Dorota Krajewska: 'Liburu galduek jakinmina biztuten dabe'
2018-04-16 13:54 BarriketanHizkuntzalaria.
Esteve Materrak XVII. mendean idatzitako Doctrina Christiana euskerazko liburuaren edizino kritikoa plazaratu barri dau ikertzaile talde batek, EHUren eta Euskaltzaindiaren babespean. Talde horretako kidea da Dorota Krajewska poloniar euskaldundua. Haren ezagutzea ez eze, ekina be ezinbestekoa izan da proiektu honetan, izan be, liburuaren lehenengo edizinoa, 1617koa, galduta egon da, inork topau ezinda. Krajewskari bilaketarako erespideak aldatzea otu jakon, eta Kopenhageko liburutegian agertu zan ale bat, euskerearen historian altxor txiki bat.
Jatorriz frantsesa zan arren, Sarara etorri zan Esteve Materra Doctrina Christiana idazten. Euskal Herriaren historiako momentu interesgarrienetako baten lekuko izan zan: Erlijino-gatazkek eragindako kontraerreformea bete-betean, Lapurdiko euskera klasikoaren urrezko aroaren hasieran. Materraren lanaren eta edizino kritikoaren inguruko gorabeheren barri emon deusku Dorota Krajewskak. Galdera batzuk erantzuten Eneko Zuloagak be parte hartu dau, hau be edizino kritikoaren egileetako bat.
1.- Esteve Materraren Doctrina Christiana-ren edizino kritikoa aurkeztu barri dozue. Ze eduki batu dozuez liburu horretan?
Liburuaren parte inportanteena dotrinearen edizino bien testua da, 1617an eta 1623an argitaratutakoena, hain zuzen. Bestalde, saiatu gara obrea testuinguru historikoan kokatzen, zergaitik sortu zan azaltzeko, egileaz doguzan barri apurrak batu doguz... Beste atal baten testuaren hizkuntzearen azterketea aurkeztu dogu, egileak erabili eban hizkuntzea zelakoa zan ulertu daiten. Lehen edizinoaren faksimilea be dakar liburuak.
2.- Lehendik ezaguna zan Doctrina Christiana baina zuek 1617ko edizioa berreskuratu dozue. Ze barritasun dakarz lehenengo edizino horrek? Zergaitik da garrantzitsua?
Lehendik bagenkian 1617koa zala lehenbiziko edizinoa, baina ez genduan horren alerik ezagutzen (ez guk, ez aurreko mendeetako euskalariek). Barritasun garrantzitsuena filologoek eukien jakinmina asetzea izan dala esan leiteke, eta euskal testuen historian egoan hutsuneetako bat betetea. Liburu galduek -euskerazkoek eta bestelakoek- biztuten dabe halako jakinmina: zelakoa zan? zer eukan barruan?...
3.- Desbardintasun handiak dagoz edizino baten eta bestearen artean?
Testuaren parte gehiena birziklau zan bigarren edizinoan. Baina aldaketak egon, badagoz. Grafia, esaterako, desbardina da. Paragrafo batzuk kendu edo gehitu ziran. Bestalde, liburuaren egiturea aldatu zan goitik behera eta, ganera, hirugarren parte bat gehitu jakon. Hirugarren atal horretan dagoz, esaterako, marinelei zuzendutako otoitzak. Latinezko otoitz batzuk be erantsi ziran, nahiz eta 1617ko liburua euskera hutsean egoan. 1617ko liburuak gerokoak ez daukazan bitxikeriak daukaz: adibidez, berariaz aitatzen da umeentzat sortutako lana dala; bestalde, garai haretan ezer argitaratzeko hainbat baimen behar ziran, eta liburuaren hasieran sartzen ziran (Materraren kasuan, Axularrek emon eban baimenetako bat). Bada, 1617koan nahiko baimen bitxi bat dago: euskeraz idatzita, baina grafia latinetik hartuta; berba-jolasa dirudi.
4.- 1617koa umeei zuzenduta dago, hortik ze ondorio atera dozue?
Bai, umeentzat idatzi zan liburua. Hori da, hain zuzen, edizino bien arteko beste ezbardintasun bat, bigarrenean ez diralako umeak aitatzen. Datu interesgarria da, esan nahi dauelako garai haretan baegoala hezkuntzeagazko ardurea, eta ganera euskeraz egin nahi zala. Horren inguruko beste datu gitxi batzuk be bageunkazan lehenago, eta 1617ko liburuak uste horreek berretsi ditu.
5.- Esteve Materra Sarara etorri zan doktrina hau idaztera. Autore inportantea zen garai haretan?
