Aitor Jauregi: 'Errugbia bere lekua hartzen dabil Bilbon'

Dabi Piedra 2018-04-30 08:03   Barriketan

Universitario Bilbao Rugby klubeko presidentea.

Bizkaiko eta, batez be, Bilboko errugbia zorioneko dago. Maiatzaren 11n eta 12an San Mamesen jokatuko dira kluben arteko Europako txapelketa nagusi bietako finalak. Ganera, Universitario Bilbao klubak 50 urte bete ditu. Klubeko presidente Aitor Jauregik dino ilusino handiz dagozala, urian errugbia hazten dabilelako, baina oraindino beharrizan ugari dituela gogoratu dau, esaterako, zelai gehiago.

 

1.- Mende erdia beteta, zein da Universitario Bilbao klubaren egoerea gaur egun?

Momentu ezin hobea biziten gabiz, orain dala 10 urte inork ez eban pentsauko gaur egun biziten
gabizana jazoko zanik.

Talde bakarra izatetik, eskola bat sortu da. Lau urtetik gorako 400 bat personaz osotutako klub
ikaragarria da Universitario Bilbao Rugby (UBR). Hainbat mailatan jokatzen daben hiru talde doguz:
bi gizonezkoenak eta beste bat emakumeena. S18 talde bat eta talde bi S16-an, Euskal Herrian
bakarrak gara kategoria honetan talde bi doguzanak. Eskolan (14 urtetik beherakoentzat) ilusinoz beteriko ia 150 ume eta gazte dagoz. Errugbi barruratzailean (inklusiboan) be bagabiz burubelarri eta orain dala urte bitik talde bat osotzea lortu dogu. Eta zelan ez, beteranoak, oraindino kementsu. Etorkizuna daukagula esan geinke, eta gero, errugbi finalak Bilbon...


2.- Bilbao RC eta Universitario XV 2000. urtean batu ziran; klub birentzako lekurik ez dago Bilboren tamainuko uri baten?

Garai baten sei talde inguru ginan. Baina, gurea lako kirol minoritario batentzat oso gatxa da
holako azpiegiturei eustea eta batzea beste aukerarik ez genduan izan. Orain arte errugbiak gure urian ez dau izan erantzun handiegirik, unibersidade mundutik aparte. Baina apurka-apurka kirol hau bere tokia hartzen dabil eta baleiteke urte gitxi barru beste talde batzuk sortzea. Bestalde, gaur egun Bilbon errugbi zelai bakarra dogu, beraz, ez da izango oso erraza.


3.- Bilbo futbolari oso lotua dago (zale asko, estadio handia...). Errugbia gitxiengo baten kirola izatera kondenauta dago hemen?

Ez dot uste, ez litzateke holan izan behar. Danok ez gara futboltzale amorratuak eta horregaitik gabiz gure kirola urian erakusten. Azken urteotan Bilboko eskola eta ikastetxeetan hainbat saio egin doguz, gazteak kirol honetaz maitemindu daitezan. Udalagaz eta beste instituzinoakaz be hor gabiz, lehen esan dodan legez ezinezkoa da aurrera egitea zelai bakarra badogu urian...


4.- Ipar Euskal Herrian errugbia ze indartsua dan ikusita, hartu-emonik edo lankidetzarik bilatzen dozue hangoakaz?

Harreman estua dogu Iparraldeko hainbat taldegaz. Gure errugbi eskolea sortu zanetik hartu-emon
honeek bilatu eta jorratu doguz eta urtero Ipar Euskal Herrian jokatzen diran hainbat txapelketatan parte hartzen dogu. Bestalde, bertako taldeak be sarritan hurreratu dira gugana. Honen adibidea Bilbao Hiria torneoa dogu, urtero toki ezbardinetako taldeak etorten dira Fangora, ez bakarrik
Iparraldekoak: irlandarrak, estaduko hainbat uri eta herritakoak, italiarrak… Bestalde, gure lehenengo gizonezkoen taldeko entrenatzailea lapurtarra da.


5.- Zeintzuk dira gaur egun zuen klubaren beharrizan eta erronka nagusiak?

Hiru ardatz nagusi doguz momentu honetan: Batetik, finantziazinoa. Bigarrenik, instalazinoak. Daukaguna ez da nahikoa gure beharrak asetzeko. Ez daukagu lekurik guztion entrenamenduak antolatzeko. Bestalde, bedar naturaleko zelai bat izatea ezinbestekoa da maila gorenean egon nahi badogu. Hirugarrenik, entrenatzaile eta begirale moduan prestatzea gure jokalariak. Eskolan gero eta ume gehiago doguz eta gero eta nabarmenagoa da begiraleen beharra.


6.- Emakumeen taldea dozue. Euskal errugbian zelan doa gizonen eta emakumeen arteko bardintasunerako bidea?

Gizarteko beste arloetan jazoten den legetxe, oso astiro, astiroegi gure gustorako. Baina horretan be burubelarri gabiz eta emakume talde seniorra izateak uste dogu gure neska gazteakan ilusinoa biztuteaz ganera, motibazinoa be emoten deutsela. Berrogei emakume inguruk osotzen dabe senior taldea eta euren indarra eta kemena ikusita hurrengo urteak oparoak izango diralakoan gagoz.


7.- Talde inklusiboa be badozue. Zelako jokalariak dabiz hor eta ze lan egiten dozue talde horregaz?

Talde anitza da, zailtasunak dituen personak eta ez dituenak, neskak eta mutilak, helduak eta
gazteak. Astero egun baten entrenau eta hilean behin beste taldeen kontra jokatzen dogu
(Gaztedi, Getxo, Hernani...). Proiektu oso interesgarria da eta horretaz oso harro gagoz.


8.- Maiatzean Europako final handi bi jokatuko dira San Mamesen. Bilboko errugbizaleek zelan bizi dozue hori?

Ilusino handiz, amesetan gagoz. Talde moduan lan ikaragarria egiten gabiz eta Udalak gune bat itxi deusku gure proiektua uriari erakusteko. Seguruenik Euskalduna edo Doña Casilda parkearen inguruan egongo gara maiatzaren 10, 11 eta 12an, hor topau ahal izango gaituzue.


9.- Bizkaian errugbia modan jarteko balio izango dabe finalek?

Ez dakit modan jartea lortuko dogun, baina gitxienez kirol honen barri izango dabe bilbotar eta
bizkaitar askok lehen aldiz. Ilusinoa nabaria da urian eta ez bakarrik errugbizaleen artean. Askok
eta askok erosi ditue euren sarrerak eta kasu askotan euren lehenengo errugbi partidua izango
da.


10.- Azkenaldion Europako futbol taldeak etorri diranean istiluak egon dira Bilbon. Errugbiak milaka zale ekarriko ditu, bestelako portaera bat dago kirol honetako zaleen artean?

Oso kirol ezbardinak dira eta zaleak be bai. Ez da ohikoa istiluak izatea. Haserrea zelaian geratzen
da. Horregaitik esaten dabe errugbia zaldunek jokatzen daben kirol basatia dala. Futbol kulturea eta errugbiaren kulturea guztiz ezbardinak dira eta giro ezin hobea egongo dalakoan gagoz. Danok disfrutauko dogu, seguru.


11.- Bilbotarrei ze aholku emongo zeunskie errugbiaren finalaz bete-betean gozau deien?

Kalera urteteko esango neuskie giroaz gozau eta aukerea izan ezkero San Mamesera joateko. Historikoa izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu