Herritar talde bat sortu da Getxoko Benta barriro zabaltzea bultzatzeko

Bizkaie! 2017-12-22 10:14   Kulturea

Bentaranoa 2016ko urrian abiatu zan; Entzute-fasean 95 lagun baino gehiagok hartu eben parte eta Bentako baliabidea erabilteko 200 proposamen inguru planteau zituen.

Herritar talde bat sortu da Andra Mariko Benta barriro zabaltzea bultzatzeko, Getxoko Udalaren babesagaz. Taldea joandako abenduaren 16an egindako bilerearen ostean jaio da: Persona desbardinez osotutako taldea da, pausu bat aurrera egin dauena eta hainbat ekintza gauzatzeko berbea emon dauena, ekipamendu hau auzo getxotar horretako bizilagunek erraz kudeatu deien, adierazo dau Komunikazino, Herritarren Partaidetza eta Gardentasun Arloko zinegotziak, Amaia Agirrek.

Azken hileotan, Udalak konbita egin deutse herritarrei Benta barriro zabaltzeko inplikau daitezan (auzokideak, bertako historiari lotutako personak, alkarteak, gizarte eta enpresa eragileak...). Esangura horretan, Bentaren geroaren inguruko gai eta jarduerak aztertzeko lan-esparrua adostu ondoren, talde eragile horrek 2018an gauzatu beharreko ekintza nagusiak finkatu zituan, besteak beste, espazioaren gestinoan inplikautako eragile, udala eta herritarren arteko hartu-emonen eredua zehaztea.

Denpora honetan zehar, eta aldez aurretik Udalagaz berbatuta, taldeko lagunak batuko dira proiektua inguruan modu positiboan zehazten jarraitzeko; Talde honek udalbatzaren laguntzinoa izango dau ekintza horreek zehazteko, azpimarratu dau Agirrek.

Prozesu parte-hartzailearen faseei jagokenez, Bentaranoa prozesua 2016ko urrian abiatu zan; Entzute-faseak iraun eban lau hilebeteetan zehar, 95 lagun baino gehiagok hartu eben parte eta Bentako baliabidea erabilteko 200 proposamen inguru planteau zituen, gogoratu dau Agirrek. Prozesuan parte hartu dabenek Bentan eregi beharreko lekuaz egin dabe berba: balio anitzeko gune bat, integratzailea, belaunaldi artekoa, askotariko buztarketak bilatuko dituana, malgua, jakintza partekatu eta esperientziak alkartrukatzea bermatuko dauena eta auzoko nortasun ezaugarriak jasoko dituana, batez be, euskerearen eta lehen sektoreagazko hartu-emonak; era berean, lekua erakargarria izan behar dala batzarrak egiteko nabarmendu dabe eta pasaleku izateari itxi behar deutsola.

Prozesu parte-hartzailearen bigarren fasean, Getxoko Udalak eremu publikoak kudeatzen dituen lau ekimen konbidau zituan: Casa Orlandai (Bartzelona), Harinera (Zaragoza), Sarean (Bilbo) eta Astra (Gernika); helburua zan ekonomia, antolakuntzea, programazinoa, komunikazinoa eta ingurumenagazko hartu-emonen inguruko funtzionamendu-eredua ezagutu eta horretaz berba egitea. Topaketa horrek bide emon eutson herritarrei talde bat osotzeko egiteko konbiteari, Benta barriro zabaltzeko jarrerea tarteko zala; kontuak kontu, taldea sortu barria da eta, duda barik, bide itxaropentsua hasi dau, adierazo dau zinegotziak.

Bentaranoa ekimena Getxoko Udalaren Gobernu Edegian kokatuta dago, instituzinoa herritarrei hurreratzea helburu nagusi dauen ekintzea, eta herritarren eta Udalaren arteko kolaborazinoa sortzea, gure udalerriaren bizi kalidadea eta kudeaketea hobetzeko, nabarmendu dau zinegotziak.

Azken buruan, egin dituen bilera eta dinamika guztiek arrasto edegia ixten jarraituko dabe, bai webgunean bai sare sozialetan, Facebook eta Twitter-en, #BentaraNoa  etiketeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu