Getxoko Bentako jardunari hasierea emongo deutsie
2018-04-25 11:13 KultureaMaiatzaren 5ean ate edegiak eta multimedia erakusketea egongo dira.
Bentaranoa alkartea Andra Mariko hamabost bizilagunek osotu eben, Bentaren eraikina kudeatu eta dinamizetako asmoagaz eta taldeak lehenengo jarduerak atondu ditu dagoeneko.
Urtarrilaz geroztik, persona horreek Bentan alkartzen dira, ingurunean eragin positiboko ekintzak programeten eta proiektua zehazten segiduteko, udalaren babesagaz, azaldu dau Amaia Agirre Komunikazino, Herritarren Parte Hartze eta Gardentasun Arloko zinegotziak.
Holan, maiatzaren 5erako, 11:00etatik aurrera, Bentaranoa Alkarteak ate edegien jardunaldia atondu dau, Bentaren iraganaren, orainaren eta geroaren ganeko erakusketa multimedia bategaz batera. Horretaz gan, eraikina barriro zabaltzeak ekarri dauen herritarren parte-hartze prozesuaren garapena azalduko dabe.
Goiz osoan zehar, herri-animazinoa egongo da, baita trikitixea eta txalapartea be. Karpa txiki bat be jarriko dabe, taloa jan ahal izateko.
Alkarteak bere jarduerea hasi dau Getxoko toki enblematiko honetan, eta San Isidroko jaiei begira jarduerak atonduko ditu barriro be.
Bentaranoa Getxoko Udalak bultzatzen dauen parte hartze prozesua da. Prozesu hau 2016ko urrian hasi zan. Entzute faseak iraun eban lau hilebeteetan, 95 lagun baino gehiagok parte hartu eben, baliabide honen erabilereari buruzko 200 proposamenagaz, ekarri dau gogora Agirrek.
Alkarrizketa horreetan parte hartu dabenek Bentan eregi beharreko lekuaz egin dabe berba: balio anitzeko gune bat, integratzailea, belaunaldi artekoa, askotariko buztarketak bilatuko dituana, malgua, jakintza partekatu eta esperientziak alkartrukatzea bermatuko dauena eta auzoko nortasun ezaugarriak jasoko dituana, batez be, euskerearen eta lehen sektoreagazko hartu-emonak; era berean, lekua erakargarria izan behar dala batzarrak egiteko nabarmendu dabe eta pasaleku izateari itxi behar deutsola.
Parte hartze prozesuaren bigarren fasean, Getxoko Udalak espazio publikoak kudeatzeko lau ekimen gonbidatu zituan: Orlandai etxea (Bartzelona), Harinera (Zaragoza), Sarean (Bilbo) eta Astra (Gernika), euren hartu-emon eta funtzionamendu eredua ezagutzeko eta horreezaz berba egiteko, ekonomiari, antolaketeari, programazinari, komunikazinoari eta ingurumenagazko hartu-emonei jagokenez. Topaketa horren ondorioz, herritarrei gonbidapena egin jaken, Benta barriro zabaldukeran inplikauko dan herritar kolektibo bat osotzeko, BentaraNoa Alkartea osotuz dagoeneko hazurmamitu dana.
Ekimena Getxoko Udalaren Gobernu Edegiaren jardunaren barruan kokatzen da. Haren helburu nagusia erakundea herritarrei hurreratzea da, eta herritarren eta udalaren artean lankidetzea sortzea, gure udalerrian bizi-kalidadea eta kudeaketea hobetzeko helburuz, ondorioztatu dau Agirrek
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!