Oso gitxi dakigu berari buruz, bere liburuetatik atera geinkena bakarrik: ez zala euskalduna jaiotzez, frailea zala eta beste zehetasun gitxi batzuk. Liburu dezente argitaratu zituan, baina frantsesez. Argitaratutako liburu kopurua eta liburuen ezaugarriak (tratatu mardulak, beste hizkuntza batzuetatik eginiko itzulpenak...) kontuan hartuta bakarrik pentsau leiteke erlijino-literaturan eta frantziskotarren artean behintzat baeukala zelanbaiteko ospea. Materra Sarara egonaldi bat egitera eta dotrina bat idaztera baino gehiago, emoten dau erlijino-autoridade legez deitu ebela, Lapurdira etorri eiten, bere autoridade horrez errubrikau eian (euskal) kontrarreformako dotrinetan lehenengoa.
6.- Halandabe, urtebete eskasean ikasi eban euskeraz, eta liburu bat idatzi. Pentsetan dozue laguntzaileak izan zituala?
Hamar hilabetean ikasi dauela esaten da liburuan datorren baimen baten. Ez dakigu zehatz holan zan, baina badoguz datuak pentsetako Lapurdin denpora askorik ez ebala pasau. Laguntzaileak izan behar zituan, baina ez dakigu nortzuk ziran. Axular horreetako bat izan eitekela esan da. Saiatu gara horren froga garbiak topetan, Materraren, Axularren eta orduko beste egile batzuen hizkuntzea konparauta, baina ez dogu ondorio erabatekorik atera. Halan eta guzti be, nahiz eta oraingoz ezin geinken argi frogatu, ez dirudi oso sinisgarria danik hutsetik abiatuta hamar hilebetean holako lan bat sortzeko kapaz izatea; ez, behintzat, bere kabuz bakarrik, dotrinan agertzen dan euskerea, zuzena, jatorra eta aberatsa izateaz gan, grosso modo hurrengo hamarkadetako idazleen lanetan agertzen dan euskerea dalako. Esan leiteke 1617rako finkatua zala lapurtera klasiko deitu izan dan literatura hizkerea, Ziburuko Etxeberrik bere lanak argitaratu baino hamar urte lehenago, eta Axularren Gero baino 26 urte lehenago.
7.- Zelako euskerea da Doctrina Christiana-koa? Gero Axularrek-eta erabili ebenaren mailakoa da?
Axular oso ospetsua da euskal idazleen artean: Gero-ko hitzaurrea, Etxeberri Sarakoaren lanak eta orduz geroztiko euskalari-tradizinoak lagundu dau Axularren irudia eta lana goratzen, eta are Axularren inguruko mitologia eratzen. Azken hamarkadotan, Axularregaz batera Ziburuko Etxeberriren abilezia literario-linguistikoak be goraipatu izan dira, eta badago bigarren mailan geratu dan idazle gitxi gorabehera garaikideen beste tropel bat; hain zuzen be, tropel horretan kokatu izan da Materra. Hizkuntzearen aldetik, gatxa da maila batzuk eta bestetzuk alderatzea, are gehiago Axular izen hutsak tradizinoan gaindi hartu dauen pisua baztertzea. Bestalde, aintzat hartu behar da Axularren obrea, dakigula, sorkuntza-lana dala, eta horrek bestelako hausnarketak eta prozesuak eragiten dituala. Edozelan be, esandako moduan, Materraren dotrinan agertzen dan euskerea landua da, zuzena, argia, jatorra eta joria. Lapurtera klasikoa finkatuxe egoan 1617-1623 tarte haretarako.
8.- Garai haretako autoreen kopurua eta mailea ikusita, uste dozu hizkuntza entsutetsua zala euskerea XVII. mendeko Lapurdin?
Prestigio kontzeptu hori zehatz definidu beharko litzateke. Uste dogu arazo handi barik onartu leitekela Lapurdiko hizkuntza zabalduena euskerea zala, baina gogoan hartu behar da gaskoia be berba egin dala Baiona-Miarritze-Angelun, Aturrialdean eta kostaldeko herrietan. Beñat Oihartzabalek orain urte batzuk azaldu eban jente xumearentzat bazirala eskola ttipiak, ororen eskolak deitutakoak, eta emoten dau Materraren lanak holakoakaz (be) izan leikela loturea; hau da, jente xehea euskeraz alfabetatzeagaz eta hezteagaz. Besterik da, jakina, Erdi Aroaz geroztik goi-mailako hizkuntza zabalduena latina izatea. Holan ei zan orduan be Lapurdin eta Ipar Euskal Herri osoan, oro har. Kontuan hartu Oihenartek atsotitz eta neurtitzak euskeraz emon zituala, baina historiari buruzko lan mardula latinez egin ebala, eta euskal poesiari buruzkoa frantsesez. Frantsesa neurri baten barria ei da Ipar Euskal Herrian, baina ordurako sartzen hasia zan, batez be jente ikasienaren eta gizarteko goi-mailako geruzen artean. Pixkanaka-pixkanaka hedatzen jarraitu eban, besteak beste euskerearen kaltetan.
