Euskaraldiaren hamaikakoa prest dago

Dabi Piedra 2018-04-19 09:17   Euskerea berbagai

Persona erreferentzialek euren hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa agertu dabe.

Euskaraldiaren hamaikakoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herri guztiko ekimen soziala dan arren, Euskaraldia, funtsean, norbanakoek osotuten dabela adierazo dau Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak. Horregaitik, gizartean, kulturan eta kirolean erreferente diran hamaika lagunek bat egin dabe, bakotxaren konpromisoa agertu eta, era horretara, Euskaraldiaren lehenengo hamaikakoa egiteko. Bilboko Itsas Museoan batu dira hamaika horreek, baita Arrate Illaro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Nafarroako Gobernuko Mikel Arregi eta Topaguneko Iker Martinez de Lagos be.

Hamaikako horretan danetariko perfilak dagoz: Euskaldun peto-petoak, ikasten dabizanak, sarri berba egiten dabenak, gehiago erabili nahi leukienak... bakotxak konpromisoa hartu dau Euskaraldiaren dinamikea aprobetxauta euskerea gehiago erabilteko. Batzuk Ahobizi izango dira, hau da, euskeraz dakien eta ulertzen daben guztiei euskeraz egingo deutsie. Beste batzuk Belarriprest izango dira, berba egiteko nahikoa erraztasunik ez baina euskaldunei ulertzeko ahalegina egingo dabenak.

Honeek dira hamaika lagun horreek: Mikel Arrasate (Karrikaluze alkarteko kidea), Arianne Unamuno (Pil-pilean alkarteko kidea), Zuriñe Gil (Geu alkartekoa), Alex Txikon (alpinistea), Dani Alvarez (kazetaria), Pedro Miguel Etxenike (fisikan doktorea), Toti Martinez de Lezea (idazlea), Eneko Sagardoy (aktorea), La Basu (musikaria), Aretz Igiñiz (errugbi jokalaria), eta Cris Lizarraga (Belako taldeko musikaria).

Eneko Sagardoyk Ahobizi izateko konpromisoa hartu dau. Hizkuntza bakotxa askatasunez bizi ahal izatea sanoa da, adierazo dau. Horregaitik, Ahobizi eta Belarriprest diranen arteko alkar ulertzea txalotu dau. Igaz izandako esperientzia polit bat kontau dau Durangoko aktoreak: Obabakoak berrirakurten nengoala, liburuaren barruan aitaren apunteak topau nituan, ulertzen ez zituan berben erderazko itzulpena zan, aita euskeraz ikasten ebilelako. Konturatu naz aita Belarriprest izan zala bere sasoian.

Cris Lizarragak ez daki euskeraz berbetan, baina ulertzen dau, horregaitik, Belarriprest figureagaz bete-betean identifiketan da. Belako taldean eta beste giro batzuetan euskera asko entzuten dau eta, Belarriprest izanda, ez dau nahi ingurukoek beragaitik hizkuntzea aldatzea: Askotan sentiduten naz deseroso besteak nigaitik erderara pasetan diralako, ze nik ulertzen dot euskerea.

Hortaz, euskerea modu aktiboagoan erabili eta inguruan eragingo dabe hamaikako horretako kideek. Arrate Illarok herritar guztiak animau ditu euren hamaikakoak osotu deiezan, hizkuntza ohiturak aldatzeko pausua nogaz egingo daben aukeratu daien.

 

Orain arteko balantzea

Bilbon egindako agerraldia Euskaraldiaren dinamikea zer moduz doan kontetako be erabili dau Arrate Illarok. Euskerazko hamaika egun izango dira, zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, eta prestakuntza lanak badoaz aurrera. Apirilaren 30era arte luzatu dabe herriek izena emoteko epea, oraindino leku batzuetan aurkezpenak egiten dabiz eta. Norbanakoek aurrerago izango dabe izena emoteko modua.

Oraindino herri gehiagok izena emongo daben arren, dagoeneko esan leiteke Euskaraldia Euskal Herriko zazpi lurraldeetara helduko dala. Lurralde guztietan dago herriren bat apuntauta eta, Illaroren arabera, eskualde gehienetan be oso zabalduta dago. Ganera, entidade handi batzuek izena emon dabela zehaztu dau.

Ilusinoa igarri dogu herrietan, zeozer handia datorrela ikusten dabe, azpimarratu dau Illarok. Euskaraldira begira, hitzordu ugari daukiez begi bistan, hurrengo asteetarako; esate baterako, batzordeen mintegiak laster egingo ditue: Gipuzkoakoa hil honen 25ean, Bizkaikoa maiatzaren 10ean, Nafarroakoa12an eta Ipar Euskal Herrikoa bagilaren 2an (Arabakoa zehaztu barik dago). Udaltop jardunaldietan be, maiatzaren 17an eta 18an, Euskaraldia izango da gai nagusia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu