Alain Concepción: 'Garen modukoak agertu nahi izan dogu diskoan'
2018-03-12 08:02 BarriketanMusikaria eta konpositorea.
Apustu sendoa egin dau Alain Concepción musikari eta konpositore bizkaitarrak bere lan barrian: Aurreko diskoetako talde zabala albo batera itxi eta hirukotean grabau dau Life Songs diskoa. José Gallardo (saxofoia) eta Julio Veiga (pianoa) izan ditu lagun. Grabazinoa be bereza izan zan, zuzenean eta toma bakarrean egin eben eta, Urdulizko Tio Pete estudioan. Barikuan jo eban diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua, Bilbon.
1.- Soul, jazz eta funk estiloak landu dozuz disko barrian. Aurretik egin dozuzan lanakaz alderatuta, aldaketea da hori.
Era horretako eragin batzuk euki zituan nire lehenengo diskoak be, baina egia da ha rockeroagoa zala. Life Songs honetan, pasetan dana da sekzino elektrikoa kendu dogula, pianoa, saxoa eta ahotsa baino ez doguz euki. Hori da aldaketarik handiena.
2.- Erabagi horren zergaitia zein da?
Erre grabau eta gero kontzertuak emoten hasi ginan hainbat lekutan, tabernetan-eta, formazino txikiagaz: Ahotsa eta pianoa bakarrik, adibidez. Gero, geldialdi bat euki neban eta horren osteko lehenengo kontzertua hirukote formatuan izan zan, pianoa, saxoa eta ahotsa. Eta esan genduan, zergaitik ez dogu egingo proiektu bat hirukote formatu honetan? Pixka bat arraroa da, base erritimikorik ez daukagulako, baina gure abestiak badira erritmikoak. Abesti normalak izatea nahi dogu, baina pianoaren, saxoaren eta ahotsaren ekarpena bakarrik erabilita. Formatu horretan abestiak lantzen hasi ginan, hortik sortu zan diskoa.
3.- Diskoaren berezitasun handienetako bat da, zuzenean eta toma bakarrean grabau zenduela. Zelako esperientzia izan zan?
Publikoaren aurrean grabau genduan, ganera. Estudioko grabazinoa izan zan, baina kontzertuan, zuzenean gengozala emoten eban arren, grabazinoa zala sentidu genduan. Esperientzia desbardina izan zan guretzat. Holan egin genduan beharrezkoa zalako, gure ustez. Gu zer garen erakusten dogu era horretara, gure sensazinoak eta egoerea musikearen bidez adierazoten doguz. Hori zuzenean igarten da. Grabazinoan gure pausuak entzuten dira, arnasea... hori guztia magiaren parekoa da. Ganera, nik uste dot postprodukzinoa eta era horretako ikutuak maskaren modukoak dirala, eta guk garen modukoak agertu nahi genduan. Gaur egungo musikan gauza artifizialak entzuten ohitu gara, ez dago oso argi zer dan egia eta zer ez. Gure nahia zan egiazko zeozer erakustea, jenteak persona batzuk ikustea.
4.- Hirukote formatuan lan egiteak asko baldintzatu dau emoitzea?
Beharbada kanpotik ez da ondo ikusten, baina oso gatxa da. Pianisteak baxuaren, bateriaren, gitarrearen lanak be egin behar ditu, banda guztia pianistea da. Beste biok horren ganean ekarpenak egiten doguz gero. Lan handia da, ganera, hiruron arteko koordinazinoa lantzea, hiru kideok persona bakarraren moduan jotea. Grabazinoaren aurretik arazo handiak euki genduzan entseguak ganoraz egiteko, lana zala, familia eta abar. Life Songs-ek, azken finean, gu momentu horretan zelan gagozan erakusten dau; beharbada, beste egun baten grabau bagendun hobeto edo okerrago egongo zan, baina momentu horretan zer ginan erakustea zan asmoa. Horretarako ahalegin handia egin genduan.
5.- Zuei laguntzen, Is It a Crime abestian, Eder Portolés egon zan, ezta?
Abestu egin eban kanta baten, bai. Ezin izan dogu kanta gehiagotan haren laguntzinoa euki, konplikadua zan grabazinoan sartzea. Baina zuzeneko kontzertuetan abesti gehiago kantauko ditu gugaz, eta beste kolaboratzaile batzuk be izango dira oholtzan. Guk atea zabalik ixten dogu jentea sartu daiten eta gauzak partekatu daizan. Hau proiektu bizia da, hori da garrantzitsuena. Bizia eta egiazkoa da, gordinik balego lez.
6.- Gordintasun horren bidez, zelako sensazinoak eragin gura deutsazuz entzuleari?
Bizitzearen inguruko abestiak dira, danok ezagututako sensazinoak agiri dira. Nik egin dodan bakarra da neure barrukoa atera, musikearen bidez adierazo. Orduan, nik gura dot publikoa entzule huts legez etortea, disfrutetea eta hortik zeozer eroaten badau etxera, edo abestiren batek hunkitzen badau, ni konforme.
7.- CD-DVDa eta biniloa atera dozuez. Bien artean aldea dago ezta?
Bai. Egia esan biniloa oraindino ez da heldu, zain gagoz. Biniloan badago abesti bat CDan ez dagoana. DVDan badagoz abesti bi gehiago CDan baino, horreetako bat biniloan be agertzen da. Orduan, DVDan dagoz bederatzi abesti, CDan zazpi, eta biniloan beste zazpi, baina ez berberak. Azken baten, musikearen frikia naz, halako gauzak neuretzat egiten dodaz, gauza desbardinak emoteko edo eskaintzeko gogo hori... Gero bakotxak hartu leike nahi dauena, edo dana. Gaur egun, CD bat, gero binilo bat eta DVDa editetea ez da beharrezkoa, interneten ipini leiteke dana. Baina behin hirurak ateratzen hasita, bakotxean gauza desbardinak egitea pentsau genduan. Nik bilduma asko egin izan dodaz, CDak, biniloak... eta halakoak gustuko dodaz.
8.- Zuzeneko kontzertuetan zelan eutsiko deutsazue diskoaren ezaugarri bereziei?
Diskoan ahalegindu gara, lehen esan dodanez, garen modukoak agertzen, egiazko irudi bat emoten. Zer jazoten da? Ba, kontzertu baten beharbada dana ez dala bardin-bardina izango, egunaren arabera modu baten urten leike, edo beste baten. Gu ez gara beti persona bardinak. Gu orain ez gagoz grabazinoan, beste leku baten gagoz. Ziur esan leiteke kontzertura datorrenak gure esentzia topauko dauela, baina entzungo dauena ez da diskoan entzungo dauena lakoa izango.
9.- Bilbon jo zenduen barikuan, aurkezpen bireari ekiteko. Hurrengo hitzorduak lotuta daukazuez?
Bat bai, Madrilen egongo gara hilaren 22an, Clamores aretoan. Beste kontzertu batzuk egiteko aukerea be badago, baina oraindino ez dogu ezer zarratu. Badakizu, beste estilo batzuetan gauzak gatx egoten badira, pentsau gure alorrean. Baina gure asmoa kontzertu gehiago jotea da, hirukote formatuan eta, beharbada, beste formatu batzuetan be bai, taldekide gehiagogaz. Urtearen amaieran zeozer handia egingo dogula uste dot, baina oraindino lanean gabiz dana antolatzen, ezin dot ezer gehiago aurreratu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!