9.- Erlijino gatazken barruan, kontraerreformearen ondorioa da Doctrina Christiana. Gatazka horrek bultzatu eban eleizea herriak berba egiten eban hizkuntzea erabiltera?
Holako zeozer esan leiteke: eleizeak, jentea erakarri nahi baeban, ezin eban latina bakarrik erabili eta jenteak ulertzen zituan hizkuntzak erabili behar zituan. Kontuan hartu behar dogu garai haretan euskaldun elebakar asko egozala Lapurdin. Hizkuntza idatzia dala eta, protestanteek Biblia tokiko hizkuntzetara itzultzea beharrezko zala pentsetan eben, jenteak Jainkoaren berbea bitarteko barik irakurri ahal izateko. Aldiz, eleiza katolikoak nahiago eban ez itxi Biblia edozeinen eskuetan, eta katiximak eta otoitz liburuak bakarrik baimentzen zituan. Katolizismo ortodoxoa gizartean luze-zabal hedatzeko, azken txokoraino heltzeko, idatzi ziran, kontrarreformearen gurpilean, Materra, Axular eta abarren lanak.
10.- Danimarkan dago 1617ko alea. Zer sentidu zenduan ha topaukeran?
Hasieran pentsetan neban oker nengoala: liburutegiko fitxa bat topau neban, ez egoan osorik eta gauza pare bat arraro iruditu jakuzan. Katalogazinoa be eskasa zan: ez zan hizkuntzea identifiketan, argitalpen-lekuaz Bordelen aitatzen zan, bere horretan, eta abar. Liburuaren argazkiak jaso arte urduri egon ginan danok. Zorionez, hango bibliotekako langileak eragin handikoak dira eta nahiko azkar bialdu euskuen liburua digitalizauta.
11.- Ze egoeratan topau zenduen liburua? Zelakoa da?
Oso ondo dago, oso ondo konserbau da, ziur asko bizpahiru mendez inor gitxik ikutu dauelako. Ez dirudi hainbeste urte dauenik. Badakigu XVIII. mendean liburuzale frantses baten bibliotekan amaitu ebala, gero Danimarkako konde baten bildumara pasau zan, eta handik Kopenhageko bibliotekara. Ez dakigu noiztik ez eban inork liburua irakurri, hor egoan Kopenhagen lasai-lasai... Ganera, 1623ko edizinoaren ale bakar bat ezagutzen da: Oxforden dago, eta hara jo genduan liburua ikustera. Liburuaren tamainuak emon euskun arreta lehenengoz, ez ditualako 11 zentimetro baino gehiago luzeran. Ha be ondo konserbauta dago, eta zati batzuk errestaurauta ditu (orrialde-ertzak, batez be).
12.- Aziti Bihia alkartekoak ibili zarie edizino kritikoa atontzen. Zer da Aziti Bihia?
Euskal hizkuntzalaritzan eta filologian gabizan ikertzaile batzuek sortutako alkartea da, helburu dauena antzeko aztergaiak dituan jentea batzea, alkarren lanen barri izateko eta, zelanbait, alkarren babesle izateko.
13.- Edizino kritikoa taldean idatzi izanak ze onura ekarri ditu?
Batez be ezagutzak batzea: batek asko daki sintaxiaz, beste batek fonologiaz. Batzuetan aberasgarriagoa da taldean lan egitea, bakarrik baino. Hori bai, erraza ez da izan, ez dogulako ohiturarik taldean ibilteko eta ikasi behar izan genduan lana zelan bideratu. Ikusiko dogu inoz ausartzen garen esperientzia errepetiduten...
14.- Amaitzeko, egunotan aurkeztu dozu euskerearen sintaxiaren bilakaera historikoari buruzko azterlana. Zer ondorio nagusi atera dozuz?
Tesian aztertu nahi neban zelan aldatu dan euskal sintaxia lehenengo testuetatik hona, adibidetzat hainbat egitura hartuta. Adibidez, perpausa erlatiboa eregiteko modu batzuk ikertu dodaz. Gaur egun etorri dan gizona esango geunke, baina ez da euskereak erabili dauen aukera bakarra. Testuetan gizon etorri dana modukoak topau daitekez, edo zein izenordainagaz eregitako perpausak, gaur egun oso txarto ikusiak, baina testu zaharretan oso ohikoak. Oro har, esan leiteke gaur egun aukera gitxiago erabilten dirala era horretako perpausak egiteko aurreko mendeetako euskeran baino. Nire lanaren ondorio orokor bat izan da euskerearen sintaxi diakronikoa egingarria dala, uste tradizionalaren kontra: egia da sintaxiaren bilakabidea aztertzeko testuen corpus aberatsa eta denporan zabala behar dala, baina daukagunagaz be lan egin leiteke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!