XI. Blas de Otero Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sarirako deialdia zabalik

Bizkaie! 2018-03-14 10:59   Kulturea

Lanak maiatzaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira.

Gaur, poetea Bilbon jaio zan urteurrenagaz bat eginez, Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazinoak, edozein nazionalidadeko egileei zuzendutako Blas de Otero Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Sariaren hamaikagarren edizinorako lanak aurkezteko epea zabaldu dabe.

Poemak lehendik argitaratu eta saritu bako lanak izan beharko dirala zehaztu dabe antolatzaileek. Gaia, errimea eta neurria, libreak izango dira. Euskeraz eta gaztelaniaz aurkeztu leitekez olerkiak eta hizkuntza bakotxean 5.500 euroko saria egongo da.

Kontuak kontu, 700 eta 1.000 bertso-lerro arteko poemak bialdu behar ditue parte-hartzaileek, maiatzaren 30a baino lehen. Formatu digitalean baino ezin izango dira lanak aurkeztu, Bilboko Udalaren webgunearen bidez.

Blas de Otero-Bilboko Uria Poesia Saria 2008an ipini eban martxan Bilboko Udaleko Kultura Sailak, sorkuntza literarioa bultzatzeko eta Blas de Oteroren figurea herritarrei hurreratzeko, izan be, XX. mendean Bilbo sortutako idazle garrantzitsuenetako bat da Blas de Otero.

Igaz, Rafa Ugalde Iragorri poeta zornotzarrak irabazi eban euskerazko sari nagusia, Hondar aleak lanari esker eta Raquel Ramírez de Arellano idazle madrildarrak gaztelaniazkoa La arquitectura de las colmenas poema liburuagaz.

Bihar, eguena, bestalde, Bilboko poeteari eskainita dagoan egun instituzionalagaz eta mundu osoan martiaren 21ean ospatzen dan Poesiaren Mundu Egunaren ospakizunagaz bat eginez, Bilbaopoesia literatura jaialdiaren beste edizino bat hasiko da Bidebarrietako Liburutegian, arrastiko 19:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu