Martira aurreratu dabe Bilbaopoesia
2018-03-06 08:07 KultureaHarkaitz Cano, Leire Bilbao, Antonio Gamoneda eta abar, hilaren 15etik 23ra.
Fetxa barria estreinauko dau Bilbaopoesiak aurtengo edizinoan, aurrerantzean jaialdia martian egitea dalako Bilboko Udalaren asmoa. Ganerakoan, betiko asmoak dakarz edizino barri honek, hau da, bertoko eta kanpoko poeten lana herritarrei hurreratzea. Bidebarrieta liburutegian izango dira jarduera nagusiak, martiaren 15etik 23ra. Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta Begoña Morán jaialdiko programatzailea arduratu dira aurtengo egitaraua aurkezteaz.
Blas de Oteroren Egunagaz bat egingo dau Bilbaopoesiaren inaugurazinoak, idazle bilbotarra jaio zaneko 102. urteurrenean. Ibilbide luzeko arkitekto eta poeta ezaguna dan Joan Margarit katalana izango da protagonista. 2008ko Poesia Sari Nazionala irabazi eban, Casa de misericordia lanari esker. Katalanez eta gaztelaniaz idazten dau Margaritek eta Bilbon Jon Kortazar adituagaz barriketaldi baten parte hartuko dau.
Hurrengo egunetan be, goi mailako idazle ugarik bisitauko dabe Bidebarrietako liburutegia. Kanpokoen artean, Antonio Gamoneda, Olvido García Valdés eta Juan Carlos Mestre aitatu ditue antolatzaileek. Bertokoen artean, Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Karmelo Iribarren eta José Fernández de la Sota.
Irakurraldiak, barriketaldiak eta poesia musikadua dagoz egitarauan. Ganera, martiaren 17an, zapatua, Pedro Guerra kantautorearen kontzertua antolatu dau Bilbaopoesiak, Ángel González poeta asturiarraren omenez.
Bestetik, Poesiaren Munduko Egunagaz bat, martiaren 21ean, errezitaldi berezia atondu dabe, Héctor Alterio antzezle argentinar beteranoaren eskutik, José Luis Merlin musikariak gitarreagaz lagunduta. Como hace 3000 años izenburudun egitasmoan, Alteriok poema aukeraketa bat (León Feliperenak batez be) interpretauko ditu. Olerkiak era klasikoan errezitatu beharrean, antzeztu egingo ditu Alteriok.
Beste proposamen deigarri bat martiaren 22koa da. Literaturea, musikea, emozinoak… bateratuz izenburupean, Harkaitz Cano eta Rafa Rueda alkartuko dira. Ruedak sei abesti eskainiko ditu, gizakiak dituan lehen mailako sei emozino gogoraratzeko: poza, tristurea, haserrea, bildurra, ezustea eta nazka. Hilaren 23an, Bilbaopoesia zarratzeko, Leire Bilbaok, Ben Clarkek eta Karmelo Iribarrenek errezitaldia egingo dabe, Pello Ramírezek biolontxeloan lagunduta.
Informazino gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!