Esteve Materraren 1617ko liburuaren edizino kritikoa kalean da
2018-03-27 13:10 Euskerea berbagaiDoctrina Christiana lapurtera klasikoaren eredu zaharrena da.
Euskaltzaindiaren eta EHUren lankidetzearen ondorioz eta hizkuntzalari talde gazte baten ekinari esker, Esteve Materra eleizgizonak 1617an idatzitako Doctrina Christiana liburuaren edizino kritikoa eskuragarri daukie dagoeneko aditu eta zale guztiek. Istorio luzea dago liburu honen atzean, izan be, 1617ko edizinoa galduta egoan, harik eta Dorota Krajewska euskalari poloniarrak Danimarkako liburutegi baten ale bat topau eban arte. Hartara, argitalpen barri honetan, aurkikuntza horren emoitzak agiri dira, eta lehendik ezagutzen ziran edizino barriagoakaz konparazinoa be bai, 1623koagaz batez be.
Bilbon egindako aurkezpenean, Aziti Bihia alkarteko hizkuntzalari gazte bi egon dira, Dorota Krajewska bera eta Ekaitz Santazilia. Materraren lanaren azterlana eurek egin dabe, Eneko Zuloaga, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria eta Urtzi Reguerogaz batera. Aurkezpenean, Euskaltzaindiko Adolfo Arejita eta EHUko Jesus Mari Makazaga be egon dira.
Liburuak hainbat zati ditu. Batetik, Doctrina Christiana-ren 1617ko edizinoaren transkripzino osoa dakar, ohar eta guzti. Bestetik, 1623ko bersinoa be badago, eta bien arteko konparaketea. Hurrengo ataletan, gramatika eta hizkuntza alorreko analisia dakar, baita hiztegitxu bat be. Amaitzeko, 1617ko liburuaren faksimila dago.
Bene-benetan azterketa sakona egin dabe, biribila, azpimarratu dau Adolfo Arejitak, Doctrina Christiana-ren edizino kritikoa aurkezteko emondako azalpenetan. Talde lanak ekarritako emoitza bikaina gogoan hartu dau, horri esker argitalpen zehatzagoa eta eraginkorragoa egin dalako. EHUko Makazagak be alkarlanaren balioa nabarmendu dau, kasu honetan Euskaltzaindiaren eta EHUren artekoa.
Zorioneko aurkikuntza bati zor deutsagu edizino kritiko hau, dino Arejitak, Danimarkan topautako alea gogoan. Baina Dorota Krajewskak ganeratu dau dan-dana ez dala suberte kontua izan. Hizkuntzalari poloniarrak azaldu dauenez, 1617ko aleren baten bila urteetan ibili eta gero, zehetasun baten arretea jarteak ekarri deutse arrakastearen giltza: Autorearen izena Materre legez agertu izan da beti, frantsesez, baina euskerazko aitamen batzuetan Materra agiri zala ikusi eben Krajewskak eta kideek. Bilaketa digitalean Materra sartu eta han agertu jaken inork ezagutzen ez eban ale baten erreferentzia.
Danimarkan, Kopenhage uriburuko Det Kongelinge Bibliotek liburutegian dago Esteve Materraren liburuaren 1617ko alea. Orain arte geroagoko edizinoak baino ez ziran ezagutzen. Bigarren mailako obratzat geunkan, lehenengo edizinoa agertu dan arte, azaldu dau Krajewskak. Ez da obra literario bat, kristinau jokabidearen inguruko dotrinea baino, baina badauka balioa, lapurtera klasikoan idatzitako lehenengo obrea dan ezkero. Hau da, Axularrek eta beste hainbatek erabili eben euskera jasoaren lehenengo adibidea da.
1617ko edizinoa topetako bidea deigarria izan bada, Materrak euskerazko liburu bat argitaratzeko egindakoa be harrigarria da. Kontuan izan behar da Esteve Materra ez zala euskalduna, seguruenez gaskoia zan, eta frantsesez idazten eban. Euskal Herrira, Sarara, heldu zanerako, dotrina ugari idatzita zituan.
Ekaitz Santaziliak liburuaren misterio handienetako bati heldu deutso: Zer dala eta ibili zan euskalduna ez zan eleizgizon bat euskerazko dotrina bat idazten XVII. mendearen hasierako Lapurdin? Santaziliaren eta haren kideen ustez, Materrak entzute handia eukan ordurako Frantzia aldean eta horregaitik egin eutsien berari enkargua. Materrak euskeraz ikasi eban eta dotrinea plazaratu. Seguruenez, lehendik idatzitako baten moldaketea da, baina ez itzulpen zuzena.
Halandabe, Materra Sarara heldu, euskeraz horren bizkor ikasi eta halako euskera jasoan liburu bat idatzi izana susmagarritzat jo dabe edizino kritikoaren egileek. Laguntzaileak edo eskuren bat atzetik izan zituala uste dabe. Liburuko esaldi batzuk irakurrita, ez dabe baztertu Axular bera edo orduko beste idazle batzuk izatea egileak, parte baten behinik behin. Era horretako dotrinetan hori normala zala dino Arejitak. Autore ezagun batek, kasu honetan Materrak, bere izena eta ospea emoten eutsazan argitalpenari, zabalkundea handiagoa izateko, baina benetako idazleak beste batzuk ziran.
Sasoi haretako Lapurdin erlijinoen arteko gatazkea bizi-bizi egoan. Protestanteen indarraren aurrean, katolikoen kotraerreformearen erantzuna izan zan halako dotrinak plazaratzea. Lapurdiko kostaldeko herritarrakana heltzeko, euskerea erabili eban Materrak eta, hortaz, horrek agirian ixten dau, Santaziliaren ustez, baegoala komunidade bat euskeraz irakurteko gauza zana. 1617ko edizinoa, ganera, umeentzat pentsauta dago. Ondorengo edizinoetan, itsas-gizonak izan zituen gogoan.
Kontuak kontu, informazino asko emoten dau Materraren edizino kritikoak, hizkuntzalariek egindako ahaleginari esker. Baina, era berean, zalantzarako ate asko zabalik dagoz, hurrengo ikerketetan baten batek sakondu nahi baleu. Euskerearen aro klasikoko harribitxi bat eskura daukie zaleek, orain dala 400 urteko euskerearen eta gizartearen inguruko zertzeladak ezagutzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!