Norvegiako izotzetan ibili dira Pou anaiak

Bizkaie! 2018-04-09 12:02   Euskaldunak munduan

Negu hotzak sortutako hormak eskalau ditue Rjukan eskualdean.

Aurtengo neguko tenperatura hotzek ohikoak ez diran izotzezko hormak sortu ditue Norvegian. Hartara, udako erronkei ekin aurretik, Europa iparraldean ibili dira Iker eta Eneko Pou anaia gasteiztarrak. Euren ohiko erregistrotik aparte ibili dira, katu-oinak eta magnesioa alboratuta. Orain, kranpoiak jantzi behar izan ditue, eta pioletari gogor heldu.

Norvegiako eskalada honen berezitasun nagusia denporeagaz edo iraunkortasunagaz lotuta dago, izan be, igondako horma guztiak hemendik eta aste batzuetara desagertu egingo dira, udabarriko eguzkiak urtuta. Beraz, aurtengo neguan jaio eta hilko diran hormetan ibili dira Pou anaiak; abentura honetan Balear Uharteetako lagunak izan ditue alboan: José Garcia, Joan Riera, Dalila Llanos eta Susana López.

Rjukan eskualdean ibili da taldea eta hainbat izotz-jausi eskalau ditue: Vemorkbrufoss Vest, Sabotorfossen, De Kaller Meg Fjard eta halako izenak ditue. Juvsoila izenekoa nabarmendu dabe, inguruko ederrenetakoa ei da. Izotzean eskaladea egiteko leku parebakoa, paradisua da inguru ha, Pou anaiek dinoenez.

Latitudea guztiz aldatuta, Norvegiako espedizinoa amaitu eta Marokoko Atlas mendietara bidean dira orain Pou anaiak. Hara be, eskalada-bide barriak topetako asmoz doaz. Ganera, udan Lau Elementu proiektuaren hirugarren etapan sartuko dirala aurreratu dabe. Orain arte Perun eta Patagonian egon dira eta han eskuratutako arrakastea errepetiduten ahaleginduko dira bagilaren amaieratik aurrera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu