. Lehenengo biak Euskaraldian be egongo dira: Euskeraz berba egin nahi dabenak dira Ahobizi, eta ondo berba egin ez arren, ulertzeko gauza diranak dira Belarriprest.
Irribizi, ostera, Getxon sortutako figurea da. Euskeraz jakin eta ulertu ez arren, euskerea entzuteaz poztuten diranak izango dira Irribizi. Era horretara, herritar guzti-guztiek parte hartu ahal izango dabe maiatzaren 24ko ariketan, edozein dalarik be euren euskera mailea.
Getxon 24 ordu euskaraz ekimenean parte hartzeko izena emon behar da, hemen. Izena emoteko orduan, hiru roletatik zein hartuko daben be adierazo behar dau bakotxak, jagokon txapea jaso daian. Dagoeneko 175 lagun baino gehiago apuntau dira.
Maiatzaren 24an, baita bezperan be, hainbat jarduera antolatuko ditue Getxon: Erromoko Santa Eugenia plazan eta Algortako San Nikolas plazan berbodromoak ipiniko ditue, besteak beste. Ganera, egun guztian selfiak atera eta bialtzeko aukerea egongo da, eta batutako argazki guztiak ekitaldiaren amaieran proiektauko ditue.
Getxoko hamaikakoa
Euskaraldiaren arduradunek egindako deiari erantzunez, ganera, Getxoko Euskaraldiaren hamaikakoa aukeratu dabe. Euskaraldian Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa hartu daben hamaika getxoztar dira. Hauxe da zerrendea:
Arrate Saitua, irakaslea.
Afrika Bibang abeslaria.
Asier Alda, Musikalia alkarteko koordinatzailea.
Maider Santxo, boleibol jokalaria.
Pedro Larragan, kazetaria.
Victoria Bengoa, biologoa.
Amaia Garces, Ziztu Bizian taldeko begiralea.
Ibon Larrinaga, boxeolaria.
Itxaso Arana, sommelierra.
Deu Txakartegi, musikaria.
Endika Guarrotxena, irakaslea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!