Bilboren eta errugbiaren arteko loturea ikusgai

Dabi Piedra 2018-04-20 12:22   Kulturea

Europako txapelketetako finalen atxakian, Bilbao Universitario klubaren 50 urteko bidea jorratzen dauen erakusketea ipini dabe Euskal Museoan.

Aitor Jauregi, Juan Mari Aburto eta Lorea Bilbao | Ikusi handiago | Argazki originala

Errugbi urtea da 2018a Bilbon, hainbat jazoerak bat egin daben ezkero: Batetik, Europako gizonezkoen taldekako txapelketa nagusi bietako finalak San Mamesen jokatuko dira, maiatzaren 11n eta 12an. Bestetik, uriko ordezkari dan Bilbao Universitario klubak 50 urte bete ditu. Hori guztia oinarri dala, erakusketea ipini dabe Bilboko Euskal Museoan.

Erakusketan, batetik, Bilbok eta Bizkaiak errugbiagaz daben loturea azaltzen da, elementu historikoen bidez: Lehenengo partiduetako erreferentziak, klubak, jokalariak eta gaur egungo egoerea. Bestetik, Bilbao Universitarioren historian arreta berezia jarten da, 1968tik hona egin dauen ibilbide gorabeheratsua zehaztasun handiz agertzeko.

Izan be, futbolaren gerizpean, errugbiaren bidea ez da beti erraza izan Bilbon. Universitarioren historiak erakusten dau hori argi eta garbi: 1968an sortu zan, unibersidadeagaz lotuta, baina laster aldatu eban izena, Bilbao Rugby Club izateko. Bitartean, Universitario XV izeneko beste talde bat be agertu zan. 2000. urtean indarrak batu eta gaur egungo Bilbao Universitario Club sortu eben.

Lehen Mailan egon izan da taldea, atzerriko taldeen kontrako partidu batzuk be jokatu izan ditu, baina orain helburu apalagoakaz dabil. Dana dala, Bilbon errugbia bultzatzen lan handia egiten dau klubak, harrobia lantzen eta kiroltasunaren baloreak zabaltzen. Ganera, danentzat daukaz ateak zabalik: Gizonen eta emakumeen taldeak ez eze talde inklusiboa be badauka, behar bereziak dituenentzat.

Mende erdi bete dogun honetan, Europako finalak Bilbora ekartea opari moduko bat izan da guretzat, adierazo dau Aitor Jauregi Bilbao Universitarioko presidenteak. Erakundeei be eskerrak emon deutsez, Euskal Museoko erakusketea bultzatzeagaitik. Antxinako eta gaur egungo elastikoak, baloiak, partidu zaharren kronikak, egunkari-txatalak eta abar laga ditu klubak erakusketarako.

Bizkaian errugbiaren inguruan egiten dan lana da erakusketearen beste ardatzetako bat. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduaren esanetan, hamar klub dagoz, egunean-egunean beharrean. Herritarrei dei egin deutse errugbiaren biziari eta zaletasunari eusteko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak maiatzeko finalak aitatu ditu, halako hitzordu bat ekarteko egin behar dan lan ikaragarria gogoratuz. Kontuan izan behar da, Europako Kopako eta Challenge Kopako finalak sekula be ez dirala jokatu Sei Nazinoen torneoko lurraldeetatik kanpo (Irlanda, Eskozia, Ingalaterra, Gales, Frantzia eta Italia). Gure gaitasunean, publikoaren eta pribaduaren arteko alkarlanean... konfiantzea izan dabe, azpimarratu dau Aburtok. Lorea Bilbaok ganeratu dau finalek erakutsiko dabela halako ekitaldiak antolatzeko Bilbok daukan gaitasuna eta hemen dagoan errugbi-zaletasuna.

Aburtok, baina, zehaztapen bat egin dau: Milaka lagun etorriko dira gugana, eta hori positiboa da; halandabe, ekitaldi hau bilbotarrentzat be bada, geuk be disfrutau daigula. Errugbia herritarrei hurreratzeko aproposa da, hain zuzen be, Eusal Museoko erakusketea. Maiatzaren 20ra arte egongo da ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu