Garbiñe Ubeda: 'Idazlearen definizinoa gaurkotu behar dogu'
2018-04-03 08:03 BarriketanEuskal Idazleen Alkarteko lehendakaria.
Jasone Osororen lekukoa hartuta, Garbiñe Ubeda da Euskal Idazleen Alkarteko lehendakari barria. Zuzendaritzan ibili da orain arte eta aurrerantzean bera izango da alkartearen burua. Halandabe, erabagiak talde lanean hartuko dituala dino. Lau urterako hartu dau kargua eta badauka zeregina: Lehenik eta behin, idazlearen definizino klasikotik kanpo dagozan sortzaileak erakarri nahi ditu, gaur egun idazlea ez dalako liburuak idazten dituana bakarrik.
Idazlea ez eze, kazetaria eta dizeinatzailea be bada Ubeda. Euskerazko komunikabide askotan lan egin dau. Literatureari jagokonez, 1995ean argitaratu eban lehenengo liburua: Negu Gorriak taldeak Europan egindako birearen kronikea. Mila ezker saiakerea be idatzi eban. Augustin Zubikarai sariari esker, Hobe isilik nobelea plazaratu eban 2013an. Laster gazteentzako liburu bat idazten hastekoa dala kontau deusku.
1.- Zer moduz hartu dozu ardura barria?
Lau urteko bidea izango da eta hilean behin batuko gara, oraindino ez dogu lehenengo batzarra egin. Zuzendaritzako kide guztiok amateurrak gara, ez dogu kobretan, eta gure bizitzeari orduak kenduta lan egiten dogu. Seguruenez laster izango dogu batzarra, zuzendaritza zaharra eta barria alkartu eta hor hasiko gara martxan. Jasone Osoro lehendakari izan dan bitartean, ni neu zuzendaritzako kide izan naz, orduan ez da gauza barri-barria niretzat, barruko gauza batzuk ezagutzen dodaz. Baina lehendakari bakotxa mundu bat da eta nik argi daukat presidentzialismorik ez dodala nahi, erabagiak talde osoak hartzea nahi dot.
2.- Idazle ez eze, kazetaria zara, besteak beste. Zure esperientziatik ze ekarpen egingo deutsazu Idazleen Alkarteari?
Bakotxak bere estilotik dakarz gauzak eta ni ez naz ohiko idazle bat. Egin dot kazetaritzea, nobelea, saiakerea... Niri lardaska dalakoa gustetan jat, berbea ez da polita, baina bai horrek adierazoten dauena. Hibridazinoa, nahastea be gustuko dot: Esaterako kazetaritzearen eta literaturearen artean. Idazlearen definizinoa aldatzen eta gaurkotzen joan behar dogu. Niri askotan pasau jat, zuzendaritzara ekarri nahi dodan bategaz topo egin, proposamena egin eta ezer baino lehen berak erantzuna emotea: Baina ni ez naz idazlea!. Hori entzunda, zelan ez zarela idazlea?, pentsetan dot nik, zer zara ba, txurro saltzailea?. Badago halako bildur bat idazlearen definizinoagaz, perfil oso jakin bati lotzen jako. Baina nire ustez, idazlea idazten dauena da, batzuek nobelak idazten ditue, beste batzuek ipuinak, poesiak... baina gure idazle asko dagoz gidoilari telebistan, komikilari, eretxi artikuluak idazten eta abar. Nire asmoa da jente hori erosoago sentidutea eta eurak be idazle dirala pentsetea. Zuzendaritzako beste kideakaz berba egin aurretik, nik badakardan kezka bat hori da.
3.- Idazleen Alkarteak beste hiru kide barri be izango ditu: Nora Arbelbide, Peru Magdalena eta Ana Galarraga. Euren perfilak ikusita, idazlearen definizino zabal hori aldarrikatzeko aproposak...
Bai, esaterako, Ana Galarragak ez dau literaturea, bere estuan, idatzi. Baina Literaturia antolatzen ibilten da! Eta literaturaz apartekoak idazten ditu. Bada perfil bat oso interesgarria niretzat, ganera bera oso aktiboa da. Nora Arbelbide be aitatzekoa da, danetarikoak idatzi ditu, batez be prentseari lotuak. Ganera, Nora Arbelbidek badauka beste gauza bat, niretzat oso inportantea: Hain zuzen be, nazinotasun ikuspegian lagundu behar deusku, badakigu erakundeetan zelako desorekea dagoan, Iparraldean oso herren gabiz. Horregaitik, badogu jokerea parekatzeko EAE eta Euskal Herri osoa. Ez gara jaubetzen lurralde zabalago baterako lan egiten dogula, edegi egin behar dogu. Idazle euskaldunak ez gagoz Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian bakarrik, eta irakurleak bardin. Nora Arbelbidek inertzia horreen kontra egiten lagundu behar deusku.
4.- Osasunez zer moduz dago Idazleen Alkartea?
Alderdi ekonomikotik, momentu txarragoak pasau ditu, krisiak egurra emon eutsan eta orain hobeto dago. Ez daukagu galerarik. Bestela, nik uste dot kalera gehiago urten behar dauela alkarteak, eta idazleen babesean gehiago agertu. Ez dot esaten egiten ez danik, baina aktiboago hartu behar geunke idazleei babesa emoteko ardurea. Euskal idazle gehienek lan orduetatik kanpo idazten dabe, ez dabe ofizio bihurtzen ez dauelako horretarako emoten. Liburuen edo irakurle kluben lana kobretako arazoak izaten ditue askotan, esaterako batzuk ez diralako autonomo edo ez dakit zer gauza fiskal eskatzen deutsielako.
5.- Hortaz, kontu praktikoetan babes handiagoa emon behar deutse alkarteak idazleei?
Bai, baina alde filosofikoago hori be badago. Idazleari edo euskerearen inguruan lanean dabilenari estatus berezi bat emotea ondo legoke. Idazleek balio sozial bat daukie, autortza hori lortzea da nire amesetako bat.
6.- Hurrengo urteetako erronken artean liburu elektronikoa aitatu izan da sarri, baina aurreikusten zan hazkundea ez da heldu.
Liburu elektronikoak arriskuak zein aukerak emoten deutsuz. Liburuak gero eta bizi laburragoa dau, azken nobedadeak baino ez dira egoten dendetako erakusleihoetan. Hortaz, liburutegi elektroniko zabala eukitea aukera polita da eta heltzen ez zaren lekuetara heltzeko modua be emoten dau. Dakarzan arazoak be ez dira gitxi: Non geratzen diran egile eskubideak... hor txokolate handia dago. Egia da pentsetan zana baino bide laburragoa egin dauela orain arte liburu elektronikoak.
7.- Oraintsu plazaratutako inkesta baten, euskerazko liburuak eta musikea jente gitxik erosten dituela esaten zan. Dana dala, literaturearen munduko persona batzuen eretxiak entzunda, esan leiteke datuak ez zaituela harritu?
Oraindino ez dogu gaia serio jorratu, baina nik neuk be ez neban hau sorpresaz hartu. Baina datu horreek aztertzen hasi baino lehen, galdetu behar dogu ia euskal literatureak ze irisgarritasun daukan, hau da, ikusgai dago irakurlearentzat? Inkesta horrek esaten dauen beste gauza bat da, liburuak merkatalgune handietan erosten dituala jente askok. Zoaz halako gune batera eta han ikusiko dozu erderazko liburu piloa, atalka banatuta. Euskerazko liburuak, ostera, gitxi eta danak nahastauta dagoz. Liburuak gustuen eta gaiaren arabera aukeratzen dira askotan, baina euskerazkoen apalean bardin topetan dozuz Patria zein Eider Rodriguezen Bihotz handiegia, dana plast, motroilo berean. Horrek emoten dauen irudia da, euskal literatura bat eta bakarra dagoala, erregionalismoari lotua, kolore bakoa. Euskal literaturea zelan agertzen dan be aztertu behar litzateke inkestetan, zelan dagoan txokoratua. Guk euskaldunok badoguz arazoak, batzuk ez dagozalako alfabetauta, beste batzuek ez dabe ohiturarik euskeraz irakurteko eta abar, baina ganera gure literaturea bazter baten daukie denda handietan.
8.- Orduan, ikusgaitasuna eta sustapen politikak hobetzean dago urtenbidea?
Bide luzea eta konplikadua ikusten dot. Ikusgaitasun hori emon behar jako, baina gatxa da, gurpil zoroa dalako: Ikusgaitasuna izateko tirada handia behar dozu, tirada handiak egiteko dirua behar dozu... Ez dakit zelan, baina jenteari esan behar jako euskal literaturan abaniko zabala dagoala, ia gai guztiak jorratzen dirala. Askok dinoe ez jakezala euskal idazleak gustetan, baina zelan dakie hori ez badabe irakurten? Aurreretxi asko dagoz.
9.- Kontuak kontu, gazteak dira etorkizuna eta Euskal Idazleen Alkarteak autore barriei lekua egiteko egitasmoari ekin deutso, ezta?
Estatutu aldaketea egin dogu, 16 urtetik gorako gazteak be kide egin ahal izateko. Ganera, 23 urte bete arte kuotearen erdia baino ez dabe pagauko. Garbi dogu erakarri behar doguzala, baina pentsau behar dogu guk zer daukagun gazteei eskaintzeko. Euskal literaturea ezin deutsagu formatu bakarrari lotu, hau da, liburuari. Liburuez aparte, interneten, twitterren eta leku askotan dabil jentea idazten eta horreek geurean integrau behar doguz, liburuaren formatu zurrun hori burutik kendu. Twitterren perla ederrak dagoz euskeraz.
10.- Idazlearen definizinoa zabaltzea beharrezkoa da gaur egungo idazleen perfilera egokitzeko?
Bai, eta ganera, gaztetan, probau egin behar dira gauzak. Nik gogoan dot oso gazteak ginala danok fanzineak egiten hasi ginala zoroen pare. Horrek zabaldu euskun bidea, zurruntasunetik urteteko modua zan. Orain antzeko lekuan gagoz. Formatutik askeago izan behar dogu.
11.- Horrek agirian ixten dau idazle bakotxak bere estiloa daukala, askotarikoa dala euskal literaturea. Horreen guztien topaleku da Idazleen Alkartea?
Idea polita da hori, bai, baina gero gatxa izaten da asmoa betetea. Bakotxa bere munduan edo bere lanean dabil. Baina topagune bat izan behar leuke, alkarri babesa emoteko lekua. Pixkanaka goaz, eskaintzen doguz, esaterako, aholkularitza fiskala eta halakoak. Ba, nire ustez, eskaini behar geunke filosofatzeko leku bat be.
12.- Zuk zeuk, proiektu literariorik badozu esku artean orain?
Eskaini deuste gaztetxuentzako liburu bat idaztea eta horri helduko deutsat seguruenez. Batetik, gogoz nago gauza diferente bat probetako eta, bestetik, uste dot gazteen literatureak merezidu baino prestigio gitxiago daukala eta hori emon behar deutsagula.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!