'Agur' bidea zabaldu dabe Pou anaiek Marokon

Bizkaie! 2018-05-08 09:50   Euskaldunak munduan

Eguraldi txarrari eta nekeari aurre egin behar izan deutsie.

Orain dala aste batzuk Norvegian izotz-eskaladan ibili eta gero, erregistroa aldatu dabe Iker eta Eneko Pou anaiek. Marokoko Atlas mendilerrora joan dira, hatx-eskaladea egiten, eta Agur izeneko bidea zabaldu dabe. Hori bai, bestelako paraje baten egon arren, edur faltarik ez dabe izan, eguraldiak ez deutselako lagundu.

Eskalatzaile arabarrek jakitera emon dabenez, eguraldiaz gan, nekea be traba handia izan da. Abiapuntutik hormearen oinarriraino hiru orduko bidea ibili behar izan dabe, 20 kiloko motxilak lepoan. Eskaladea bera be, estilo librean egina, laguntza artifizial asko barik egin dabe eta, hortaz, indar fisiko eta psikologiko handia beharrezkoa izan da erronkeari aurre egiteko.

Egunero material guztiagaz atzera eta aurrera ibili beharrik ez izateko, gau batzuetan vivac-en bidez egin dabe lo mendian bertan. Behin helburua beteta, soka finkoak eta materiala kentzeko lana be gogorra izan dala autortu dabe Pou anaiek.

Taghia herria, amazigh herriaren bihotzean, izan da Pou anaien etxea hogei egunetan; 2.000 metroko altueran dago herria eta handik abiatu dira Taradrate hormara, 3.000 metrotik gorako mendiek ingururatutako parajera. Agur bidea 2.400 eta 2.800 metro bitartean dago: 40na metro inguruko hamar luze dira.

Agur izena omenaldi legez aukeratu dabe. Edur-jausi baten ondorioz Pirinioetan hildako Borja Ayed gogoan izan dabe Pou anaiek.

Atlas mendilerrora hurreratzen diran beste eskalatzaile batzuek egiteko moduko bidea zabaltzea izan da gasteiztarren asmoa. Bide klasiko bat zabaldu nahi izan dogu, kalidadeagaitik ezaguna izango dana eta jente askok errepetiduko dauena, adierazo dabe.

Pou anaien hurrengo abenturea Lau Elementu proiektuagaz lotuta egongo da, garagarrilean. Halandabe, udagoienean Taradrate hormara barriro joango dirala aurreratu dabe, bide gehiago zabaltzeko asmoz, izan be, inguru horren ikusgarritasunagaz eta kalidadeagaz pozarren bueltau dira, munduan horren ospetsua dan Naranjo de Bulneseko hormakaz konparau dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu