Soul, jazz eta funk doinuak Alain Concepciónen lan barrian
2018-03-01 11:40 MusikeaHirukote formatuan grabau dau CD-DVDa musikari eta konpositore bizkaitarrak.
Berton egindako jazz eta soula dakar Alain Concepción bizkaitarrak gidatutako hirukoteak. Oso era berezian sortutako diskoa da Life Songs, izan be, publikoaren aurrean eta toma bakarrean grabau eben, Urdulizeko Tio Pete estudioetan. Horregaitik, disko bizia dala dino Concepciónek.
Hirugarren diskoa dau honako hau Alain Concepciónek eta, aurrekoen aldean, aldaketak dakarz. Soul, funk eta jazz doinuetan sakondu dau, Adult Oriented Rock izeneko estiloa albo batera lagata. Ganera, talde handirik ez dau erabili oraingoan, Alain Concepción & The Soul Men hirukoteak baino ez dau grabazinoan parte hartu. José Gallardo (saxofoia) eta Julio Veiga (pianoa) dagoz hirukotean, Concepciónen ahotsaren laguntzaile. Is It a Crime kantan Eder Portolések abestu dau.
Autoreak berak dinoanez, disko barriak norbere barrurako bidaia eskaintzen deutso entzuleari, sentimendu kontraesankorrez betetako bidaia, musika dotore eta biziak lagunduta. Ezelako tranpa bako musikea dala ziurtatu dau, zuzenean eta toma bakarrean grabauta dagoan ezkero. Nire ibilbideko diskorik intimoena eta errealena da, adierazo dau Zornotzan jaiotako musikariak.
Ingelesezko berbak dituen bedertzi abesti dakarz CD-DVDak. Bertan, diskorako berenberegi sortutako piezak eta artista handien bersinoak dagoz. Esate baterako, Marvin Gaye, Stevie Wonder, Donny Hathaway eta beste askoren oihartzunak entzun leitekez. Biniloan hamargarren kanta bat be sartu dabe.
Life Songs aurkezteko lehenengo kontzertua Bilborock aretoan joko dabe Alain Concepción eta kideek, martiaren 9an, 20:00etan. Pianoan, David Juárezek hartuko dau Julio Veigaren lekua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!